Parte – hartze buletina.
Esku Zabalik Buletina, Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako Bulegoak egindako buletin elektroniko berria da. Hilero egingo den buletin honek Lurralde Historikoan herritarren partaidetzaren inguruan garatzen ari diren ekimen ugariren berri emango du. Helburua da eztabaida prozesuak bultzatzen ari diren erakunde, elkarte eta eragile guztiek zuzenean ezagutu ditzatela gauzatzen ari diren esperientziak, horien alderdi positiboak eta negatiboak eta ondorioak, horretarako sare bat osatuz. Euskadin, Estatuan eta Europan gertatzen diren albiste nagusienen berri ere emango du.
Esku Zabalik Buletinak berariazko atal batzuk ere izango ditu, hala nola, jardunaldi, mintegi eta kongresuei buruzko informazioa eta gai hori zuzenean eta/edo zeharka lantzen duten iritzi artikulu, argitalpen eta liburuei buruzko informazioa jasoko dutenak.
Buletin berriaren lehenengo zenbakian azken hiru hilabeteetan egindako lana jasotzen da. Informazioa biltzeko eta bilatzeko lan gogor hori joan den uztailean hasi eta iraileko azken astean bukatu da. Gipuzkoak aurrera egin dezan, ezinbestekoak dira talde-lana eta lidergo partekatua. Halaber, kultura politiko berri bat behar da politika publikoen lankidetza-esparrua zabaltzeko eta gizarte ordezkarien eta herritarren arteko komunikazioa sakontzeko.
Gipuzkoa lankidetza-sare zabala bihurtzea izan da helburua, arazoak aztertu eta konpontzeko lana modu bateratuan egiteko. Lehen zenbakia kalean da dagoeneko.