Paris-Bilbo-Madril

Paris-Bilbo-Madril –

Paris-Bilbo-MadrilBilbao-New York-Bilbao” da Kirmen Uriberen eleberri zaharrena. Euskarazko Narratiba Kritika saria jaso zuen 2008an, eta hurrengo urtean estatuko Narratiba Saria. Meritu itzela izan zen sari hura eskuratu izana, inoiz ez baita erraza izan euskal herritorrantzako nahi edo desio duguna lortzea Madrilen (adibide bakan batzuk kenduta). Liburuan New Yorkera bidean lau belaunaldien inguruko kontuak helarazten dizkigu idazleak; aitonarengandik hasi eta txikienarengana iritsi arte.

Larunbatean Bilbon zegoen Kirmen, New Yorketik bueltan edo New Yorkera joatekotan. Pankarta eusten zioan. Ez dakit oso ondo nondik datorren “pankarta” hitza, baina nire irudimenean, “pangea” bazen kontinente erraldoia, eta “pandemia” neurri handiko kalamitatea, “pankarta” nahitaez  karta erraldoi bat izan da behar da. Hori izan baitzen, neurri batean, larunbateko pankartak egin zuena: gutun bat bidali espetxeetan dauden 300 presoei, mezu bat itsasoz bestalde dauden 15 deportatuei, eta eskutitz bat batek daki zenbait iheslariri.

Kirmen Uribek “pankarta” bat idatziko balio gaur euskal preso bati, demagun, Ondarroako lagun bati, ez dakit zehazki zer kontatuko lioken, baina ezingo lituzke hiru kontu aipatu gabe utzi: frantziar estatuak hartu (omen) duen erabakia, euskal presoak Euskal Herritik hurbilen dauden bi espetxeetara eramateko (ikusi arte ez dut sinestuko); Bilbon larunbatean 100.000 lagun bildu zirela sakabanaketaren aurka eta giza eskubideen alde; eta aurtengo urrian Madrilera goazela (omen) berdina aldarrikatzera.

Parisera egin zen bidaiaren bueltan bi aukera daude: batetik, estatuak presoak gerturatzeko erabakia hartua zeukan, eta manifestazioa zetorren erabaki horri sustengua emateko modu bat izan zen; edo bestetik, eztabaida indartsua zegoen gobernu barruan eta manifestazioa balantza behar zen aldera lerratzeko mugimendu bat izan zen. Ez dakit. Baina Parisera joan aitzin, lan ugari egin zen sukaldean; eta hori bezain garrantzitsua dena, lan hori ere sozializatu egin zen.

“Bilbao-New York-Bilbao” liburuan aitonari galdetuz gero, hark esango liguke: euskaldunak ez gara inoiz joan Madrilera geure eskubideen alde manifestatzera. Nehoiz. Zehatzagoak izate aldera, azken mendeetan geure osotasun fisikoa mantentzeko kontrako norabidea hartu dugu maiz.

Geure ordez urteetan aritu dira Madrilen euskal errepresaliatuen eskubideen defentsa aldarrikatzen urrea balio duten madrildar kaskagogor batzuk, esaterako Tirso de Molina plazan faxistekin aurpegiz-aurpegi.

Baina gutako milaka hara joan? Zertara? Nori zer esatera? Herenegun egindako prentsaurrekoan, Sareko bozeramaileek adierazi zuten “hainbat kontaktu diskretu” izan dituztela. EAEko Ahal Duguk ez du Bilboko manifestazioa babesten; estatukoak Madrilekoa babesten badu, aho bete hortz geratuko naiz. Zeren eta hori da bestea: manifestazioa egiteko baimena emana badago, Manuela Carmenaren udala jipoituko dute; eta ez hori bakarrik. Azkenean baimena egongo balitz, eta liskarrik izanez gero, are eta hobeto etorriko litzaieke PP eta PSOEri; ez zait iruditzen poliziari gehiegi kostatuko litzaiokenik une batez beste aldera begiratu eta faxistei manifestazioa erasotzen uztea, ondoren prezio politikoa bertako udalaren, eta bereziki, euskaldunon bizkar uzteko.

Paris-Bilbo-Madril

Urteetan barna egindako lan itzelari esker, badirudi frantziar estatuan badaudela bai aho biziak eta bai belarri prestak. Akaso egia da, eta berehala presoak ikusiko ditugu Mont-de-Marsan eta Lannemezanen, baina ondoren lan handiak izango dira esku artean oraino. Preso batzuk kalean behar lukete giza eskubideak errespetatze aldera; preso guztiak kalean behar lukete gatazkaren konponbidea lehenetsiz gero. 

Ez dakit Kirmen Uribek idatziko lukeen pankartaren izenburua “Paris-Bilbo-Paris” izango litzatekeen edo ez, baina badirudi Sare Herritarrak “Paris-Bilbo-Madril” idatziko duela. Azkenean horrela bada, eta azala asko gustatu ez arren, ez izan zalantzarik: irakurriko dut.

Paris-Bilbo-Madril

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

Zer duzu buruan “Paris-Bilbo-Madril”-ri buruz

  • ganbaratxotik 2018-01-16 18:56

    Ados Beñat, nik ere mimetismo gehiegi ikuste dut eta ez dakit Paris eta Madril parekatzerik dagoen. Kontu handiarekin jokatu beharko da etsaiari argudiorik ez emateko. Nik ere zalantzak.