Pirata Setioa 2020
Pirata Setioa 2020 –
Aurten, egoera zaila bada ere, Donostiako Piratok lanean jarraitzea erabaki dugu, ohiko Aste Nagusiaren alternatiba bat eraikitzeko. Uda berezi honetan, auzolana eta elkar zaintza aldarrikatu nahi ditugu: arduraz jokatuz, eta kontsumo eredutik haratago doan eskaintza antolatuta.
Egoera honetan ez dugu festa giro masiborik bultzatuko, baina ez diogu uko egin nahi izan kaleak gure egiteari, ezta ere herri mailako antolakuntzari eta gure mugimenduaren baloreei.
Aste Nagusiaren ordez, beraz, 2020an Pirata Setioa ospatuko dugu. Abuztuaren 10ean, astelehenarekin, herritarrok bildu eta gure komunitatea zaintzeko aukera izango dugu, betiere segurtasun neurriak errespetatuz. Horrez gain, baina, datorren larunbatean, abuztuaren 8an, manifestazioa egingo dugu hiriko gainerako jai batzordeekin batera, jai herrikoiak aldarrikatu eta defendatzeko. Hitzordua eguerdiko 12:00etan izango da, Gladys Enea parkeko Egiako sarreran.
Zaintza eta babesa ezinbesteko ditugun honetan, hasierako urteetan aterpe izan genuen Trinitate plazara itzuliko gara. Mugimendua 2003an jaio zen, eta 2004an bertan ezarri genuen lehen La Flamenka. Orain, Pirata Setioa baliatu nahi dugu aingurak berriro ere Trinitate plazan botatzeko, gune hori gure egiteko, eta baita hasieratik lagundu diguten horiek omentzeko ere. Hiriko komertzio txikien izenean, abuztuaren 10a mugimenduaren sorreran horren garrantzitsu izan ziren tabernariei eskaini nahi diegu; urte gogor honetan haiek izango dira Matti.
Udalak adierazi zuenean Aste Nagusia bertan behera geldituko zela, Donostiako Piratok salatu genuen ez zuela gure iritzirik entzun nahi izan. Uda honetan zehar harremanetan izan gara haiekin, bai; harreman estua izan dugu: guk behin eta berriz hainbat aukera eta egitarau proposatu, eta haiek behin eta berriz oztopoak jarri. Gunea lortzeko ere lanak izan ditugu; kaia ez digute utzi, eta urtetan guk kudeatu dugun Trinitate plaza haiek erabiliko zutela erabaki zuten; azkenean, egun bakarra lortu dugu guk bertan. Egoeraren larritasuna ulertzen dugunez, udalak ezarritako baldintzak errespetatu ditugu, eta egun bakarreko egitaraua antolatu dugu. Ohikoa izaten dugun eskaintzari buelta bat eman diogu, ekintza dinamikoak alde batera utzita, eta egitarau erabat estatikoa prestatu dugu. Pena handiz murriztu dugu programa, baina badakigu aurtengoan ez litzatekeela arduratsua izango egitarau handiegi bat bultzatzea.
Eta hara non gure sorpresa Abuztua Donostian programa ezagutu genuenean. 20 eguneko egitarau oparoa, txarangak, erraldoiak… Hori ez al da festa giroa bultzatzea? Gogora ekarri nahi genuke Udalak jai batzordeei duela hainbat aste bidalitako eskutitza: “Ez da inolako azpiegiturarik emango bide publikoan jarduerak egiteko; bestalde, jarduera horiek ez dira baimenduko”. Garrantzia kendu nahi diguten arren, gogoratu nahi dugu 2003tik Donostia abordatzen ibili garela, jai herrikoien alde eginez eta jaiak segurtasunez antolatu ditzakegula erakusten.
Oztopoen gainetik, ordea, eta egindako lanari esker, lortu dugu Pirata Setioa antolatzea. Egun bakarreko egitaraua izango dugu, beraz, abuztuaren 10ean. Eguerdian abiatuko da, 12:00etan: haurrentzako ikuskizuna egongo da. Bazkalondoan, 16:30ean, musika emanaldia, eta 19:00etan bertso musikatuak. Azkenik, egunari amaiera emateko, 22:00etan Izan Pirata dokumentala proiektatuko da.
Jakina, ekintza horietan guztietan segurtasun neurriak beteko dira. Beharrezkoa izango da maskara uneoro jantzita eramatea, sarreran gel hidroalkoholikoa jarriko dugu eta eserlekuak aldez aurretik egongo dira antolatuta, segurtasun distantzia mantenduz. Edukiera mugatua izango da; beraz, ikuskizunetarako sarrerak aldez aurretik hartu beharko dira, hemen online edo Pandora, Platero, Zulo Zahar eta Belfast tabernetan. Pertsona bakoitzak, asko jota, bost gonbidapen hartzeko aukera izango du. Gonbidapenak hartzerakoan izen abizenak eta telefono zenbakia eman beharko dira, beharrezkoa balitz, Osakidetzako aztarnariei emateko. Datu horiek guztiak 15 egun igarotzean ezabatuko dira. Sarrerak dohainik izango dira, baina hala ere, egoera berezia denez, “borondatea” emateko aukera izango da.
Argi utzi nahi dugu festa masiboa ekidin nahi dugula, gurea elkar zaintzeko gunea dela eta, beraz, arduraz eta errespetuz jokatu beharra daukagula, egoera honetan bereziki.