Patronaleko presidenteak argi dauka; UGTri eta CCOOri mesede egin behar zaie

Patronaleko presidenteak argi dauka

Duela aste gutxi Manuel Piquer, CENeko presidenteak, Nafarroako UGTren Kongresuan hitza hartu zuen, UGTk eta CCOOk ordezkaritza handiagoa izan behar dutela defendatzeko. Are gehiago, ELA eta LAB geldiarazteko Nafarroako egitura indartzeko eskatu zion UGTko Idazkari Konfederalari, Estatuko beste lurraldeetan ez baitago sindikalismo alternatiborik. Enpresarien interesak defendatzen dituen erakunde bateko presidenteak UGT eta CCOOren aldeko kanpaina egite hutsak pentsarazi egin beharko lieke sindikatu horietako arduradunei, eta Nafarroako langile klase osoari.

Zoritxarrez, hau ez da berria Nafarroan. Ez da kasualitatea Nafarroa izatea Estatu osoan elkarrizketa soziala deiturikora diru publiko gehien bideratzen den tokia. Finantzaketa publikoa desmobilizazio sozialagatik trukatzea da helburua, Sanz eta Barcinaren garaietan egiten zen bezala. Lorenzo Riosek berak, Nafarroako UGTko idazkari nagusi berriak, duela gutxi egindako elkarrizketa batean lege berri bat eskatu zuen diru publiko gehiago jasotzeko. 2021etik PSN, Geroa Baik eta Contigo Zurekinek adostu dute UGT, CCOO eta CENek 1.200 milioi baino gehiago banatzea diru publikotik. Aurreko astean sinatutako plan berria, aurrekoak bezala, orokortasunez eta zehaztasunik ezaz beteta dago. Berritasun bakarra da UGTk eta CCOOk, Patronalaren absentismoari buruzko diskurtsoa bere eginez, konpromisoa hartu dutela laneko absentziak murrizteko, mutualitateek orain arte publikotik kudeatzen ziren bajak tratatzeko aukera emanez.

ELAren iritziz, elkarrizketa soziala politika publikoak pribatizatzean datza. Horretarako, ez dute zalantzarik egiten beste organo batzuk edukiz husteko eta Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluak erabakitzen duenaren mende jartzeko. Hori dela eta, ELAk ez du parte hartzen ez Nafarroako Enplegu Zerbitzuan ez Nafarroako Lan Osasunaren Kontseiluan, eta organo horietako kide ez den sindikatu bakarra da.

Nafarroako Gobernua da elkarrizketa sozialaren beste onuraduna, UGTk eta CCOOk bere politika antisozialak legitimatzea lortzen baitu (erreforma fiskala egiteari uko egitea, zerbitzu publikoetan gastu eskasa, zaintzaren pribatizazioa, AHT…).

Aldiz, Nafarroako langile eta langileen interesek ez dute onurarik ateratzen elkarrizketa sozialetik. Hori ikusi berri dugu Nafarroak Gutxieneko Soldata propioa izatea lortzeko ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Etxaldek egin dugun proposamenarekin. Zoritxarrez, UGT, CCOO eta CEN elkartu egin dira proposamen hori bertan behera uzteko, eta ziurtatu dute gai hori elkarrizketa sozialean lantzen ari direla. Espero izatekoa zen patronalak uko egingo ziola LGS igotzeari, soldata baxuak ordainduta negozioa egiten baitu. Baina UGT eta CCOOren ezezkoa defendaezina da, are gehiago kontuan hartuta sindikatu horiek beraiek ekimen hau babestu dutela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako. Nolanahi ere, ekimen hau martxan jarri dugun sindikatuok ez dugu amore emango gure ekimenean, eta sinadura bilketa bat egingo dugu Parlamentura eramateko, Nafarroak gutxieneko soldata propioa izatea lortzeko helburuarekin.

Errealitatea da, banatutako diru publiko guztia eta Patronalaren babesa izan arren, 2010etik ELAk UGT eta CCOOekiko distantzia murrizten jarraitzen duela. ELAren gorakada horrek eragin du, gaur egun, Nafarroako elkarrizketa soziala ere antidemokratikoa izatea, sindikatuen ordezkaritzaren %50 baino gutxiagorekin egiten baita.

Patronaleko buruak bere hitzaldian adierazi zuenez, “enpresariok eta langileok talde berean jokatzen dugu”. Patronalak defendatzen duen talde lan horrek esan nahi du Nafarroako enpresa askotan klientelismo horrek funtzionatzen duela, non UGTk eta CCOOk akordio txarrak sinatzen dituzten kontratazioak kontrolatzearen truke. Aitzitik, ELAk uste du patronalaren interesak langile klasearen interesen kontrakoak direla, eta konfrontatu egin behar dela lan baldintzak hobetzeko, horretarako ezinbestekoa baita independentzia ekonomikoa, autonomia politikoa eta erresistentzia kutxa.

Patronaleko presidenteak argi dauka  Patronaleko presidenteak argi dauka

ELAko koordinatzailea Nafarroan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude