Paul Bilbao (Kontseilua): “Ogi gogorrari, hagin zorrotza”
Ez da inon ezagutuko gurea bezalako lanbiderik; izan ere, gurean, askotan, proiektuak eta zerbitzuak itxi daitezen lan egiten dugu, gogotik lan egin ere. Euskara normalizatzen den egunean, euskalgintza osatzen dugun hainbat erakundek ez dugu zereginik izango eta, hala ere, egun horrekin amesten dugu. Langabe berrien ilaran jarrita gu izango gara irribarreari eutsiko diogun bakarrak: «euskara normalizatu da, ez dugu lanik», pentsatuko dugu gure kolkorako. Horregatik gara bereziak, gure erakundea itxiko den eguna azkar irits dadin lan egiten dugu eta. Zoritxarrez, baina, ez da egun hori berehalakoan etorriko.
Bitartean, normalizazio prozesuari sostengua eman behar dioten zutabe nagusien egoerak kezkatzen gaitu. Corpus juridikoa, plangintza, baliabideak eta herri gogoa dira zutabeok eta gehienak egoera ahulean daude.
Hizkuntza-politikaren arduradunek etengabe egin diote uko arautze lan sendoari. Arau dinamikoak, helburu eta epe zehatzak dituztenak, ebaluazio sistema zorrotzak dituztenak eta izaera betearazlea dutenak baztertuak izan dira. Euskararekin zerikusia duen arkitektura juridikoak ez du izan beharko lukeen izaera eraldatzailea, ez da motibazio pragmatikoak sortzeko tresna egokia, eta ondorioz, euskara normalizatzeko bidean ahula da, eraginkortasunik gabea. Gainera, hemengoek arauari muzin egiten dioten bitartean, Estatuek araua erabiltzen dute gure hizkuntza-politika baldintzatzeko, Wert legea da horretarako adibiderik berrienetakoa, baina ez bakarra. Estatuak erabaki nahi du zer eta nola ikasi behar dugun gure herrian.
Plangintzari dagokionez, falta zaigu plangintza orokor zuzentzailea, instituzioen arteko koordinaziorik eza nagusitzen da, askotan plangintzok ez dituzte helburuak betetzen, eta horrek ez du ondoriorik arduradunentzat. Are gehiago, gizarteko sektore eta alor askok ez dute euskalduntzeko inolako plangintzarik. Esan gabe doa horrek ere ez duela erabaki hori hartu dutenentzat inolako ondoriorik eduki.
Hori guztia gutxi ez eta, orain, baliabideak ere murriztuko direla iragarri digute eta ez nolanahiko murrizketa nonbait. Gure historia hurbilean inoiz ezagutu ez den urterik txarrenari dagokion murrizketa omen datorkigu. Espainiako Estatuak Egunkaria itxi zigun, Wert legea Estatu berak ezarri nahi digu, baliabideak murrizteak tamaina bereko eragozpena sortuko dio Euskalgintzari, euskararen aldeko mugimenduari, alegia. Oraingoan ez da Espainiako Estatua erasoa iragartzen duena, Eusko Jaurlaritza baizik. Hizkuntza-politika ez dago Jaurlaritzaren marra gorrietan, hizkuntza-gatazka gainditzea herri honen ongizatea lortzea ez balitz bezala. Jada urriak ziren diru-inber- tsioak are gehiago txikituko dituela iragarri du, nahiz eta ederki dakien euskara ezin dela normalizatu inbertsio horiek egin gabe.
Euskalgintzak egiten duen lana, herri ikuspuntutik, ez da edozein lan, ez da lan bat gehiago. Euskara normalizatu gabe ez dago elkarbizitzarik, ez dago oreka sozialik, ez dago gatazka gainditzerik. Euskaltegi bat, ikastetxe bat, euskal hedabide bat ixtea ez da enpresa bat ixtea, herri honen etorkizuna arriskuan jartzea baizik.
Etorkizunean, iraganean bezala, erasoei tinko, batasunez eta eraginkortasunez erantzuten jakingo du euskararen aldeko mugimenduak. Herri gogoaren zutabeak eskaintzen dio euskararen normalizazioari sostengurik sendoena. Hortxe du euskarak itxaropena ez galtzeko euskarria. Eta, noski, erasoei erantzun ez ezik, eguneroko jardunari ere eutsiko diogu, kosta ahala kosta.
Corpus juridikoa, plangintza, baliabideak eta herri gogoa RT @zuzeu: Paul Bilbao): “Ogi gogorrari, hagin zorrotza”: http://t.co/HaCDldYsiS”