Plastilina

Plastilina –

XIX. mende amaieran asmatu zuen plastilina farmazialari batek Alemanian, Munichen, zehazki. Antza denez, industria garai hartan eskultore lagunak zituen, eta buztina arinegi sikatzen zitzaienez, moldeatzeko denbora tarte gutxi zuten eta kezkaz bizi zuten sormen prozesua. Behar artistikoa, beraz, inspirazio iturri bihurtu zitzaion zientzialari bavariarrarari.

Plastilina

Nork ez du jolastu plastilinarekin geroztik, ezta? Eskuak koloreetako material malgu honekin zipriztindu, irudimenari bidea eman, eta norberaren gaitasun artistikoaren araberako emaitzak eraiki eta deseraikitzeko aukera eskaintzen dizu mila eta bat aldiz, gainera.

Gure seme txikiak, iazko urrian, 3 urte egin berri, plastilina deitzen zion Palestinari, bandera etxeko balkoian eskegi genuenean. Palestina entzun, eta berak plastilina ahoskatu. Geroztik, izena hainbestetan entzunda, ederki asko daki esaten eta identifikatzen.

Nagusiak ordea, 7 urte egin baino aste batzuk lehenago, beste gertaera bat bizi izan zuen: berak sarri jolasten duen Pasealekuan Gernika-Palestina deialdi herritarraren 2023ko abenduaren 8an burututako giza mosaikoaren antolakuntzan geunden Mohamed Farajallah-rekin; ondorengo ekitaldian hitza hartu zuen palestinarrarekin. Ekimenaren nondik norakoak helarazten eta Euskal Herrian bizi den komunitate palestinarraren parte-hartzea lantzen genbiltzan.

Bukatzerakoan Mohamedek egun hartan jasotako azken berriak helarazi zizkigun, gordintasunez beteriko eraso eta ondorioekin. Gernikako bonbardaketaren sinbolismoaz gogoetatzen ziharduen, eta bere herria txikitatik suntsitzen ikustearekin hezi izanaz.

Semea testigantza osoa xurgatzen ari zen, adi entzunez. Nigana hurbildu, gerriari lotu, eta bere burua gerturatu zidan, inpaktua sortu izanaren lekuko. Laster ohartu nintzen une hartan Pasealekua -1937ko apirilaren 26ko merkatu plaza zena- ez zela gernikar umeentzako toki 87 urte geroago.

Plastilina

Hilabeteak pasa dira ordutik eta Israelgo estatuak 17.000tik gora ume erail ditu, bata bestearen atzetik. 17.000. Gutxienez. Mohamedek Gernika-Lumoko biztanleria kopuruaz itauntzen zigun abenduan, ordura arteko kopuruaren besteko erailketa pairatzen ari zirela azaltzeko. Orain, horiek, umeak dira. Gernika-Lumoko herriak dituen biztanle adina ume hil dituelako Israelek: eskoletan, ospitaleetan, etxeetan, kaleetan, non-nahi. Eta baita gosez eta egarriz ere.

UNRWAk eguneraturiko azken txostenean (2024ko uztailaren 10eko data du) zera dio: azken 9 hilabeteetan Gazan 50.000 haur jaio dira; sarri baldintza traumatiko, osasungaitz eta oinarrizko zerbitzurik gabe. UNICEFek egunero 400 ume baino gehiago hil edo zaurituak diren estatistika jasoa du Gazan. Save the Children-ek dio 21.000 ume desagertuak daudela Gazan; eta baita ia 900.000 desplazatuak izan direla azken 9 hilabeteetan. OCHAk aldiz, denbora tarte berean, Zisjordanian (Jerusalengo ekialdea barne), 131 haur erail dituztela adierazten du… Datuak, zenbakiak, estatistikak eta zerrendak amaiezinak dira. Plastilina bezala, erabat moldagarriak bilakatuz.

Onartu behar dut oso zaila egiten zaidala komunikabideetan, sare sozialetan, palestinar umeen irudiak ikustea. Inpunitatearen genozidioa streaming bidez bizitzea. Argi eta garbi, haien bizitzak inporta zaizkigulako. Horregatik ere, poztasunez eta esperantzarako leiho bat bezala bizi dugu Euskal Herrian “gure haurrak ere badira” bezalako iniziatibak. Bilbon eta Gasteizen sustatu, eta herri osora zabaldu izan da ikasturte amaieran, eta, datorrenean ere, ekimenak iragarri ditu. Tamalez, beharra egongo delako.

Plastilina

Hezkuntza sindikatu, guraso elkarte, federazio eta ikastetxe ugarik bat egin dute iniziatibarekin, eta sare indartsua aktibatzeko hauspoa bihur daitezke. Plastilina bailitzan, igurtzi eta igurtzi, bira eta bira, ahalik eta luzagarrien eginez, zabalgarrien; forma anizkoitza hartzen duen sustantzia bilakatuz.

Jasanezina da zigor kolektibo honetatik aterako diren haurrak -zeren Israel, ezin izango duzu Palestina herriarekin- zein prozesuetatik pasatzera behartuko dituen hausnartzea. Ondorioen sakonera pentsaezina den bezala.

Hondamendi honen guztiaren hurrengo eguna irudikatzea konplexua, zaila, eta konprometitua da, zoritxarrez palestinarren etorkizuna segundoka zenbatzen delako gaur. Amesteko eskubidea ezin zaigu ukatu eta zinez Israelgo estatuko arduradunak (gobernua eta armada) nazioarteko epaitegien aurrean ikusi, eta Palestinako haurren irribarrea partekatu nahiko genuke, Gazako edozein Pasealekutan, etorkizunera eta esperantzara jolasten.

Hala bedi.

Hariak, gurasoen hariak
Ala beharrarenak
Nor bere gorputzarenak
Hariak, lagun minen hariak
Beaz topatzeko
Modu luzeak
Eta bizitza hariak egokitzen
Hariei kasu egiten
Hariekin korapilatzen

“Hariak” Eñaut Elorrieta

Oharra: Aurreko idazkian aipaturiko A-8 autopistako pertsonaiak “abuztuan ez dugu ixten” afitxa jarri berri du. Norberak bere ondorioak atera ditzala.

Plastilina  Plastilina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude