Nekane, Paki eta Maritxu

Paki eta Maritxu –

Nekane, Paki eta MaritxuArratsaldez bildu dira hirurak kafea hartzeko, terraza hotz batean. Aspaldi dira lagunak, irakasle-ikasketak elkarrekin egin zituztenetik. Koronakrisiaren inguruan kontu-kontari jardun dute, lana nekezagoa da denentzat eta haiek gehiago somatzen dute, urteen ajeak nabarmenagoak baitira. Baina beste zerbaitek kezkatzen ditu: aurten 59 urte beteko dituzte eta, ustez, 60 urterekin jubilatzeko aukera izan beharko lukete. Hori, ordea, ez da posible izanen.

Nekanek lasai egon beharko luke, funtzionarioa baita, baina ordutegi murrizketak maiz hartu zituen seme-alabak zaintzeko, eta orain konturatu da horrek jaitsi diola jubilaziorako kotizazio oinarria, eta nahiz eta 23 urterekin lanean hasi, ez dela iritsiko eskatzen diren 35 urte kotizatuak izatera eta, beraz, 60 urtetik aurrera lanean segitu beharko duela. Senar ohiak, aldiz, urte guztiak % 100 kotizaturik dauzka, eta ez du arazorik edukiko dagokion adinean jubilatzeko.

Paki Iruñeko udal ikastola batean hasi zen lanean, eta gero Udaleko funtzionario bihurtu zen. Baina ikastola horiek Nafarroako Gobernuko ikastetxeen sare publikoan sartu zirenean, langileak funtzionarizatu egin ziren, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean hain zuzen ere, eta ez Klase Pasiboetan, gainerako irakasle funtzionarioak bezala. Hori dela eta, 2012-2017 tartean 60 urterekin ezin izan ziren jubilatu eta, geroztik, 2018ko aurrekontu orokorren emendakin bati esker bai, baina aukera hori 2022an desagertuko da, berak 60 urte betezen dituenean, 36 urte kotizatuak izanik ere, 67 urterekin jubilatu beharko du.

Maritxu ikastetxe publikoetan aritu da beti, baina kontratatua. Oposizio askotxo egin du, gehienak gainditu, inoiz funtzionario bihurtzea lortu gabe. Gainera, minbizia pasatu zuen orain dela 8 urte, eta horrek dexente urritu zion buruz ikasteko gaitasuna. Azken oposizioak okerrago atera zaizkio, eta indarrean dagoen kontratazio zerrenden sistema bidegabea pairatzen ari da. Hondarreko urte hauetan ordezkapenak besterik ez ditu egin eta horrekin gutxiago kotizatu du; hortaz, gaitza zaio erretiroko bidea.

Bestalde, esan dute ez dela betetzen 2018an sinatutako ituna; adibidez, oraindik ez zaie lanaldi osoaren herena murriztu 60 urteko irakasleei. Horrek ekarriko luke ikastetxean egon beharrik ez izatea (heren horretan) eta jardunaldia arinagoa gertatzea. Bidenabar, hezkuntza pribatuko irakasleek 61 urtetik aurrera duten lanaldi-murrizketak publikoan ere izan beharko lirateke, are gehiago kontuan hartuta Hezkuntza Departamentuak ordaintzen dituela.

Lankide gehienek ez dakizkite horiek denak. Ikusten dute momentuz irakasle askotxo jubilatzen direla 60 urterekin, baina ez dira ohartzen 2011tik geroko funtzionario guztiek 67 urterekin (edo, agian, 70ekin) erretiratu beharko dutela. Gainera, matrikulazioa jaitsiko da datozen urteetan eta ezin dira jabetu irakasle gazteek izan dezaketen etorkizunaz.

Hotzago abailtzen da ilunabarra. Kafearen azken hurrupa hartu eta musukoa jantzita, elkar agurtu dute batak bestea ukitu gabe, inoiz jubilatuta besarkatuko direlakoan.

.

Raúl López Ekai eta Maider Lasa Artieda

STEILAS

Nekane, Paki eta Maritxu

STEILAS Nafarroa