Pederasten paradisua

Ez da makala Oier Gorosabelek Garagoittiko Orakulua blog-ean orain gutxi heldu duen gaia, bere kontatzeko modu naturalak gertakizun lazgarriak irensten laguntzen badu ere. Eibartarra pederastia gurean oso zabaldua izan zen jarduera zela salatzera dator, zuzeneko lekukotzetatik abiatuta.

Zuzeuko Salabardoak hitzez hitz jaso du Gorosabelen sarrera, euskara batuara ekartzeko beharrezko egokitzeak eginda.

.

Aurreko baten, familiako zaharrekin, pixka bat flipatzeko aukera izan genuen. Ez dut lekukoen izenik esango, inor ez lotsarazteko; baina pederastia atzo goizera arte oso gauza normala izan dela ederto erakusten du oraintxe kontatuko dudanak.

14 urteko neska; 1944 kurtso amaierarako antzerki bat prestatzen dabiltzala, fraile eta monja jantzi behar dira. Gasteizko fraile karmelita batek komentura gonbidatzen ditu bera eta lagun bi, denak neskak, abitu batzuk lagatzeko aitzakiarekin. Behin barrura sartuta (klausura komentura!) arropak eranzteko, neurriak hartu behar diela. Eta altzoan jartzeko. Gaur 84 urte dituen neska horrek ez zuen gogoratzen abituarekin ala abitu barik irten ote ziren, bai ostera abadeak egindako zirriak!

Pederasten paradisua55 bat urteko neba-arrebak, 1980 hamarkadan. Arrebak nebari, jakin duela umetan Eskolaniara berarekin (anaiarekin) joaten zenetako bati, behin, Dimas Sotés zuzendariak zirriak egin zizkiola. Nebak barre: “Berari bakarrik?” diotso. Antza denez, bera ere eraman zuen aparteko gelara behin; baina, zirriak egiten hasi zitzaionean, gainetik salto eta kontra egin ei zion. Hala, bakean lagatzea lortu zuela: baina, orduko denboran, hori egittea abadeari errespetu falta zela-eta,  kontra egiteko adorerik izan ez zuten hainbat eta hainbat mutiko zeudela. Hau guzti hau gauza jakinekoa zen Eskolanian zebiltzan mutilen artean. Ostera, ez dut halakorik irakurtzen Don Dimasen hagiografietan… Zer moduz elkarrizketatxo batzuk egitea 80 urtetik gorako gasteiztarrei, tipo hau bere lekuan ipintzeko?

Gauza batzuk erlatiboak dira, eta ezin dira interpretatu bere testuingurutik kanpo (orain dela 200 urte 11 urteko neska batek umea izatea normala zen; ezkontzak gurasoen arteko tratu ekonomikoak ziren… adibidez) baina halako gauzak, zer eta frankismo ultrakatolikoaren mantapean… ez dute barkamenik merezi. Batez ere, ume haiek protestatuz gero, kokoteko bi jasoko zituztelako: bat abade/maisuaren aldetik, bihurria izateagatik; eta bestea gurasoengandik, maisuaren nahiak ez errespetatzeagatik.

Asteburuan andre nagusi horrekin komentatzen genuen legez, gauzak zorionez aldatu egin dira: gaur egunean, gurasoak maisuak parekotzat dituzte; aintzina, berriz, jaungoikoak modukoak ziren. Ezin zitzaien ikutu. Eta batzuk ederto aprobetxatu…

Dena dela, bistan da Franco-rekin ez zela amaitu halako jarrerenganako tolerantzia. 1970-80 hamarkadetan, adibidez, Oiartzunen auzo-eskola hartako maisuaren kasua ezaguna da. Bere etxera igotzea onartzen zuten mutikoei zirri eta zirri (gutxienez); eta ezetz esaten zutenei, berriz, klasean lotsarazi eta jazarri. Maisu hori oraindik bizi da, eta bere izena ezagutzen dut; hala ere, ez zait niri tokatzen bera salatzea. Izatekotan, oiartzuarren beharra da hori.

Argazkia: Don Dimas bere ume “maiteekin”.

Pederasten paradisua

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.