Pobreak
Pobreak –
Gure gizarteak kontakizun nagusiak sortzeko garatu duen ahalmenari esker, konbentzitu gara inguruko lurraldeak baino askoz hobeto bizi garela guztiok.

Askotan entzuten da, etsipen kutsu batekin, datozen belaunaldiak beren gurasoenak baino okerrago biziko direla, eta oso litekeena da horrela izatea; baina nik behintzat ez nuen uste kapitalismoak bere potentzia suntsitzailearekin aurrera egingo zuenik maila globalean egiten ari den abiaduran, baita lehen mundu globaleko gure gizarteetan ere.
Eguberrietako hiperkontsumo egun zoroen ondoren, Paris bisitatu dut, egun gutxi batzuetan, eta hango kaleetan pobrezia handia izateak erabat txunditu nau. Nahiz eta munduko zazpigarren herrialde aberatsenaren hiriburua izan, bertako kaleetan nabaritzen den miseria ezin da alde batera utzi. Sena ibaiaren kanaletako clochard-en irudi hura hirian zehar ibiltzen diren adin guztietako gizakien jendetza bilakatu da. Hori horrela bada erdialdeko auzorik turistikoenetan, ez dakit periferian are pobreagoa ez den izango.
Dagoeneko etxean nago, Euskal Herrian pobreziari buruzko datu bila; eta ez dut duela gutxiko analisi sakonik aurkitu. Makrodatuek erakusten duten gauza bakarra da gizartearen %10,5 pobrezia arrisku larrian dagoela, INEren arabera. Parametro soziologiko horien eskala jaisten badugu, horrek esan nahi du kaleetan gurutzatzen ditugun hamar pertsonatik batek ezin duela bizitza duina izan.
Hala ere, gizartean miseria ikusezin bihurtzen espezialista egin gara. Gasteizen, auzo batzuetan baino ez da prekarietate larria nabaritzen, eta, gainera, ghetto arrazializatuak ikustearekin lotzen da; halere, elikagai bankuaren eskatzaileak esponentzialki ari dira igotzen, eta gero eta familia gehiagok biziraupenerako gutxieneko laguntzak behar dituzte.
Gure erakundeetako ordezkarien agenda politikoan, ordea, ez dira ageri ezberdintasun eta eskubide galeraren arazo larri horiek. Ez dakit Frantziako alderdi politikoen artean ere ez ote diren planteatzen horrelako eztabaidak, alegia, inolako etorkizunik ez izatearen zigorra nola kendu milaka herritarren gainetik.
Gure gizarteak kontakizun nagusiak sortzeko garatu duen ahalmenari esker, konbentzitu gara inguruko lurraldeak baino askoz hobeto bizi garela guztiok, eta horrenbestez, zaila da ustez existitzen ez diren arazoei irtenbidea bilatzea. Zaila egiten zait ulertzea aspektu ideologiko guztietan historikoki aldaketa sakonak planteatu dituen herri bat orain anestesia sozial moduko honetan bizitzea. Izan ere, bizi garen sistema ekonomikoan ez du inolako arazorik sortzen pertsonak baztergarriak izateak. Iraganeko mamu gogaikarri gisa gainditu nahi izan dugun klase borrokak erakusten du benetan irabazten dutenak direla aberastasun gehien dutenak.
Jende pobrea masiboki ekarrita, pobrezia areagotzen da.
3. mundua ekarri = 3. mundua jaso.
Ezkerreko eta eskuineko ipuinekin anestesiatuak, benetan existitzen direnean goikoak ete behekoak baino ez dira. Batzuen eta besteen arteko zuloa izugarri handitzen ari da. Horrez gain, pobreak kontrol finantzarioko metodoen eta amarru ekologikoen bidez jatzartzeak harraparien atzaparretatik ihes egiteko inolako aukerarik gabe uzten ditu, eta bien bitartean, harrapariek beren ondaera modu lotsagabean eta legez” kontra aberasten dute. Behekoek era guztietako aberastasuna sortzen dute eta goikoek behekoak esklabo bihurtzen dituzte azken hauen baimenarekin.
Bada garaia behekoak oso serio planteatzeko goikoen bila joatea zenbait kontu argitzera.