Pello Otxandiano independentziaren aurka?
Pello Otxandiano independentziaren aurka? –
Egun hauetan behin baino gehiagotan irakurri ditut Pello Otxandianoren independentziaren aldeko apustua zalantzatan jartzen duten mezuak. ETB1ean hauteskunde hauetarako zerrendaburu gehienek egin zuten eztabaidan, bere hitzekin zalantzak transmititu zituela dirudi. PSE-EEko ordezkariak ea independentzia nahi zuen zuzen-zuzen galdetu zionean, Otxandianok Madrilekin harreman konfederatuen aldeko planteamendua defenditu izanak piztu ditu nonbait zalantza horiek. Hainbat kritikoren kasuan ez dira zalantzak, independentziari uko egin izanaren akusazioa egiten baitiote bete-betean.
Nik eztabaida osoa jarraitu nuen. Lehen eskutik izan nahi nuen hautagai bakoitzaren hitzaldiaren informazioa, inoren bahetik igaro gabe. Eta oker ez banago, independentzia hitza PSE-EEren hautagaiak bakarrik aipatu zuela esanen nuke. Gainerako guztiek hitz hori nahita saihestu zutela iruditu zitzaidan. PPkoak ere ez zuen amarru horretara jo kontraesanak bilatzeko asmoz. Andueza bakar-bakarrik geratu zen independentzia hitza erabiltzeko orduan.
Otxandiano oso seguru agertu zen denbora osoan. Tonu orekatuan eta hitz neurtuak erabiliz, oso mezu argiak transmititu zituen denbora osoan. Ez zirudien hasi berria erronka hauetan. Alderantziz, oholtza horretan ordu asko eman izanaren itxura eskaini zuen. Honekin guztiarekin bere mezu guztiak oso ongi pentsatuta eraman zituela esan nahi dut eta ez ziola inprobisazioari tarterik utzi. Eta Anduezak independentziaren gaia orratz gisa sartu nahi izan zionean, oso dotore eta txukun saihestu zuen amarrua, zezen bihurriei errekortari onenek egiten duten moduan.
Anduezak eztabaida osoan estilo zakarra erabili zuen. Harro, probokatzaile, maila politiko eskasa erakutsiz. Ez zuen lehendakari izateko gaitasunik erakutsi. Ez eta Legebiltzarreko talde parlamentario baten bozemale izateko ere. Otxandianok maila handiagoko aurkaria behar duela erakutsi zuen.
Non egon zen Anduezaren akatsa? Nire ustez, lekuz kanpoko gaia ukitzean. Aspalditxo, garbi geratu da hauteskunde hauetara alderdiak herritarren eguneroko arazoei ekiteko hitzaldiarekin etorri direla. Alegia, epe motzean Jaurlaritzaren politikan egin beharreko aldaketen inguruan proposamen zehatzak egitera. Arlo publikoak jaso zuen denen lehentasuna, osasungintza eta hezkuntzaren arloetan nagusiki. Eta Anduezak, modu petralean, herri honen irtenbidearen atala proposatu zionean, Otxandianok maisuki erantzun zion herri bezala erantzun behar dela eta Madrilera proposamen bateratu bat eramatera joan. Eta proposamenaren oinarria azaldu zion: bere burua subiranotzat jotzen duen herri bezala joan Madrilera, Estatuarekin etorkizuna negoziatzera. Bi estatu subirano gisa, harreman konfederatuak jostera.
Puntu honetara iritsita, liburu oso bat idazteko gaia dugu aurrean. Baina esan dezagun, motz-motz, Euskal Herriarentzat planteatzen duen helburu taktiko bat azaldu ziola Otxandianok, helburu estrategikoa aurreragorako utzita. Hau da, epe luzeagorako helburua den independentzia lortzeko, aurretik epe motz-ertainean subiranotasun maila partekatua lortu behar da Madrilekin hitzartuta. Beste hitzekin esanda, subiranotasunaren zati bat eskuratuko genuke, beste zati bat oraingoz Madrilen esku utzita. Orain autonomi-estatutuarekin badugu subiranotasun maila bat, baina eskas geratzen da herritar gehienen gogorako. Eskuduntzen maila handiagoa negoziatzera joateko planteamendua jarri zion Otxandianok Anduezari, eta beste guztiei ere noski, Pradalesi bereziki. Hau helburu taktiko bat da. Epe motz-ertainean eman nahi dena. Aurrerago etorriko da independentziaren aldeko urratsak ematea.
Eragile politiko batek, norbanakoa izan edo kolektiboa, lan serioa egin nahi badu planifikatu egin behar du bere lana. Eta lehen urratsa helburuak zehaztea da, epe luzerako eta motzerako helburuak. Ezin da ero-eroan lan politikoa egitera joan, aurrez analisi zorrotza egin gabe. Gaur egun garbi dago ezin litekeela zuzenean independentziaren bila joan erreferendum bat bakarrik eginda. Madrilen ate hori itxita dago eta ez dugu atea zulatzeko nahiko indar. Egunen batean urrats hori eman ahal izateko, baldintzak hobetu egin behar dira.
Edozein modutan, gaur euskaldunok dugun galdera nagusia hau dela esanen nuke: erreferendum bat egitea aski al da independentzia lortzeko? Bere 39. Kongresuan PSOEk Estatu hau plurinazionala dela onartzean ate bat zabaldu zuen, aurten Pedro Sánchezek presidente kargua lortzeko aireztatu duena. Jarrera zuzena iruditzen zait euskaldunok bide hori jorra dezagun noraino irits gaitezkeen ikusteko. Aurrerago etorriko da bide antzua izan den ala emankorra baloratzeko ordua. Orain erronka interesgarria eta landu beharrekoa iruditzen zait. Eta Otxandianorena ere hauxe dela uste dut.
Herri honen independentzia premiazkoa da. Eta horrexegatik alderdi abertzaleak gaurtik jarri beharko lirateke independentziarako baldintzak ezartzeko. Independentziak eguneroko guztiari eragingo lioke eta ez dut ulertzen zergaitik albora utzi behako genuke eztabaida hau une honetan. Independentzia ez zatekeen epe luzerako helburua izan behar. Horretarako ez dugu ez EAJ ezta EH Bildu behar. Independentistok umesurtz gaude. Bai hauteskunde triste hauek !!! Baina EAJ eta EH Bildutik kanpo ez dago beste aukerarik.
Independentziaren aldeko borrokan murgiltzeko Ezker Abertzalea prest dagoela esanen nuke. Baina beste sektore sozialak ez. Eta honela ezin liteke Estatuarekin berriz ere konfrontaziora joan. Gehiengo soziala ez dut Estatuak eraginen ligukeen errepresio basatiari aurre egiteko moduan ikusten. Indepentziara iristeko bi bide daude: Eskoziak jorratu zuena -Estatuarekin adostutako erreferendumaren bitartez- edo konfrontazio osoarena. Lanean jarraitu beharra dugu.
Adostasun osoa Joan Mari. Inteligentzia handia Pello Otxandianok adierazitakoa eztabaidan .EH Bildu bikain ari delakoan Euskadin eta Nafarroan.Nolabaiteko potentzia espiritual bat edo eskaintzen ari delakoan askatasun nazionalaren bideari. Esperantza demokratiko bat eskaintzen ari digute.