Pasang Temba eta ikurrina Everest tontorrean!

Pasang Temba eta ikurrina tontorrean! –

.

Duela bost urte, balentria gauzatu eta 35 urtera,
2015eko maiatzaren 14an argitaratua

.

Pasang Temba eta ikurrina tontorrean!1976ko abenduaren 5ean Iribar eta Kortabarriak Atotxa zaharreko zelaira atera zutena eta 2013ko uztailaren 6an Bizardunek San Ferminetako plazara agertu zutena, horra ikurrinarekin bizi izan diren bi momentu gogoangarrienetakoak.

Hirugarren bat ere badugu oroimenean, Pasang Temba Everesteko tontor elurtuan ikurrinarekin ikusi genuenekoa.

.

Martin Zabaletaren balentriak 40 urte bete ditu gaur.

1980ko maiatzaren 14an munduaren gailurra zapaldu zuen Martin  Zabaleta hernaniarrak, euskal mendigoizale batek lehenengoz lortzen zuen balentria. Aurretik ere egina zuten ahalegina, 1974ko Tximist espedizioan, baina ez zuten Everesteko tontorrera heltzea lortu sei urte geroago arte; Zelanda Berriko Edmund Hillary eta Tenzing Norgay sherpa nepaldarrak lehenengoz gailurra zapaldu eta 27 urtera. Gerora izan dira euskaldunak munduko mendirik garaienean (iñurrategitarrak, Oiarzabal, Pasaban…) baina orduko hark jarraipen berezia izan zuen Euskal Herrian; 8.848 metrotako poza ekarri zuen.

(Euskadi Irratiko Hitzak Jolas saioko “Oroitzapenen kajoian”, 1980ko bertsoak):

Tximist espedizioa tontorretik 300 metrotara gelditu zen, eta porrot egin zuen. Baina euskal mendigoizaleek ez zuten Everest zapaltzeko erabakian etsi, eta beste saiakera bat egitea erabaki zuten. Nepaleko gobernuak 1982rako eman zien baimena, baina bi urte lehenago igotzekoak ziren SESB-koek baimena trukatu zuten euskaldunekin, Moskuko Olinpiadak zirela-eta, ez baitzuten beste kirol egitasmo handirik nahi 1980an.

Pasang Temba eta ikurrina tontorrean!Euskal mendigoizaleentzako ez zen erronka makala 1980an Everestera igotzea. Taldea hamabi mendigoizalek osatu zuen, eta lanak aurreko abenduan hasi ziren. Espedizio buru Juan Ignacio Lorente gasteiztarra eta idazkari teknikoa Ramon Arrue azpeitiarra; beraiekin batera Kike de Pablo, Xabier Erro, Ricardo Gallardo, Javier Garaioa, Emilio Hernando, Luis Maria Saenz de Olazagoitia “Petxu”, Joxe Urbieta “Takolo”, Felipe Uriarte “Vascos en el Everest” kronika liburua argitaratu zuen 1982an- eta Martin Zabaleta. Guztiak Euskal Herritarrak; hauetatik bost 1974ko Tximist espedizioan parte hartutakoak ziren, 8.500 metrotara, eta eguraldia okertu zela tarteko, tontorra zapaldu ezinik gelditu zena.

Aklimatazioa

Odisea baten modura, eta aurreko saiakerak sortu zuen frustrazioa astindu nahian, 1979ko hondarrean hasi ziren espedizio berria prestatzen. Kike de Pablos eta Xabier Errok Bombay-ra jo zuten abenduaren 9an, Indiara, eta handik Katmandura, Nepalera. Agiriak eta baimenak egunean jartzeaz gain oxigenoa eta materiala pilatu zuten Namche Bazarrera, Himalaya magaleko lehen kanpamentura eramateko. Urtarril bukaera aldera, Erro lesakarra kanpamentu horretara abiatu zen 105 zamaketari -hiru tona oxigeno eta butano zeramatzaten- eta hiru sherparekin, Pemba Tsering sirdar-a, sherpen arduraduna, tarteko zela. Eta San Balendin egunez beste mendigoizale guztiak heldu ziren -Ricardo Gallardo eta Javier Garaioa medikua aireportua dagoen Luklatik oinez zamaketariekin batera; Arrue agiriak prestatzen Katmandun utzita-, jada poloniarren espedizio bat heldua zen kanpamentura.

Martxoaren 3an denak kanpamentuan elkartu arte, bazuten zeregina: aklimatazioa egin, oinarrizko nepalera ikasi eta sherpen lagun egin. Guztira bost tona material eta 150 zamaketari zeuden espedizioan, eta goi mailako 12 sherpa!

Pasang Temba eta ikurrina tontorrean!Gorantza

Gorantza ekin baino lehen Pemba Tsering sirdar-aren etxean erritu antzeko bat burutu zuten, baita Thyangboche monasterio budistan ere. Eta martxoaren 13an, gorantza abiatu ziren. Eguraldi ona lagun, 6.000 metrotara arte arazorik gabe egin zuten ondorengo egunetan, lehenengo kanpamentura. Pausuz pausu gero eta gorago izango ziren kanpamentuak.

Lehen kanpamenturako bidean Ang Lakpa sherpa zulo batetik erori eta larri zauritu zen -Katmanduko ospitalera eraman zuten helikopteroz-. Baina istripuak istripu, mendigoizaleak gora eta gora egiteko erabaki irmoa zuten. Apiril hasierarako 6.500 metrotara heldu eta bigarren kanpamentua jarri zuten; sherparik indartsuenak bertan ziren, Nima Rita, Gyalzen eta Gymri. Hiru hauekin Garaioak eta De Pablok Lhotsen gora egin zuten, eta atzetik zetozen Erro eta Nin Tembarekin batera hirugarren kanpamentua ezarri zuten 7.350 metrotan, Lhotse magalean. Eguraldia okertzen hasi, eta jada gero eta zailagoa egingo zitzaien gorantza jotzea.

Apirilaren 19an eta Angel Rosen buru zutela, hegoaldeko mendi-lepora heldu ziren, 7.890 metrotara; laugarren eta azken kanpamentua. Gailurra zuten guztiek buruan. Hiru sokada egitea erabaki zuten hamaika mendigoizaleen artean -Arrue Katmandura itzulia zen, komunikazio lanak burutzera-, txandakako saiakerak egiteko. Lehenengo, Gallardo, Rosen, Garaioa eta Hernando, sherpa baten laguntzarekin. Bigarrenean, Erro, Petxu, Takolo Lorente eta Pemba Tsering sherpa. Hirugarrenean, eta oxigenorik gabe, Zabaleta eta Uriarte, gailurrera igotzeko asmorik ez zuen de Pabloren laguntzarekin.

Gailurra

Hegoaldeko mendi-lepora heltzea ez zen erraza gertatu, gailurrera baino lehen berriro behera egin zuten mendigoizale guztiek-eta. Lehen taldeak Hegoaldeko tontorra zapaltzea lortu zuen, 8.760 metro, elur-zelai sakon eta astuna igarota, baina oxigenorik gabe gelditu eta atzera egitea erabaki zuten. Bigarren taldea bidean zen jada, baina haizete batek behera bultzatu zituen hauek ere. Ordurako bigarren kanpamentuan zen Zabaleta, de Pablorekin batera. Maiatzaren 8tik 10era, eta Takolo eta Lorenterekin laukotean -beste guztiak beheko kanpamentuan zeuden jada-, egonean izango ziren, eguraldia noiz hobetuko zain. Egunak hotzak eta aspergarriak; artega ziren mendigoizaleak.

Pasang Temba eta ikurrina tontorrean!Maiatzaren 11n Lorente eta Zabaleta gora begira jarri ziren, urdin argitu baitzuen egunak, eguraldi aldaketa zetorrenaren seinale. Maiatzaren 13an, Hegoaldeko mendi-lepoan ziren bi mendigoizaleak, Pasang Temba, Phurba Kitar eta Ang Nima sherpekin batera. Lehen taldeak lortu ez zuena gauzatzeko momentua zuten. Biharamunean, goizeko ordu bi eta erdietan bidean jarri eta “Ginebrinoen espoloia” igaro zuten, baina Lorente atzera egin beharrean aurkitu zen sherpa lagunarekin. Hegoaldeko tontorra Zabaletak baino ez zuen zapaldu, Pasang Tembarekin batera; ikusmiran zuten jada munduaren gailurra.

Gora eta gora, “Hillary koska” gainditu zuten Zabaletak eta Pasang Tembak, igoera arriskutsu eta nekagarrian, behe-lainoak hartuta zirela. Eta gaur 35 urte, 15.30ak bueltan, Everesteko tontorra zapaldu zuten, piolet parea, zazpi metroko soka eta kamera erraldoi bat besterik ez zutela: “Gora Euskadi askatuta! Gailurra da! Gora Euskadi!”. Tontorrean ikurrina –ETA-ren anagrama zuela eta kalapitatxoa piztu zuen Espainia aldean (begiratu argazkia), Nepaleko bandera eta anti-nuklearra.

Argazkia, Pasang Tembarena, aski ezaguna.

Behera

Irrati-telefonoaren bidez hernaniarrak tontorra zapaldu zutela jakinarazi zien bigarren kanpamentuko lagunei, eta Himalaya hotzetik Euskal Herri epelagora hedatu zen poza eta algara. Baina gailurrean 45 minutu egon eta gero, beherako bideari ekitea zuten zentzuzkoena Zabaleta eta Tembak. Ez zituzten espedizio kideak hurrengo eguneko arratsaldera arte besarkatuko baina -8.700 metrotan pasa zuten gaua, dendarik gabe; “bibak  gogorra izan zen” esana du Zabaletak berak-. Biharamunean hirugarren kanpamentuan zituzten zain Uriarte eta Erro; orduan bai, lortua zuten balentria!

Hegoaldeko mendi-lepotik beheko kanpamentura arte, guztia jasotzeari ekin zioten maiatzaren 21era arte, irribarrea ahoan zutela. Bost egunen buruan Katmandura egingo zuten, eta hemendik etxerako bidea. Ekainaren 12an heldu ziren hamabi mendigoizaleak Bilbora; bakoitzak bere omenaldia jaso zuen jaioterrian, baita orduko Lehendakari Carlos Garaikoetxearena ere.

Pasang Temba eta ikurrina tontorrean!Martin Zabaletari omenaldia, Hernani jaioterrian.
Pasang Temba eta ikurrina tontorrean!