Picassoren Guernica lapurtu dute

Picassoren Guernica lapurtu dute
Guernica Gernikara ekimenak eman du jakitera azken orduko berria:
1937ko apirilaren 26an Euskal Herriaren aurka Gernika erraustu zuen bonbaketaren adierazle nagusia da “Guernica” koadroa. Hogeigarren mendeko sarraski ezagunenetakoa da Gernikakoa. 2000 hildakotik gora eragin zituen eta herri oso bat deuseztu.
Picassoren Guernica lapurtu dute
.
Ekintza militar hori ikuspegi askotatik adibide lotsagarria da. Lehenengo eta behin altxamendu faxistaren arduradunek gezurrez estali zuten bonbaketa. Mundu osoaren aurrean gorriek eta nazionalistek erre zutela saldu zuten. Bai ondo saldu ere! Herri oso baten bonbaketa ezkutatu eta manipulatzea lortu zuten. Gaur egun modan jartzen ari diren “posttruth”-aren adibide nagusietakoa. Eskerrak kazetari ausart batzuk eta Picassoren koadroak ere gezur horretan arrakala txiki bat egitea lortu zuten.
.
Beste alde batetik, 80 urte beranduago, oraindik espainiar estatuak ez du bere ardura onartu. Are gehiago, artxibo militarrak oraindik itxita dauzka. Badaezpada ere, inork egia aurkitu ez dezan. Gaur egun bonbaketa ukatzea ezinezkoa zaien arren alemaniarren eta italiarren ekintza isolatu moduan saldu nahi digute, espainiar estatuak inongo ardurarik izan ez zuela irudikatuz. Gezurraren bigarren bertsioa ari zaizkigu saltzen.
.
Hirugarrenik, Gernikako bonbaketa ez zen ekintza militar isolatua izan. Otxandio, Durango, Dima,… beste herri asko ere bonbakatu zituzten. Ekintza guzti horien gainean gaur eguneko espainiar estatuaren oinarriak jarri nahi izan zituzten. Are gehiago, gaur egun ezagutzen dugun estatu ereduaren ekintza fundazional legez ulertu ditzakegu. Altxamendu faxistaren helburuetako bat horixe baitzen, Euskal Herria desagerraraztea, ahanzturara kondenatzea, eta Espainia berria bere errautsen gainean berreraikitzea.
.
Horregatik guztiagatik lapurtu diote Euskal Herriari “Guernica” koadroa. Gure memoria bahitu nahi dutelako. “Guernica” munduko herri bonbakatu guztien irudi unibertsal baina memoriarik gabea bihurtu nahi dutelako. “Territorios debastados”-en bidez memoriarik gabeko herriak eraikitzen saiatu ziren moduan (Gernika bera tartean) arduradunik gabeko bonbaketen kondena hutsaletara mugatu nahi dute orain.
.
Euskal Herriaren zapalketaren ikurretako bat den “Reina Sofia”-n “Guernica” koadroa izatea herri hau iraintzea da, beraz, “Guernica” Gernikara oihukatzen dugu oraindik. Bonben bidez eraikitako Espainia berri horri bere ardura beregain hartzeko exijitzen diogu (Alemaniak berea egin zuen) eta bere eskuetan daukan informazio guztia ikerlarien esku jartzeko. Bukatzeko, desagerrarazi nahi izan duten Euskal Herriari bere eskubideak aitortzeko exijitzen diogu. Euskal Herria badelako, bagarelako… ASKATASUNA ETA BAKEA. EUSKAL HERRIAK ERABAKI
.
Apirilaren 16an, Aberri Egunean, eta 26an bonbaketaren 80. urteurrenean Gernikan egongo gara koloretako txoria paparrean. Zuri beltzezko espainia berri horren aurrean esperantzaren, etorkizunaren eta herriaren koloreak jantziz.
Picassoren Guernica lapurtu dute Picassoren Guernica lapurtu dute Picassoren Guernica lapurtu dute

Zer duzu buruan “Picassoren Guernica lapurtu dute”-ri buruz

  • Picasok “Guernica” margoztu zuen enkargu bezala, ez badut txarto gogoratzen Pariseko Feria batek eskatuta , beraz beti egon da esku pribatuetan.