Patxi Agirrezabala: “Hau ez da egun bakar bateko borroka, etengabekoa baizik”
Patxi Agirrezabala: “Hau ez da egun bakar bateko borroka, etengabekoa baizik” –
Patxi Agirrezabala 1958an jaiotako Zarauztarra da. Euskal munduarekin beti hartu-emanetan ibilitakoa da, baita euskal sindikalismo mugimenduarekin ere. Hogei urterekin Zarauzko ikastolan hasi zen lanean eta lan hitzarmenak zirela eta langileen lan baldintzak erregulatzeko arra sortu zitzaion. Duela bost urtetatik, ELAko batzorde exekutiboan dago, komunikazio arduradun gisa. Bere lana hiru hitzetan definitzeko eskatu diogu eta zera izan da erantzuna: trinkoa, erakargarria eta ilusioduna. Azken hau gabe egiten duten lana egitea posible izango ez zela dio, etsipenak gain hartuko lukeelako. 2012. urteko Martxoaren 29an izango den grebaren inguruko zenbait argibide galdegiteko elkarrizketatu dugu ELAko kidea, Patxi Agirrezabala.
…
Azken aldi honetan nahiko mugimendu dabil sindikatuetan. Zehazki zer gertatzen den esan zenezake?
2008. urtera arte, egoera ekonomiko ona zegoen eta enpresetan etekinak ateratzen ziren. Fase horretan hala ere, langilegoari jada bere eskaerak moteldu zitzan eskatzen zitzaion. Alegia, zikloak aldatu zitezkeela eta ez zela inbertitzeko garaia esaten zen. Hazkunde garaian ere sakrifizioak egin ditzan eskatzen zaio langileari.
Hori hautsi egin zen momentu batean eta 2008tik aurrera krisiaren hastapenak nabarmentzen hasten garenean, orduan jada zama guztia langile klasearen gainera dator, langabezian daudenak barne. Gainera, esan beharra dago azken aldi honetan indar ekonomikoak gailendu direla. Irabazi egin dute eta horregatik harroturik daude: olatu gainean daude eta gure eskubideen bila datoz. Dagoen benetako aliantza hauxe da: aginte ekonomikoak lortu du aginte politikoa bere baitan edukitzea, bere pean. Eta aginte politikoak, aginte ekonomikoak eskatzen dionari men egiten dio. Beraz diagnosia da aginte politikoa eta ekonomikoa batu egin direla eta, biak eskutik joanda, langileon suntsiketa ikaragarrira garamatzatela.
Horregatik, azkeneko lau edo bost urteotan, izugarrizko lana egin dugu, hartzen diren neurriak sozializatu eta gizarteratzeko. Beti langileengandik ahal bezain gertu egoten saiatzen gara eta, horretarako, etengabeko lana eramaten dugu, ikastaroak emanez, informazioak zabalduz… Gure usteetan, gero eta jende gehiago kontzientziaturik eta motibaturik dago. Bai Zapaterok egindakoari eta bai Lopez, Barcina eta Rajoy egiten ari direnari erantzun behar zaiola konturatzen ari da jendea.
2012ko Martxoaren 29ko grebak arrakasta izango duela diozue. Zeintzuk dira greba honen bitartez erdietsi nahi dituzuen xedeak?
Erreforma honek, Rajoy gauzatzen ari dena, zertarako aukera ematen du? Berez, enpresa batean urteak daramatzan jendea kaleratu ahal izateko eta bere truke INEMeko zerrendetan dagoen jende andana kontratatu ahal izateko eta oso merke gainera. Adineko jendea kalera bidali eta gazteak baldintza ezegonkorretan kontratatzen ari dira. Hau baso bat izango da eta horrelako neurriak aplikatzen ez dituen enpresaria tontotzat hartuko da konpetentzia izango baita eta elkarren artean dumping-a egingo baita.
Baina nire ustez, bereizi behar dira helburuak eta helburu betetze mailan arrakasta neurtu daitekeen ala ez. Guk esaten dugunean greba arrakastatsua izango dela, horrek adierazten du mugimenduaren gaineko adostasun handia dagoela. Grebaren helburuetako bat da jendearen nolabaiteko protesta eta haserrea islatzea. Eta haserre hori guk modu demokratikoan bideratu nahi dugu kaleetara. Aurreratu dezakegu greba egunean inoiz ez bazelako manifestazioak izango direla hiriburuetako kaleetan. Ikuspegi horretatik, grebak arrakasta handia izango du. Erantzun handi bat izango da esateko langileon kontrako politikak ez ditugula nahi. Langileon aurkako murrizketak nahiko dira, eta politika alternatiboak egin behar dira, ez betikoen mesedeetan baizik eta herri honetan sortzen den aberastasuna hobeto banatu ahal izateko.
Beste ikuspegi batetik, batek baino gehiagok pentsa dezake, helburua lortzen ez bada, hau da orain Rajoyk onartu berri duen lan eta negoziazio kolektiboaren erreforma bertan behera uzten ez bada, ez dela xedea erdiesten. Guk helburu hori epe motzean ez dugu jartzen. Segur aski Rajoyk, PPk, onartu berri duen erreformak jarraitu egingo du. Grebak okerren dabilen jendeari arnas berritzeko aukera ematen dio. Jendea hurbiltzen ari zaigu badakielako egoera okertu daitekeela eta epe luzeko dinamikan sartu beharra dagoela. Hau ez delako egun bakar bateko borroka, etengabeko borroka baizik.
Badago grebak ez duela ezertarako balioko dioenik eta, gainera, galera ekonomiko handiak ekarriko dituela. Zer deritzozu?
Galera izango da bai, baina langileen ahaleginetatik sortuko da eta horiexek sufrituko dute egingo zaizkien deskontuak. Grebak balio ez duela esaten dutenak dira, hain zuzen ere, planteatzen ari direnak bozeramaile gisa greba eskubidea murriztu egin behar dela bake soziala segurtatzeko. Gu erabat horren kontra gaude. Hainbaten artean, greba eskubide eraginkorra da eta guk ardura handiz erabiltzen dugun tresna bat da. Bene-benetan uste dugu beharrezkoa dela. Bestalde, gure herriak erakutsi du elkartasunerako gaitasun handia duela eta bide horretatik adierazi behar dugu bestelako politikak egin behar direla: kasu honetan, jendearentzako politikak eta ez ekonomiarako politikak.
Beste bide batez lortzerik ez dagoen, zein emaitza lortuko dira grebarekin ?
Guztiz eragin ezberdina dute enpresa batean egiten den grebak edo eta greba orokorrak. Greba orokorraren bitartez, helburua da sektore guztiak geldiaraztea. Greba ongi pentsatu beharreko neurria da, denentzako gastu handiak baititu. Bestalde, negoziazio prozesuetan ulertu behar da zein egoeratan gauden. Azkeneko lau urteetan, ederki ikusi dugu eskuindar ekonomikoak, indar ekonomiko basatienetan oinarriturik, eskubideen murrizketak inposatzen dizkigula. Beraz, zertarako balio du patronalarekiko hitzarmenak adostea, gobernuak jada dena eman badio? Patronalak ez dauka horretarako inongo beharrik eta interesik ere ez.
Aginte politikoak bete behar duen oreka funtzioa galdu egin du eta interes handien alde jarri da. Eta gure ustez elkarrizketa soziala deituriko hori galdu egin da. Unilateralki hartzen dira erabakiak, Rajoyk egin duen bezala. Inposatu egiten ditu neurriak eta, gainera, patronalak espero ez zituenak ere bai. Eta horrek ez du inongo negoziazioan sartzeko aukerarik ematen. Hain basatia da eskubide suntsiketa non ez baitago gutxienezko oreka punturik. PPk gehiengo absolutua hartu du eta goitik behera bere errezetak aplikatzen ari da.
Grebarekin erakutsiko dugu demokratikoki, lehendabizi, horrekin denarekin ez gaudela ados, bigarrenik, alternatibak daudela eta, hirugarrenik, gero eta jende gehiago garela bide horretan sinisten dugunak. Azkenik, norberak pertsonalki bere enpresan hartzen duen zama hori sozializatu eta astindu egiten da eta kolektiboaren artean banatzen da. Hala, etorkizunerako erreferentziak sortzen ditugu.
Azken hilabeteotan arlo publikoa goitik behera datorrela dirudi. Zer ari da gertatzen?
Arlo publikoa bereziki tentagarria da. Alegia, hemen dirutza handia ematen zaio sektore publikoari oinarrizko eskubideak mantendu ahal izateko, Hezkuntza eta Osasungintza, besteak beste.
Horrelako zerbitzuak mantentzeko diru nahikorik ez dagoela esaten dute, eta aitzakia hutsa da, erabaki dutelako gastu aldetik murrizketak egitea eta diru-sarrerarik ez aurkitzea. Arlo publikoaren inguruko eztabaida fiskalitatearekin lotu behar da nahitaez. Presio fiskala, Europako beste herrialdeekin konparatuta, % 10 azpitik dago. Beraz, % 10eko zergak modu progresiboan igoko bagenitu, arlo publikoa ziurtatuta legoke inongo zalantzarik gabe.
Esaten denean osasungintzako zerbitzuak mantentzea garestia dela, eztabaida faltsua da. Diru-sarrerak handitu behar dira. Baina, zer eskatzen du horrek? Ba, gehien daukanari galdegitea. Eta zer gertatzen da? Nola aginte politikoa eta aginte ekonomikoa lagun egin diren, hori ez da ukitzen. Zertarako egin eta esaten da hori? Zerbitzu pribatuak zerbitzu publikoen zatiak har ditzan burutzen dira politika hauek. Berez, hauxe da gure diagnosia.
Eta arlo pribatua, arlo publikoaren aldean, zelan dago gaur egun?
Guk irakurketa paretsua egiten dugu. Gertatzen den honek kontsumo krisian aurkitzen du zergatia eta egia da enpresen bizi-iraupena jokoan dagoela. Aterabidea ez da inoiz izango soldatak % 10ez edo 15ez gutxitzea, enpresek biziraun ahal izateko. Berezko arazoa da, produktua ez dela saltzen. Eta hartzen ari diren neurriek ez dute kontsumoaren berpizterik ekarriko, lan-sariak murrizten ari baitira. Egia esan, kontsumoa berpizteko neurri eraginkorrik hartzen ez den bitartean, horrek denak ez dauka bueltarik.
Ziur zuen iritziarekin bat datorren norbait egongo dela. Murrizketak jasan eta azken hilabeteotako egoera larria azalean bizi duena. Baina ez du grebarik egingo. Zer esango zenioke honi?
Norberak bere burua salbatu dezakeela gizarte honetan pentsatzea gezurra da. Elkartasunezko mezu baten beharra dugu. Zeren eta dumping-a leku guztietara zabalduko baita eta horri aurre egiteko modu bakarra da kolektiboki burutzen dena. Indibidualki, berez, janda zaude! Oso panorama beltza da. Albiste txarrak hor daude, eta ez dut jendea izutu nahi, baina begiak ireki beharra dago. Bestela, bide garbitik pobreziara garamatzate.