Peillen, Aresti eta euskaldun burgestuak

Peillen, Aresti eta euskaldun burgestuak – 

https://zuzeu.eus/saila/euskal-herria/Gauza gutxi nekien berriki utzi gaituen Txomin Peilleni buruz. Euskaltzalea, idazlea zela… behar bada Mikel Asurmendik egin elkarrizketa interesgarri batean idazle zuberotarrak salatzen zituen EAEko euskal jakobinismoagatik, zentsurarengatik, utzikeriarengatik? Egunotan ari naiz berari buruz zeozer ikasten, lehenago erreparatu ez izanaren damuaz, hitz egin, argi mintzo baitzen Peillen.

Egunotan “euskaldunak” burgestzat, elitistatzat, segregatzailetzat… sailkatzea joera politiko jakinen kirol kutun bihurtu delarik, arreta deitu dit aipatutako elkarrizketan jasotako pasarte gordin honek: “Saioak aldizkaria sortu zen, eta 3. alearen erdia erdaraz idatzia zen -Mikel Azurmendi zebilen tartean- erdara proletarioaren hizkuntza zela esaten zen. Euskaldunak burgesak omen ziren. Orduan, pentsamendu horretan sartzen zen Gabriel Aresti bera. Ez zekien gaztelaniaz ala euskaraz idatzi behar zuenentz, proletarioak espainolak omen zirelako. Baserritar eta arrantzaleak ez zituzten ikusten proletario, nonbait. Hori ez zuten ikusi garai bateko idazle haiek…”.

Arestiren garaian, baina, burgestik gutxi zuten baserritarren, arrantzaleen, nahiz erdaldundu gabeko herrietako kaletar xeheen hizkuntza zen euskara, oro har. Euskal jatorriko burgesiak, gehienetan, inguruotako erdarak besarkatzen zituen, frankismoak hegoaldean, eta Jakobinismoak Iparraldean, euskaraz bizitzea gogor oztopatu eta zigortzen baitzuten, besteak beste.

Areago, baserriko bizimodu “gozotik” ihes, herri industrializatuetara edo hiriburuetara alde egiten zuten euskaldun ia elebakar askoren lehen zeregina, etxeko euskara bazterrera utzi eta inguru erdaldunduetako gaztelerari/frantsesari atxikitzea izaten zen eskualde eta herri askotan, seme-alabei euren jatorrizko hizkuntza ezkutatuz sarri, hauen “hobe beharrez”, baldintza soziopolitiko negargarriek bultzatuta.

Gainera, baserritar, arrantzale edota herritar xehe, euskaldun orok erdaraz jakin beharra zeukan (eta dauka), “por lo civil o por lo militar”, indarkeria, isunak eta egundaino gizartean hedatutako isekak tarteko. Era berean, gaur egungo euskaldunak (euskal hiztunak) elitistatzat edota segregatzailetzat jotzea, ezker “ez nazionalistaren” adiera ezberdinetatik egiten den bezala, aldrebeskeria da, euskaldun gehienen egoera sozioekonomikoak, zorionez, hobera egin duen arren. Bitxia da, gainera, kritika horiek egin ohi dituztenak, euskaldun “burgestuon” bataz bestekoaren balditza bertsuetan bizi ohi direla!

Euskaldunen bizi-baldintzak askotarikoak dira, eta berton errotutako erdaldunen antzekoak. Etorkin berriak aldiz, euskaldunak zein erdaldunak baino askoz baldintza kaxkarragoetan bizi dira gehientsuenak, duela 60/50 urteko etorkinekin edota EHtik deserriratutako euskaldunekin gertatu bezala.

Euskaldunok, euskal hiztunok, nahikoa bazterketa eta zapalkuntza pairatzen dugu hiztun, komunitate, eta herri gisa, orain ohiko “aspaldiko lagunez” gain, gu bezala edo errazago bizi diren auzoak, are senide bat edo beste ere, geuri zapaltzaile eta segregatzaile-dominak txertatzera etortzeko. Gizatasun eta elkartasun lezioak neurrian, eskerrik asko.

Peillen, Aresti eta euskaldun burgestuak

Oinezkoa

8 pentsamendu “Peillen, Aresti eta euskaldun burgestuak”-ri buruz

  • Benat Castorene 2022-12-18 09:12

    Nik ere “Gauza gutxi nekien berriki utzi gaituen Txomin Peilleni buruz…” eta oraindik ere guti dakit. Baina ezfortzu bat egiteko gpgoa eman didazu elkarrizketa horri esker. Eskerrikasko Jonjo. Txominen eleak ohar eta interesgarriz betea dago.
    Erraiten du kaletarra setitzen zela. Nola ez? Parisen sortua eta han luzaz egona. Pentsatzen ari nintzan hiriak duela gehienbat intelektuala egiten eta intelektuala orozgain hiritar sentitzen dela nahiz hirian sortu ez izana.
    Txomin Pellen galdezkatu eta grabatu nahi zuen adiskide gazte bati esker , duela urte bat inguru, Baionako haren apartamenduan bi aldiz egon nintzan. parebat ordu. Uros emaiten zuen han, liburuz inguratua, museoen eta biblioteken hurbiltasunean. Seguru da Xuberoan ere ez zitakeela Baionan bezain ongi gustatuko.
    Elkarrizketaren buruan, doi doia aipatu nion ene ikuspuntua Baionaren estatusari buruz, Oroitzen dutanez ez zion harrera ona emanen.
    Euskal hirigai tipiak estagna eta endeka araziz, eta Baionaren hiriburutza promozionatuz estatu frantsesak gure intelektual gaiak ez zituen nolazpait bildu eta eragiten ahal baizik, hauek ohartugabe ere.
    Gure Txomin Pellenez berriro mintzatuko garelakoan!

  • Bai, ea laster elkartzen garen!

  • Pentsarazteko artikulua JJ. Mila esker

  • Euskalduna=Burgesa delako pertzepzio horren atzean bada nire ustez fenomeno bat.
    Zenbait lekutan euskaraz eskolatu nahi bada, ordainpeko eskoletara joan beharra dago, eskaintza publikoan aukerarik ez dagoelako. Horrela, behartsuenei euskaldun izateko aukera ebasten zaie. Azpiko arrazoi hori kontuan hartzen ez bada, iduri du, jende pobrea erdalduna dela eta euskaldunak aldiz jende burgestua.
    Jende pobreari euskaldun izateko bidea eman behar zaio, gure herrian arrotz izatera kondenatu gabe, baina agian, hori da gauzak horrela izan daitezen eragiten duena, jende pobrea inperialismo arrotzen asimilazio tresna biurtzea oso tentagarria izan daitekeela batzurentzat.

  • Eta non gertatzen da hori?

  • Jente pobrea euskelduntzeko Euskal Eskoa Publikoa indartu behar da. Izan ere, ikastolen eragina gutxitu gabe, azken berrogehi urtez ume euskaldun gehien lortu duena, EEP izan da. Eta Nafarroan gauza bera lortzeko, zonifikazioa ezbatu eta Hezkuntza publikoan sartu beharko da Euskara. Iparraldean ere antzeko. Ikastolen lana eskertzekoa da baina berez ezin dugu herritar guztiei heldu eta .horregatik da hain beharrezkoa herritar xumeak eskolatzen diren tokietan.

  • Jende pobrea eta ez hain pobrea euskalduntzeko Euskal Eskola Nazional publikoa behar da, ez egungo ustezko “euskal eskola publikoa”, Madrilen eta Parisen esku dagoena, gure seme-alabak Espainiako eta Frantziako historia ikastera behartzen dituena eta euskara gero eta kaxkarrago bat ikasteko baino balio ez duena, ez baita gauza bera euskara halamoduz irakastea edo euskalduntzea (historia, kultura etab barnebiltzen dituena).
    Horretarako euskal estatu independentea lortu beharra dago, beste guztia itxurak egitea eta engainua denez gero.
    Horregatik ere, independentzia lortu artean, ikastolak bezalako herri ekimenak hil ala bizikoak dira. Sistema publiko españolak eta frantsesak asimilazioa eta akulturazioa baino ez dute helburu, baita euskararen bitartez bada ere.
    Herri ekimeneko eskola euskaldun doakoa behar dugu, besteak beste.

  • Benat Castorene 2022-12-28 17:25

    Maiterekin bat nago Iparraldeari dagokionez, ezinezkoa da kontatzea frantses erakaskuntza administrazioaren gainean. Ez litzateke arrazoigarria. Gainera, ikastolak berak ere beti arriskuan daude, estatutu esperimentalean onartuak dira. Egunen batean estatuak esperimentazioa eskasa irizten ahal du eta finantziatzioa kendu. Edo oinarrizko aldaketak inposatu finantziatzen segitzeko. Egia erraiteko, hori da probableena, batez ere Hegoaldean murgiltze eredurako zalantzak edo aldaketak ikusten baditu.