Pilotari nafarrak eta 36ko gerra

Pilotari nafarrak eta 36ko gerra –

@dut1977 txiolariak hari arras interesgarria idatzi du, pilota mundua eta Espainiako II. Errepublika hizpide.

Pilotari nafarrak eta 36ko gerra

30eko hamarkadan pilota munduari kontserbadore fama ezarri zitzaion, baina tentuz begiratuz gero, ikusiko dugu ezkerrekoak eta errepublikazaleak ziren protagonista aunitz izan zituela.

Eskupilota kirol garrantzitsuena izan zen historikoki Nafarroan, mendetan barna jokatua. 1840an eraiki zen lehen frontoia Sarasate pasealekuan, Joko Berri, eta Juanito Moyak bertan plazaratu zuen erremontearen diziplina, 1904an. 1909an Euskal-Jai egin aurretik, kokaleku berean erremonte plaza bat zegoen, XIX. mende amaierako argazki honetan ikusten dena.

Pilotari nafarrak eta 36ko gerra

Euskal Jai frontoia Serapio Esparza arkitektuak zuzendu zuen, eta bertatik atera zen historiako erremontalari onenen belaunaldia. 1500 ikusle kabitzen ziren frontoian.

Garai hartan, Abel Sainzek (eskuinetik lehena) 6 urte zituen eta tradizio errepublikanoa zuen familia bateko kidea zen. Familia buruak, Lorenzok, pilotak egiten zituen. Iruñeko Udaleko zinegotzia izan zen, Iruñeko I. Orkestrako parte, eta Pablo Sarasateren laguna zen. Abelen anaia, Juan Sainz, Iruñean hazitako kirol honek sortutako kondairen artean zegoen: “Lehoi nafarra”, Joshe Irigoyen, Berakoa, izengoitia bere aparteko indarrari zor ziona, eta Jesús Abrego trebea , “Arroizko magoa”.

Pilotari nafarrak eta 36ko gerra

Juan Sainz erremontalari profesionala bilakatu eta Argentinara joan zen. Abelek palan jokatu zuen, eta hainbat taldetako partaide izan zen: CD Indarra, Azkarrena eta Lagun artea. Larrainako eta Atarrabiako frontoiak inauguratu zituzten.

Pilotari nafarrak eta 36ko gerra

Abelek Espainiako txapelketa irabazi zuen, eta 1936ko maiatzean Nafarroa ordezkatu zuen Bartzelonako Herri Olinpiadetan (Hitlerren Alemanian ospatzen ari ziren ofizialen aurrean sortutako alternatiba). Taldekideetako bat Luciano Ubiria izan zen, Castillo III, lesakarra.

Toribio Lopez Euskal Jairen jabeetako bat zen. Pilota enpresari honen negozioetako bat zen, oinetakoak ere egiten baitzituen, “El Tigre” zapatak. Pilotan espezializatutako Albisu Perez ikerlariaren arabera, Lopez pilotaren aitapontekoa izan zen. Iturraman bere familiarentzako frontoi bat eraikiarazi zuen, “El Lopez”.

Nafarroako Pilota Federazioak Erriberriko Jesus Monzon hautatu zuen lehendakariorde gisa 1928an. Indarra Klubeko lehendakaria ere bazen, eta buruzagi komunista nafarra bilakatu zen ondoren.

 

1936ko estatu kolpearen ondoren pilotazale ugarik pairatu zuten errepresioa. Toribio Lopez prozesatua eta kondenatua izan zen, eta 25.000 pezetako isuna ordaindu behar izan zuen. Bere semeetako lau atxilotuak eta espetxeratuak izan ziren. Serapio Esparza arkitektua inhabilitatua izan zen. Martin Goñi, industria ingeniaria, Atarrabiako frontoiaren eraikitzailea eta ANVko kidea, atxilotua eta espetxeratua izan zen, eta 75.000 pezetako isuna ordaindu behar izan zuen. Enrique Astiz, erremontalarien abokatua, exekutatua izan zen, eta Monzonm eta Goñik ospa egin behar izan zuten euren atxiloketa ekiditzeko.

Abel Sainz espetxeratua izan zen. Kamioi batean sartu zuten beste 51 lagunekin, eta Valcarderara eraman zituzten 1936ko abuztuaren 23an. Iritsi aurretik sokak soltatu eta kamioitik salto egin zuen, baina ez zuen ihes egiterik lortu. Beste guztiekin batera hil zuten.

Euskal Jai kontzentrazio-esparru bilakatu zuten. Atzeko kalea, Merced, errepresio gehien sufritu zuen kaleetako bat izan zen Iruñean: 17 bizilagun erail zituzten. Euskal Jai, 1994an, eta ia abandonatua zegoenean, Iruñeko Gaztetxe bilakatu zen. Poliziak bortizki hustu zuen 2004ean, eta ondoren eraitsi egin zuten.

Aguiles Cuadra Fronte Popularreko zinegotziak Tuteratik ihes egitea lortu zuen. 1937an beste tuterar batek Sevillan ikusi zuen, pilota partida bat ikusten ari zela. Salatu egin zuen, atxilotu egin zuten, eta Iruñeko zitadelan fusilatu zuten.

Osasunaren Memoria landu duen txiolariak artikulua ere plazaratu du Noticias de Navarran.

Pilotari eta pilotazale hauek ere egia, justizia, oroimena eta erreparazioa merezi dute.

Pilotari nafarrak eta 36ko gerra Pilotari nafarrak eta 36ko gerra