Pako Sudupe: “Espainiako indar armatuetan eta justizia-administrazioan frankismoaren herentzia nabarmena da gaur egun ere”

Pako Sudupe –

UEUren ataritik.


Pako Sudupe Elortza (Azkoitia, 1959) Errepresioa estatu frankista berriaren zimendu (1936-1948) liburua argitaratu berri du UEUrekin. Sudupe doktorea da Euskal Ikasketetan eta 2001etik Pasaiako Udaleko Euskara Zerbitzuan ari da, euskara normalizatzeko teknikari-lanetan.

Pako Sudupe

Errepresioa estatu frankista berriaren zimendu (1936-1948) liburua argitaratu berri duzu UEUrekin. Nola sortu zen ideia?

Ideia aspalditik. Aitak hiru urte egin zituen gerran, eta pasadizo asko kontatzen zizkidan mutikoa nintzela. Askotan neuk zirikatuta: aita!, nola zen Ebroko bataila hartakoa…! Jaioterrira itzultzean, gerra-galtzaile izateagatik, arazoak izan zituen lana lortzeko. Eibarrera joan behar izan zuen lan egitera. Nire gurasoen bizitza asko markatu zuen 36ko gerrak, garai hartako beste askorena bezala. Gure aita 1911n jaioa zen, eta ni 1959an. Niretzat aitona-amonen gerra ez baizik eta gurasoena izan zen. Hortik liburua idatzi eta gurasoei eskaintzeko gogoa.

Memoria-liburu bat dela diozu, garai eta testuinguru zehatz bati lotutako memoria-liburua.

Bai, gurasoei eta biktimei eskainia. Frantziako Iraultzan, Robespier-ek, Saint-Just-ek eta Couthon-ek Izua ezarri zuten bezala, 1936an, Molak Nafarroa Garaitik eta Francok Afrikatik eta Queipode Llanok Andaluziatik Izua ezarri zuten, eta Trantsizioan ez zen erregimen frankistak eraikitako estatu faxista eraitsi. Felipe Gonzalezen PSOEk eta Camachoren PCEk onartu zituzten frankisten errebindikazio nagusiak: erreferendumik gabe Francok ezarritako Juan Carlosen monarkia atxikitzea, eta Espainiaren batasun zatiezina, hots, autodeterminazio-eskubiderik eza, eta hauteskundeetan parte hartzeko baimenaren truke, Amnistia legea eta frankismoaren ahanztura ezarri ziren. 1936ko altxamendu frankistaren aurka borrokatu eta biktima izan zirenen memoria errebindikatu beharra dago. Zenbat film egin diren eta egiten ere diren nazien erregimena salatzeko eta zein gutxi matxinada faxista izan zen bezala azaltzeko! Horretan, aletxo bat jarri nahi du liburu honek.

Errepresio mota desberdinak jarri nahi izan dituzu erdigunean. Zeintzuk?

II. Mundu Gerra dudarik gabe Hitlerrek eta alemanek abiatu zuten. Gero haren aurka egiteko aliatuek ere errepresio basatia ezarri zuten. Alemaniako Dresden aliatuek egindako sarraskia adibide esanguratsu bat da. Helburu militarra izan gabe, ehun milatik gora zibil erail zituzten. 1936ko gerra Molak eta Francok eta jeneral espainiarrek sutu zuten. Kopuruak ez dira garrantzitsuenak, ideiak eta gertakarien bilakaera garrantzitsuago; halere, tragediaren irispideaz kolpean jabetu nahi izatera: errepresio urdinak, gerra-frontetik kanpo, 130.000tik 150.000ra biktima eta errepresio gorriak 49.000. Biak jaso ditut. Argi utzita, Espainiako Hitler Franco izan zela, eta Nafarroakoa Mola.

Errepresio hauek justifikatzeko diskurtsoak ez dituzu ahaztu nahi izan; Elizaren papera bereziki.

Hasteko, gogora ekarri behar da oso elizkoia zela 1936an Hego Euskal Herriko gizartea. Martzelino Olaetxea barakaldoarra Iruñean, eta Idiazabalgo Mateo Muxika Gasteizen ziren gotzainak. Espainia mailan Gomá kardinal katalana izan zen giltzarri, gotzain espainiar guztiak Francoren alde posizionatzeko. Erlijiosoek obedientziaren botoa egiten dute, eta hierarkiak Francoren alde egin zuen argi eta garbi, oso salbuespen gutxirekin. Francoren aldeko militantea izan zen Eliza. Errepresioa ere jasan zuen: guztira 6.832 erlijioso erail zituzten gorriek. 4.184 apaiz —hamahiru gotzain—, fraideak 2.365 eta mojak 283. Gizartea espiritualki menderatzeko Eliza instituzio ikaragarri indartsua izan zen eta garrantzi handikoa Francoren erregimenarentzat.

Pako Sudupe

Frontetik kanpo eraildakoei eta haien ahaideei gorazarre egin nahi izan diezula diozu. Ahaztuak izan dira?

Francoren alde hildakoak gogoratuak eta omenduak, eta, aldiz, Errepublikaren edo euren aberriaren alde hildakoak ondo ahaztuak bai, dudarik gabe. Hobi komunetan erabat ahaztuak eta isilaraziak. Denok dakizue XXI. mendera arte egon beharra egon dela hobietako hezurrak azalera atera eta omentzeko. Oraindik ere horretan ari da Aranzadi, eta horretan ari dira memoria gordetzeko eta ezagutarazteko elkarteak.

Hilketen aurka agertu ziren errepublikazaleak ere ezagutzera eman nahi izan dituzu.

Bai, dozena erdi bat eman ditut ezagutzera, eta esango nuke liburuko atal aipagarrietako bat dela.

Carrasco katalana, Manuel Irujo nafarra eta Peset mediku valentziarra kristau sinestunak ziren, eta nagusiki sentimendu eta izaera horrexek bultzatu zituen mehatxatuak salbatzera.

Joan Peiró eta Melchor Rodriguez anarkisten kasuan, oso garbi zeukaten miliziano pistolariek kalte egiten ziotela idealismo errepublikano iraultzaile edo erreformistari eta errepublika herrikoiari. Melchorren kasuan, esan liteke zuhurtziarik gabe aritu zela, gehiegizko eskuzabaltasunarekin.

Eta, azkenik, kontsul masoi Porfirio Smerdou-ri buruz esango nuke batez ere sentimenduak eta enpatiak bultzatu zutela bizia galtzeko arriskuan zirenei laguntzera, eta agian klase-sentimenduak ere bai, ahaide eta lagun gehienak eskuindarrak zituenez gero.

Antzinako kontu hauek gaurkotasun handikoak dira. Zein izan da egoera hark utzitako herentzia?

Espainiako indar armatuetan eta justizia-administrazioan frankismoaren herentzia nabarmena dagaur egun ere. 2020ko urte-amaieran, berrehundik gora militarrek gutuna egin zioten Felipe VI.a errege-estatuburuari aditzera emateko ezen PSOE eta Podemos gobernuan zirela, Espainiaren batasuna arriskuan dagoela. Halaber, Francisco Beca jeneral erretiratuak whatsappez aditzera eman du militarren talde baten aurrean, hogeita sei milioi espainiar putaseme fusilatu beharra legokeela eta Francori buruz, errepikaezina izan zela, eta historia errepikatu beharra dagoela.

Gertaera horien ondoko Pazko militarrean, armadaburu den erregeak ez zien kargu hartu gutungileei ez eta Becajeneral erretiratuari ere.

Liburua kolpe militar eta gerra zibilari buruz adituak direnentzat ez dela diozu. Nori dago zuzenduta?

Liburuaren kontrazalean diodan bezala, 1936ko gerrak interesa pizten dien orori. Jakitun naiz batzuentzat gaia ahazteko hobea dela, baina beste batzuentzat, hura tragedia bezala bizi izan ez dutenentzat, kilikagarria eta erakargarria izan daiteke. Euskaraz, gure aurrekoen bizitza ikaragarri markatu zuen gertakari horretaz gehiago jakiteko, hobeki ezagutzeko eta ahantz ez dadin, haren ondorioek hein ohargarri batean bizirik jarraitzen dutenez gero.

Pako Sudupe Pako Sudupe Pako Sudupe Pako Sudupe

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.