PAKTISMOA Euskal Herrian ez ezik Katalunian ere
Baskongandiletan bederen, herria, nazioa, kultura, hizkuntza…-nahi duzuen bezala deitu- berrogei urteotan txikituta utzi duen estrategiak, paktismoak, Katalunian ere badu bere bertsio berri propioa eta berri diot zeren konbergenteen haien bertsio zahar hark, hemen ez bezala, konbergente haien desagerpena ekarri baitzuen.
Baina zer da paktismoa? Nik esatera, utzidazue esaten, engainu bat, iruzur handi bat: Euskal-herriko edo Kataluniako autodeterminazioa Espainiako estatuarekin hitzartuta etorriko dela azaldu nahi izatea, gezur handi bat defendatzea da, azken helburu horretara inoiz eramango ez gaituen bide bat defendatzea da. Izan ere, mapa genetikoan berean Espainiako batasun ukiezin hori daraman eta behin eta berriz oso modu esplizituan ezein autodeterminazio klase ez duela negoziatuko esan duen estatu batekin inolako hitzarmenik posible dela saltzea, hori jendea engainatzea da.
Hori jakinda ere, baskongadilla hauetan estrategia hori martxan jarri eta egun eusten diotenek beren interes politiko-ekonomikoak jarri dituzte ustez duten helburuaren gainetik. Ildo horretatik ere, esan daiteke bidea zenbat eta luzeagoa izan orduan eta emankorragoa dela haientzat. 79ko ditxosozko estatutu haren ibilbideak erakusten digu ondoen dioguna: berrogei urte lege xixtrin bat bete nahian ematea eta oraindik bete gabe egotea, bietako bat: edo adar jotze oso handi baten edo adar jotze izugarri baten aurrean gaude. Atzerapen hori ez da, hala ere, nolanahi etorri, atzerapen horretarako interes handiak zeuden eta urte horietan guzietan estatuarekin negoziazioetan ibili diren horiek dira onuradun erabatekoak: lege zirtzil bat betetzeko kapaza izan ez baina ibilbide luze horretan erabateko hegemonia politiko-ekonomiko lortu dute. Ez zeukaten presarik. Etor daitezela horrelako beste berrogei.
Katalunian ere ERCren oraingo zuzendaritzak PNVren estrategia bera abian jarri izanak Kataluniako herria kale itsu berberera eramateko saioa dela pentsatzera garamatza: beste berrogei urte Espainiako estatuarekin (edo gobernuarekin soilik?) negoziatzen. PNV neoliberal latzaren kasuan garbi dago baina ERCren kasuan, ze interes klase egon liteke hor? Haiek ere abandonatu al dute independentziaren ideia? Ze negoziazio klase egin liteke etxean bertan ere etsai handiak dituen PSOEko sektore batekin? Ze axola zaie negoziazio horiek estatuan benetako boterea daukaten aparatu guztiei (botere judiziala, ekonomiko, militarra…)?
Ez dakit nahita ala nahigabe, baina ERCren oraingo zuzendaritza urteetan luzatuko den autonomismo hutsa proposatzen ari da, aritmetika milinga lagun, egun batean benetako negoziazioak egiteko adina indar emango dien urteetako hauteskunde autonomista prozesua proposatzen ari da. Orain artekoak ikusita Kataluniako independentismoak egun batean % 80era ailegatuta ere estatuak benetako negoziazio batera makurtuko dela pentsatzera imajinazio eta fede ikaragarria behar da .
Beste aldetik praktikak garbi asko erakutsi digu estatuko hauteskundeen amarauna justu hortik inor ez ateratzeko eratuta dagoela eta norbait saiatuz gero armiarmak zizta egiten duela, galde diezaietela bestela Carma Forcaldelli edo Jordi Cruixarti. Bestetik baseak zabaltzearen mantra horren bitartez estatuari orain gehien behar duena oparitzen zaio: denbora. Hau gutxi ez eta, baseak zabaltzeko nori begiratu eta ezker espainolista horri begiratzen diote: PSOE eta Podemosi. Espainiaren aspaldiko amarru horrek segitzen du bikain funtzionatzen, polizia on eta gaiztoarenaren antzeko zerbait da, edo ahaztu egin al dugu autodeterminazioa aldarrikatzen zuen pankarta eskuetan Felipe Gonzalezen argazkia 78ko aldi hartan? Noizbait ikasiko ahal dugu herrien autodeterminazioa ukatzen duen ezkerra edozer gauza izan daitekeela baina ezkerra ez. Espainiako ezkerra diogunean oximoron batez ari gara.
Gaur egun arazo sozialak deitzen zaien horien inguruko diskurtsoa ezker unionista horrek maneiatu du, hain justu ere, eta ez nolanahi, zertarako eta herrien autodeterminazioaren debatea saihesteko. Hain dute ondo gaia maneiatu -loquerealmentelesimportaalosciudadanos- ezen CUP kenduta, Euskal-herriko eta Kataluniako ezker guztiei, argumentu bat falta izan zaie (edo ezkutatu edo ahaztu edo esan nahi ez, edo…) nire ustez funts-funtsezkoa: eskubide sozial, indibidual eta kolektiboak askoz bideragarriagoak eta errezagoak lortzen izango dira Euskal-Herri edo Katalunia independiente batean Espainiako edo Frantziako estatuan baino.
Oinarriak zabaltzeko modu bakarra jendearengandik ateratzen den eta estrategia garbi bat daukan fronte independentista sendo bat eratu eta martxan jartzean etorriko da, ez bestela. Katalunian, ERCren oraingo zuzendaritzaren penarako, hori instituzioetan, alderdien zuzendaritzetan eta aritmetika milingetan ez, baina kalean badago. Euskal Herria, berriz, lekutan dago egoera horretatik.
Hori guztia dela eta, Katalunian ERCren oraingo zuzendaritzak abian jarri duen paktismo berri honek porrot egingo du, inola ere. Hemen berriz, alderantzizko prozesua ari gara nozitzen: Paktismoa ari da herria, nazioa, kultura, hizkuntza akabatzen, orain ezker abertzalea ere lagun dutela. Paktismoa da akabatu behar dena herria martxan jartzeko. Hala Euskal Herrian nola Katalunian paktatu behar den bakarra independentziaren baldintzak dira, herriak hala erabakitzen duenean. Horretarako herria behar da, jendea, eta ez mailarik ematen ez duen elite politiko maxkal bat.