Otsoa ardi-zain
Otsoa ardi-zain –
Xabier Euzkitzek Noticias de Gipuzkoa hedabidean.
Eskupekoka funtzionatzeko ohitura handia izan du zenbaitek. Arazoak konponbidean jartzeko, aferak ezkutatzeko, protokoloak arintzeko edo isunak saihesteko baliatu izan dituzte askok. Patrikatik patrikara, ttak. Aljerian, Senegalen edo Mexikon beste aukerarik ez du uzten poliziak: bide-bazterrean egonaldi luze bat egin nahi ez baduzu, emadazu eskupeko polit bat disimulu ederrean; egoskor jarri izan ez bazina, hau askoz lehenago konpon genezakeen; ederki, aurrera, egun ona izan dezazula.
Ez dago ezer babesgabeago sentiaraz zaitzakeenik babestu behar zintuzkeenaren ustelkeria baino. Gaizkileak jazartzeko dagoenak berak iruzur edo estortsio egiten badizu, salduta eta galduta zaudelako sentsazioa itogarria izan daiteke.
Ertzain bat zigortu dute biktima bati ukituak egiteagatik. Andrea ertzain-etxe batera joan zen, babes-agindu baten urraketa salatzera. Gizonezko ertzain batek hartu zion deklarazioa. Biharamunean ertzain hori bera emakumearen etxera joan zen, dokumentu ba-tzuk emateko aitzakiaz. Etxe barruan emakumea besarkatu zuen eta hainbat ukitu egin zizkion. Andreak behin eta berriz bakean uzteko eskatu arren, poliziak jarraitu egin zuen.
2021eko maiatzean gertatu zen eta iragan urtarrilean epaitu zuten. Genero-indarkeriaren aurkako unitatean ziharduen ertzainak, sexu-abusuak atzemateko prestatuta zegoen, biktimei beharrezko laguntza emateko protokoloak ongi barneratuta behar zituen, baina, uniformeak zemaion autoritatea baliatuz, bera bihurtu zen erasotzaile. Ertzainari 2.160 euroko isuna jarri diote, “egindako kaltea erraparatu izana” aringarritzat hartuta. Epaian ez dut irakurri erasoa egiteko kargua baliatu izana larrigarritzat jo dutenik, eta hor letzake gako nagusietako bat. Zaindu behar zintuzkeenak eraso egiten badizu, nola fidatuko zara inortaz?
Otsoa ardi-zain