Pazkotik erramura
Pazkotik erramura –
Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan.
Inoiz esan didate asko begiratzen diodala iraganari. Baliteke. Egia esatera, etorkizuna inkognita da, orainaldia presenteegi dugu, eta pasatutako sasoian baino ezin genitzake begiak jar gertatutakoa ondo aztertzeko. Tira, artikulu hauetan sarritan gertatzen zaidala esango nuke, agian igandean hasten naizelako idazten, ostiralean publika daitezen, eta testua harilkatzeari lehenagotik hasten natzaiolako. Beraz, orainaldia zaidana, argitaratzerako, lehenaldi bihurtu da!
Erramu igande goizean, ordenagailu aurrean jarri beharrean telebista aurrean eseri nintzen Korrikaren amaiera ikusteko, eta buruan egituratuta nuen artikulua pikutara bidali zidan Donostian ikusitakoak. Igande horretakoak zein aurreko hamar egunetan sentitutako guztiak. Zuendako dagoeneko iragana da, baina askori eragin zigun hausnarketa ezin dugu ahaztu, positiboegia delako oroitzapen hutsetan lagatzeko.
Korrika guztietan ez dut ikusi lekuko eramailerik irribarre egiten ez duenik. Poza, zirrara, urduritasuna dabil airean. Gure herri serio eta beix honetan ezohikoa. Baina lortzen da, lortzen dugu. Indar eta energia positiboz betetzen gara Korrikarekin, elkartasun sentsazioa infinitua da, denok bat eginda, bat gara. Ilusionatuta. Baina gero, zer gertatzen da positibitate eta poztasun horrekin? Galdu egiten dira.
Euskaldunok etengabe gabiltza etengailua piztu eta itzali Korrika moduko ekintzekin. Sakatzen dugunean mundu argitsu bat isiotzen dugu, ia-ia itsutu egiten gaituena. Baina gutxira amatatu egiten da, eta ilunpetan geratzen gara berriro, ipurtargiak argituta bakar-bakarrik. Kontua da ikaragarri kostatzen zaigula etengailua zapaltzea, esfortzu handia delako aktibatzea. Zenbat batzar, txosten, diru-eskari… atzera ere martxan jartzeko. Zenbat eginahal burokrazian alferrik galduta.
Zelan gorde genezake sortutako energia eta entusiasmo hori? Pila erraldoiak beharko genituzke edo alimaleko ontziak indar hori gorde, eta urtean zehar erabiltzeko, gogoa beherantz doanean gure hizkuntza eta herriaren defentsan dihardugunean. Zerbait dugu beharrezko suhartasun eta afan hori kanalizatzeko, zeozer egin ezean urardotu egiten da-eta.
Antza denez, biurtekoak dira euskaldunok martxan jartzeko zikloak. Korrika eta Euskaraldia. Urte birik behin aktibatzen gara. Inoiz ez gara hutsetik hasten; hala ere, iruditzen zait potentzia beheregi izaten dugula zikloaren hasieran, eta hortaz, egin beharreko esfortzua handia beti. Ostera ere Sisifo!
Iraganaldi hurbiletik, gertuko geroaldira; hurrengo igandean Aberri Eguna izango da, etzi. Urtero Pazko igandean ospatzen da egun hori. Data absurdoa dela esan dut askotan. Mugitu egiten den eguna, opor aste baten erdian. Badakit Jesusen piztuera eta Euskal Herriarena lotu nahi zituztela Aberri Egunaren sortzaileek, baina ez du funtzionatzen, are gutxiago gaur egungo gizartean. Gainera, partidu politikoen eskuan, zatikatua egiten da. Ospatzeko eta pila energiaz kargatzeko ez du askorik balio nire iritzian. Eta gure herriaren egunak horretarako izan beharko luke, batez ere.
Beraz, Pazko igandean izan beharrean, hobe Erramu igandean —Korrikaren amaiera egunean, alegia— ospatzea Aberri Eguna, euskaldunon eguna. Orduantxe inoiz baino herriago baikara. Data mugikorra eta biurtekoa, baina ilusionagarri eta indargarriagoa.
Biba urte bikoitietako Erramu domeka!
Pazkotik erramura