Pertsonalismoa Euskal Herrian. Karlos Santamaria
Pertsonalismoa Euskal Herrian. Karlos Santamaria –
Karlos Santamariak dimentsio ugari izan ditu eta bere pertsonaren gaineko aurkezpen bat egitea ez da, egia esatera, horren samurra. Karlos Santamaria asko izan direla esan ohi da sarri, irakaslea izan zen Santamaria, zientzialaria izan zena, bakezalea, pertsonalista, politikaria, euskaltzalea… Dimentsio ugari eta urratutako zenbait jardun eremu. Hasteko eta bat, hezkuntza eta zientzian nagusitu zen; zenbait irakaskuntza-gune sortu zituen, hala nola, Centro de Estudios Científicos (1932an), Centro de Estudios Superiores (1939an, Javier Elosegirekin batera), Escuela Superior Técnica de Empresariales (1956an), Santo Tomas Lizeoa, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen sorreran ere parte hartu zuen. Donostiako metereologia zentroko zuzendari izan zen. Horrekin batera, bakezale amorratu-amorratua izan genuen; bakegintzan zinez lan eskerga egindako pertsona dugu Karlos Santamaria, horren erakusgarri-edo zera dugularik; Pax Christi mugimendu bakezalearen nazioarteko idazkari izan izana, berrogeiko hamarkadan. Politikan ere jardun zuen, Abertzaleetan abertzale izanik, hasiera batean Euzko Alderdi Jeltzalean eta, horren ostean, Eusko Alkartasuna alderdian. Baita euskaltzale gotik beherakoa ere; gaztetan euskaltzaletua, Euskara landu eta erabiltzea giza kultura unibertsala aberastea zela uste eta sinetsi zuen beti. Bere euskalzaletasuna ekimen ugaritan hezurmamitua eta islatua ikusi zen: zenbait eta zenbait euskal aldizkaritan kolaboratu zuen; Jakin aldizkarian parte hartze handia izan zuen; Euskaldunen Egunkaria sortzeko talde eragilean ere ibili zen, ikastolen alde egindako lana ere zinez eskergaitza dugu…
Euskal Herriari eginiko ekapen ezin zabalago horri, oraingo lerro hauek duten muga tarteko, ezin aurre egin. Ezina onartuta, hori beharrean, bere dimentsio bakar bati besteri ez diot kontu egingo oraingo honetan. Eta Santamariaren zein dimentsiori eta bere izaera pertsonalistarenari egin nahi diot kontu interes handi-handiz. Aurrekoetan, Arizmendiarrietaren kooperatibismoa zela-eta, bere pentsamoldean pertsonalismoak, batik bat Martiain-ek eta Mounier-rek ordezkatutako pertsonalismo frantziarrak, eragin handi-handia izan zuela aurreratu nuen. Horren harian, Arizmendiarrietaren gaineko niren azken artikuluak zabaldutako foroko azken parte hartzeetako batean honelatsuko zerbait idatzi zuen iruzkingile batek: “Zer da euskal personalismoa? Patetikoa haiz… inork ulertzen ez duen kategoriekin habil eztabaida honetan erridukuluarena egiten”. Dena delako iruzkingile horri zinez ote zitzaion ulergaitz pertsonalismoaren kategoria, edota noraino ari ote zen agerian jartzen horren gainean zuen erabateko ezjakina, edo besterik gabe, ez ari ote zen pertsonalismoarekiko bere erdeinu ideologikoa erakusten…, ezin jakin. Halere, esandakoaren zergatia hau edo bestea izan, pertsonalismoari arreta eskaintzeko aukera hau besterik gabe pasatzen ez nuen nahi. Eta pertsonalismoak Euskal Herrian izan zuen presentziari kontu egite aldera, zer hobe Euskal Herriko pertsonalistetan pertsonalistena izan genuen Karlos Santamaria bezalako autore batengana jotzea baino. Noan horretara bada…
Santamariak pertsonalista kristautzat zuen bere burua:
“Karlos Santamariak pertsonalista kristautzat zuen bere burua eta, ondorioz, korronte filosofiko horrek eskaini zizkion oinarrietatik begiratu zuen mundua. Orrialde hauen lana ez da pertsonalismoaren azterketarik egitea baina beharrezkoa zaigu hitz gutxitan, erraza ez bada ere, ildo nagusia aipatzea, Karlos Santamariaren pentsamendura gerturatuko bagara. Esan liteke pertsonalistentzat pertsona dela munduaren giltza. Mounierren arabera, zera esaten duen kontzepzio morala da: pertsonak lehentasun osoa eduki behar du exijentzia materialen eta gizartearen ikuspegi materialak inposatzen dituen instituzioen aurrean” (ANDONEGI SANTAMARIA, Xabier, Karlos Santamaria 1909-1997, 8.or.)
Pertsonalismoa XX. mendearen lehen erdialdean hainbat eskola eta korronte filosofiko izendatzeko erabilitako izen generikoa da, pertsonaren balioa nabarmentzen dutenak, XIX. mendetik ustez nagusitzen den alienazioaren aurka, Argien Garaiko arrazionalismoaren eta indibidualismoaren gailentzearen ondorioz. Pertsonalisten aburuz, pertsona izango da beti munduaren giltza. Pertsonak lehentasun osoa eduki behar du exijentzia materialen eta gizartearen ikuspegi materialak inposatzen dituen instituzioen aurrean. Bada, horrelako uste sendotik abiatu zen beti Santamaria. Korronte filosofiko honek Santamariaren pentsakeran izan zuen eraginak bere beste zenbait dimentsiotan izango du bere proekzioa. Aipatu ditudan Santamariaren ezin konta ahala dimentsio horiek guztiek bere pertsonalismoan aurkitu zuten batasun ezin egokiago bat:
“Santamariaren oinarrizko ezaugarri bat ezkuta lezake, hots, Santamariaren bidea koherentziak gidatua dela edo, bestela esanda, Santamaria horiek guztiek Santamaria bakar bat egiten dutela. Izan ere, Santamaria zientzialaria, bakezalea baita; eta bakezalea, Santamaria pertsonalista; eta pertsonalista, Santamaria euskaltzalea; eta euskaltzalea, politikoa” (ANDONEGI SANTAMARIA, Xabier, Karlos Santamaria 1909-1997, 2.or.)
Santamariaren ikusian, pertsona, gizartearen zati bat den indibiduoa, gizabanakoa baino askoz handiagoa da, izaki librea da, bere buruaren guztiz jabea, guztiz transzendentea, eta pentsamendua, zientzia, teknika, ekintza eta abarren kreatzailea. Karlos Santamariak berak horren berri eman zigun, Jakin aldizkarian idatzitako artikulu batean:
“Pertsonalistek indibiduo eta pertsonaren arteko bereizketa oinarrizko bat egiten dute. Indibiduoa, gizartearen zati bat da eta, alde honetatik, gizartearen errealitateak kondizionatuta dago. Pertsona, berriz, ez da gizartearen zati bat, zeharo handiagoa den zerbait baizik: izaki librea, bere buruaren jabea, transzendentea; pentsamendu, zientzia, teknika, ekintza eta abarren kreatzailea” (ANDONEGI SANTAMARIA, Xabier, Karlos Santamaria 1909-1997, 9.or.)
Guztiarekin ere, pertsona ez dagoela definitzerik ondo baino hobeto zekien Santamariak. Horretan ere zetzan pertsonalismoa. Oinarri bat, norantza indartsu bat eskaintzen du pertsonalismoak; alabaina, ikuskera zabala zen berea, beti zabal-zabalik jarduten zuena, eta beti errealitatearen eta jendartearen konplexutasunaren jakintuna. Pertsonalismoak, hortaz, ez zuen bere diskurtsoa formula jakin, zehatz, eta behin betikoetara bildu:
“Edonola ere, Santamariak berak errepikatzen du J. Lacroixekin pertsonalismoa ez dela ideologia edo filosofia, inspirazio bat baizik. Eta, adiera hertsi horretan, doktrina-sistemarekin elkarrezina. Pertsona ez dago definitzerik, eta pertsonalismoa ez dago formula jakin batzuetan biltzerik. Beraz, pertsonalismoaren maisuek inspirazio horretan lagundu ahal izango ligukete, hoberenean ere; inoiz ez ideiak eta tesiak egosi eta gertu irakatsi” (AZURMENDI, Joxe, Karlos Santamariaren pentsamendua, 24. or.)
Pertsona zehatz-mehazki inondik definitzerik ez zegoela ondo jakinda ere, ezin dudatuzko oinarri batzuk hartzen zituen beregain pertsonalismoak. Honako hauxe zen horietariko nagusi bat: Gizakiak, pertsona gisa, beren gorputzaren nagusiak dira, inguru sozial zein materialaren gainetik:
“Indibiduo gisa, gure baldintza geografiko, genetiko, sozialen ekoizpenak eta menpekoak gara. Pertsona gisa, aldiz, geure gorputzaren nagusiak gara, inguru sozial zein materialaren gain. Pertsona gisa, ez gaude materiaren menpe” (AZURMENDI, Joxe, Karlos Santamariaren pentsamendua, 113. or.)
Karlos Santamariaren ikusian, gizakiak errealitatean duen errotzea filosofia pertsonalistak azaltzen du egokienik. Euskal Herrian, euskal kulturaren galera eta euskararen galera zirela-eta, gizartean ematen ari zen “des-errotze” geldiezinak asko kezkatu zuen Santamaria eta, hori horrela, pertsonalismoak luzatzen zuen errotze alderako teoriari oso erakargarri iritzi zion:
“Kontzeptu horrek Karlos Santamariaren baitan ez du konnotazio etnozentrikorik eta nazionalistarik. Haren filosofia pertsonalistan kokatzen da egokien «enracinement» delako hori, erdiz erdi integratu ere. 1960ko hamarkadaren erdi aldera arazo horrek asko kezkatzen zuen Karlos Santamaria. Antza denez, urte horietan deserrotzearen joera indarra hartzen ari ziren Euskal Herrian” (TORREALDAI, Joan Mari, 1. or)
Gizakiak lur batean, herri batean, barnatu behar ditu betiere bere sustraiak, etsimen gorriara lerratu ez dadin. Gizakia egiazko gizakia izateko, «erroduna» izan behar da beti:
“Neretako, gizona, egiazko gizona izateko, «erroduna» izan behar da, alegia, zuaitz ta landare guztiak bezela, lur batean, erri batean, sartu bear ditu bere sustraiak, etsimen gorrian erori ez dadin… Karlos Santamariarentzat, garbi esan beharra dago, euskal kultura ez da kultura orokorraren zatitxo bat, bazter-bazterreko fenomeno bat, adierazpide bakartu eta berezia, baizik eta kultura orokorraren bizimoldea, kultura unibertsalaren interpretazioa. Behin eta berriz azpimarratzen du harreman hori. Harreman hori ez da dikotomikoki ulertu behar. Kultura unibertsalaren eta euskaldunaren artean ez dago oposiziorik (handi/txiki, unibertsal/partikular, kanpoko/bertako), baizik eta harreman dialektikoa” (TORREALDAI, Joan Mari, 2. or)
Santamariaren ikusian, euskalduna krisian zegoen, baina, besteetan beste, gizakia krisi larrian zegoelako, krisi modernoaren eraginez, teknika espirituari gailendu zaiolako:
“Galerna apokaliptiko baten giroa nozitu da garai honetan, nahasiago ezina, «ismo» askoren gerra askorekin batera: liberalismoa, faxismoa, marxismoa, existentzialismoa, eta «guztion guztiei gerra»n, kristautasuna ere guztiekin gerran, gerra galdu duen Euskal Herrian bihurdura bihurriki bihurdikatu partikularrez, moral edo pertsonalki nahiz doktrinalki, truke zibil, politiko eta ekonomiko-soziala erlijio-gerra tankeran egiten denean, baina konfesio beraren barruan, galtzaileak ez baitira izaten armak soilik, batez ere kontzientziak baizik. Halere, krisia, Euskal Herriaz gain, Europa osokoa izan da. Pentsamendu guztikoa. «Eskuineko iraultzak» nahi zuena kriminala zen marxismoarentzat; komunismoa kriminala demokratentzat, etab.; «Mendebaleko kultura» esaten zitzaion horretatik, bazirudien ez zela tesi bat bakarra tente geratzen, guztiek onartzeko eran. Krisia, egiazki zenbaterainokoa izan den orain alde batera utzita, zeharokotzat bizitu da eta arras nabarmen sentitu du mundu guztiak. Santamariaren analisian, krisi modernoa, itxuraz ideologien gatazka bezala zirimolatsu ageri dena, funtsean da teknika espirituari gainditu zaiola, soil-soil: beraz, krisiaren azken erroa ez dago ideologien oposizioan eta borrokan, baizik teknologia berriak gizakiari eskatzen dizkion berrikuntzetan, bere barrura zein kanpora begira. Pertsonak ez dauka bere burua berrikasi eta berrirabazi beste abiapuntu posiblerik, gainditu duen mundu teknologiko honetan berriro nagusitzeko, libre izateko: pertsonagandik abiatzen dira bide guztiak historian. Orain, beraz, pertsonaren berregintzan dago mundu berriaren itxaropen bakarra” (AZURMENDI, Joxe, Karlos Santamariaren pentsamendua, 2. or.)
Beltz zekusan panorama honen aurrean, Santamariak, bere pentsakera pertsonalistaren ondorioz, iraultza kulturalaren alde egingo zuen:
“Karlos Santamariaren pentsaera pertsonalistaren ondorio zuzen-zuzena da iraultza kulturalaren kontzepzio hori. Zein da iraultza horren etsaia? Makina, teknika, zientzia, gizartearen mekanizazioa. Mentalitate teknikoak zibilizazioari gero eta kutsu antihumanistagoa ezartzen baitio. Pentsaera-mailan, bestalde, positibismo zientifikoak «gizona» kontzeptu gisa sasi-kontzeptutzat hartzen du. Gizonaren heriotzaren testuinguru kritikoan gaude, Karlos Santamariaren esanetan. Nora jo behar du iraultzak? Gizonaren alde, gizona baita historiaren subjektua. Eta gizonaren alde jotzea, erroen bila joatea da, herrien kulturan bilatu behar baita kulturaren sapa” (TORREALDAI, Joan Mari, 10. or).
Garai hartan, Euskal Herriko sektore asko eta askotan indartsu eta gorantz zebilen marxismoaren gainean ezin argiagoa izango da bere kritika. Askapen ez benetazkotzat jotzen zituen marxismoaren agintzariak, pertsona zeharo abandonatua uzten zutena, guztiz abstrakziora eramandako kolektibitate agregatu baten mesedetan:
“Jada Mounierrek marxismoari egozten zion «gizakiaren barne-bizitza pertsonalaren errealitatea ez ezagutu izanaren» hutsune esentziala, alegia, gizaki kolektiboarekiko baikortasuna, gizabanakoarekiko ezkortasun erradikal batekin kontrastean. Horixe da Santamariak ere marxismoan salatuko duen hutsunea (ikusiko dugun moduan zehaztua), pertsonalista guztiena funtsean, hots, gizaki kolektiboaren eta gizaki banakoaren arteko etena, banakoaren abandonuarekin, finean. Handik hara, marxismoak ekar lezakeen gizakiaren askatzea ez dela izango gizabanakoaren askatzea, gizaki kolektiboarena baizik (Maritain); marxismoak, finean, —«Historia fisika bihurtzen da» eta— iraultzaren kontzeptua bera ezeztatu egiten duela (É. Borne),… Santamariak azaltzen duen salaketak edo kezkak sentiberatasun —arrazoiz— irritu bati erantzuten dio nazismoaren eta estalinismoaren esperientzien ondoren: Marxen testu batzuen arabera,.. gizaki kolektiboaren hazkuntzak eta gizabanakoaren hazkuntzak bat egingo dute, azken finean. Baina, oraingoz behintzat, bizi garen gizarte alienatu honetan, bigarrena —gizabanakoa, indibiduoa alegia— sakrifikatu beharra dago gizaki kolektiboaren alde” (AZURMENDI, Joxe, Karlos Santamariaren pentsamendua, 116. or.)
Honaino, momentuz, lerro hauetan Santamaria eta Euskal Herrira ekarri zigun pertsonalismoaz esan behar nuena. Ikusi dugu argi zeinen sakon eta aberastasun irrikaz ibil zen pertsonalismoan barna Santamaria, sakondu eta sakondu, orduko hartan gure herriak bizi zituen poblematika larri zenbaiti soluziobide bat aurkitu nahian, izan des-euskalduntzea, izan errogabetzea, teknifikazioaren alienazioa, marxismoak ekar zitzakeen gizakiarentzako galerak, bortxa…
Igor Goitia
Pertsonalismoa Euskal Herrian. Karlos Santamaria
Kaixo Igor eta eskerrik asko artikulu hunengatik.
Ez dakit nun ikusi dutan baina iduritzen zait behin Santamariak Arizmendiarrietari leporatu ziola beti langile edo kooperatibista abstraktuaz hitz egitea eta ez eukaldun langileaz.
Zerbait ba ote dakizu polemika horretaz?
Bestetik, Azurmendik dioenez, Santamariak mirespen handia zeukan Simone Weili buruz. Behin ikasleei erran zien bere konbikzio sakon batzuk harengandik zeuzkala.
Alta SW ezzen ados Maritain-en pertsonaren kontzepzioarekin. Londreseko idatzietan bada testu bat “La personne et le sacré” desadostasun hori azaltzen duena.
Errealitatea ez ezik filosofia ere konplexua da eta biak berdin pasionanteak.
Adeitasunez
Mila-mila esker zure iruzkinagatik. Oso zehaztapen interesgarriak egin dizuzunak.
Azurmendik jasota, Santamariak Arizmendiarrietari leporatzen dion horretaz nik ez dakit ezer. Baina baliteke hala gertatu izana, baina niri ezagutza falata zait. Halere, oso litekeena da…
Bestetik, Simone Weilek Santamariarengan izandako eraginaz…argia da, asko aipatzen du berau eta nire goiko artikuala apiatzen den des-errotzegatiko kezka horrekin dago estuki loturik.
Karlos Santamariaren idatzietan Simone Weil-en izena maiz agertzen da. Batez ere, L’Enracinement (Erroztapena) haren liburua. Santamariak aitortzen du liburu horri zor dizkiola bere konbikzio intimoenetako batzuk.
Santamariak miresten duen Simone Weil idazle frantsesari “enracinement” (“erroztapena”) kontzeptua hartu zion. Karlos Santamariarentzat, “enracinement” kontzeptua giltzarria da bere giza konpromiso linguistikoa eta kulturala ulertu nahi izanez gero.
Santamaria behin eta berriro itzultzen da autore horrengana. Zeruko Argia-ko “Dizdira” batean Simone Weilen L’Enracinement izeneko liburua berriro irakurtzeko asmoa zuela adierazi batean. Izan ere, Simone Weilek obra horrenta dio gaurko gizonak erroztapena duela premiarik nagusiena. Eta hori,nahiz-eta nik ez luzatzearren ez nuen aipatu, artikulu horretan aipatzen dudan euskaldunen des-errotzeagatiko kezkarekin dago lotua.
Kapitalismoa zein komunismoa, biak dira Santamariarentzat arbuiagarriak hastapenetik. Santamariak Simone Weil aipatuz gogoratzen duenez, beharrok ez dira fisikoak bakarrik, eta argi dio beharizan espiritualek .garrantzi handia dutela azpaimarratu zuen beti.
GAUZATXO BAT: zure itzulpen liburua erosi nuen aspaldi (Simone Weil-en “Askatasunaren erroak”). Oso lan polita egin zenuena. Asko-asko gozatu dut liburu horrekin. Aurrez wordera pasa nituen atalez atal zure itzulpenak…baina gero asko estimatu dut zure liburua.Izugarri lan ona egin duzu eta asko gustatu zait zure euskarra, oso aberasgarria izan zaidana.
Mila-mila esker! Ondo izan!
Carlos Santamaria ez zen bakezalea izan, Espainiako gerra zibilean armada Frankistan boluntario ibili zen eta brigada kargura Iritsi zen. Igeldoko observatorioko zuzendaritza lortu zuen, frankistek aurreko arduraduna kargutik kendu zutelako.
Hori bai pertsona lista izatea.
Plazer egiten didazu Igor, baina egiari zor, zorigaitzez ez nintzen kalifikatuena lan hori egiteko, ez filosofia mailan ezta hizkuntza mailan. Baina, konbentzitua nengoen testu horren interesaz euskaldunentzat, batez ere gazteentzat eta neure artean pentsatu nuen: ez banaiz ausartzen nitarik aparte nork eginen du? SW ez da batere modan.
Ondoko filotxoko batean badugu gai interesgarri bat: XXI. mendean zer da erroztatua izaitea? ongi da ala gaizki?
Adeitasunez
Indibiduoa eta pertsona? Naturaleza dibinoa eta humanoa, biak subjektu beraren baitan baina bereizirik eta nahasi gabe?
Ea, duda hau ebatz dezakegun: Igeldoko Meteorologia Behatokiko zuzendaritza, “gorri” errepresaliatu bati kendutako lanbidea, Karlos Santamariak jubilatu arte eduki zuena, eta gainera konkurtsorik gabe eskuratutakoa, akaso hura bere “indibiduo” fazetari zor ote zaio, eta, aldiz, 60ko urteetan, erregimen franquistarekiko bere kontaktuen bitartez ikastolei, Zeruko Argiari eta Jakin aldizkariari lagundu izana “pertsona” fazetari dagokiona ote da? https://ahaztuak1936-1977.blogspot.com/2014/09/carlos-santamaria-juan-y-maite-landin.html
Iruñerriko Urmeneta familia etorri zait burura, klase horretako jende paradoxiko, poliedrikoa eduki izan baitugu gure herrian.