PAI, ez hemen, ez Albaceten
PAI, ez hemen, ez Albaceten –
Hainbat ikasgai Ingelesez Ikasteko Programa (PAI), ez ingelesa ikastekoa, Nafarroan bertan Albaceten edo Madrilen bezain kaltegarria da. Hain zuzen duela urtebete, martxoaren 17an, bertan behera geratu zen Madrilen “La chapuza del bilingüismo madrileño” dokumentalaren estreinaldia, zeinetara gonbidatu gintuzten antolatzaileek; gaur dokumental hori sarean ikus daiteke. Lan hau hainbat familia, irakasle, aditu eta sindikalistak sustatu zuten, ingelesezko erdi-murgiltze ereduak desagerrarazteko asmoz, ikasleentzako kaltegarriak baitira, ingelesez ematen diren gaietan curriculuma husten delako, haurrei ahalegin gehigarria eskatzen dielako eta eskola-segregazioa areagotzen duelako, berez estatu guztian aski larria dena. Madrilgo kolektibo horiek, guk Nafarroan bezala, nahiko lukete egunen batean lortu Albaceten dagoeneko errealitate dena: 17 ikastetxek programari uko egin diote. Gure Foru Erkidegoan eskola batek dagoeneko ildo beretik jo du: Borroka luze baten ondoren Castejongo haur batek ere ez du PAI sisteman ikasi beharrik izango. Horretarako eskola-kontseilu guztiaren eta klaustroko gehiengo oso handiaren adostasuna lortu dute; guztia izan da Albaceteko emakume batek gidatutako zuzendaritza-taldeak egin duen lan egoki eta saiatuaren fruitua. Hauek beren ikasleei kalitate goreneko hezkuntza eman nahi diete, nahiz eta baten batek eraso dien eta bere fantasmak haiengan proiektatu.
Ehundik gora ikastetxetan eta 50 herritan ikasle guztiei PAI inposatu zieten talde politiko-mediatikoek alarma jo dute, Parlamentuan eta iritzi publikoan agerian geratu baita irakasteko modu honek eragiten duen arazo larria. Oso urduri daude, eta betiko konfrontazio estrategiari heldu diote, besteei leporatuz eurak mugitzen dituzten arrazoiak: nazionalismoa, haien kasuan espainiarra, hizkuntza eta naziotasun bakarrekoa (haatik, soilik sindikatu abertzaleei hartzen diete kargu, ezkutatuz PAIaren kontrako jarrera estatu guztian hedatuta dagoela).
Gai honen inguruan beharrezkoa litzateke itun politiko, sozial eta sindikal orokor bat, hizkuntza bakoitza bere lekuan kokatuko lukeena hezkuntza-sisteman. Halako aniztasuna duen estatu batean adostutako gutxieneko batzuk finkatu beharko lirateke, ikasle guztiei bermatzeko bere autonomia erkidegoko berezko hizkuntzak edo ofizialak menderatuko dituela (Nafarroa da erkidego bakarra non bere hizkuntza, euskara, ikasgai gisa ere, ez den derrigorrezkoa), baita atzerriko beste hizkuntza bat edo bi ezagutzea ere. Egiaztatu da hizkuntza minorizatuetan murgiltzeak -esaterako katalanez edo euskaraz- arrakasta lortu duela elebitasuna iristeko, eta era berean ingeleseko maila ona lortzeko. Murgiltze horrek gutxienik asteko eskola-orduen %80 eskatzen du, bestela ez baita iristen bi hizkuntza propioetan beharrezkoa den oinarrizko ezagutza kognitibo-akademikoa. Hau PAIaren bidez hizkuntza batean ere ez da lortzen; eskola orduen %50 besterik ez dira ingelesez, eta horrela gaztelania ezagutzari ere kalte egiten zaio, eskolak ez dituelako erabilera desberdinak bermatzen, ez eta irakurtzeko zein idazteko prozesu normalizaturik ere; ikasten den ingelesa ez da oso erabilgarria. Soilik maila ertain edo altuko familiek jar ditzakete, izugarrizko ahalegina eginez, sistemaren gabezia horiek gainditzeko baliabideak.
Azkenik, PAIarekin ados ez dauden hainbeste familia eta irakasleengana jo nahi dugu, benetan sinetsi gabe ematen dutelako edota ikusten dutelako gaurko ikasleek PAI aurreko promozioen aldean galdu dutena. Animatu nahi ditugu ez daitezen isilik egon; sala dezaten ikusten dutena, aspaldian hainbat ikastetxetan egin zen bezala: Ablitas, Cascante, Orkoien, Gares, Uharte… Hasieratik zekarren lardaskeria antzeman arren ikasleak irabazteko PAI onartu zuten zuzendaritza-talde horiei konpromiso zibikoa eskatzen diegu (eskola publiko batzuek arazoak zituzten, eta itunpekoek marketing lehiakorrari aurre egin nahi zioten).