Otsail hasierak
Otsail hasierak –
Gurean, beste etxe askotan bezala, aste horretan urtebetetzea betetzen zuenean familiakoren batek, igandeko bazkari “bereziarekin” ospatzen genuen. Urte hori, ez zen ezberdina izango.
2005.eko otsailaren 6a zen, aita Blas Deunaren egunekoa izaki, iganderako utzi genituen ospakizunak. Ni neu, lehenago altxatu nintzen mahaitik, ordea. Hurrengo egunean Madrilen abiatzen zen gure aurkako makro-epaiketarako hitzordua baikenuen jarrita. Etxekoekin agurra ere, berezia izan zen: aste baterako (3 hilabeteko luzapen-aurreikuspena genuelako), urteetarako (atxilotu, espetxeratu eta zigorra betetzeko epearen araberakoa)… ez genekien noiz arteko bidaia abiatzen genuen egun hartan. Gaur ziurgabetasunaren garaian bizi garela diote “adituek”; aurrekoetan oso ziurra genuen bakarra “kontue jodidute jauk” genekienean…
Hilabete intentsuak izan ziren: eztabaida biziak, gazte kanpaina martxan, 18/98+ lan-taldeak lanketa eginda, norberak bere ariketa propioa burutzeko beta eta tarte gutxirekin, egia esanda.
Gure aurkako epaiketa otsailaren 7an hasiko zela oso denbora gutxiko aurrerapenarekin jakin genuen (guk, eta gure abokatuek) eta denbora tarte gutxian gaitasuna izan genuen, barrutik zein kanpotik, bateratasuna adierazteko: “euskal gazteria aurrera” kamiseta gorria jantzita, besteak beste. Urteetako aurrelana izango bagenu, ez genuke hobeto egingo (kar, kar). Baina antolaturikoa atera zen egun hartan.
Oraindik etxean dut kamiseta hura, aspaldi sartzen ez bazait ere (urteak ez dira debalde igarotzen… ejem). Jarritako lehenengoetariko aldia, Eusko Jaurlaritzako justizia sailburua zen Joseba Azkarragarekin izandako bilera izango zen. Eta gauzak zer diren; urte batzuk geroago elkarlanean aritu ginen euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen saretze lanetan. Gaurdaino heltzen den aliantza ehunduz.
Egun batetik bestera kamisetak egin zizkigunarekin harremana mantentzen dut ere. Orduko urgentziak eta gora-beherak gainditurik, askatasuna eta bakea aldarrikatzen duen Gernikako koloreetako txoriaren demanda hornitzen baitigu aldiro. Herri honetan, inoiz ezin duzu jakin nora eta noraino eraman zaitzakeen langintza kolektiboak. Pentsa, epaiketaren lehen egunaren ondoren, Sabino Ormazabal – Markel kide eta geroztik lagun handiaren aitak- “Guernica” koadroa ikusten joatea iradoki zigun, Reina Sofia museora. Lehen aldia zen jende askok subkontzientean iltzaturik dugun eta gure tragedia unibertsalizatu duen artelanaren aurrean nengoela. Nork esango zidan bere izen bereko herrian bizitzen bukatuko nuenik, eta “Guernica Gernikara”-ren eroalea bihurtuko nintzenik beste jende askorekin batera.
Izan ere, ni Gernika-Lumora ekarri ninduenak Esperantza frontoian azaldu ginen egunean, urteak egiten zituen. Otsailak 4. eguna betetzerakoan. Ordukoa 2007a zen. Aitak, bezperan, esan bezala. Urte hartako bazkari familiar eta ospakizunetan ez nintzen azaldu, zigorra betetzeko epailearen autoari jarraituz, polizia, ertzaintza eta guardia zibilak gu atxilotzeko agindua zutelako, eta ezkutaturik izan ginen Bilbon azaldu bitartean.
Hurrengoetan ere ez nintzen bertan izan; orduan ez banekien ere, ez zen gehiagorik egongo eta. Aita, espetxeraturik nindutela oraindik, hil baitzen. Haren hileta izan zen denok elkartu gintuen azken aldia 2010.ean (ni barne, presondegitik kondukzio berezian eraman nindutelako agurtzera). Bizitzaren komeriak.
Frontoiko agerraldia umeen esku-pilota partidua etetearekin hasi zen. Han zeuden bere familiakoak, federazio eta kirol elkartekoak, epaileak, aurretik jokatutako ume taldeak, ondoren jokatzeko asmodunak… baina gu heldu ginen. Gu, espetxeratuko gintuzten 18 gazteok, eta ehundaka gehiago, gu handiago bat osatuz. Zer pentsatuko zuten ume haiek gertatzen ari zenaz…. gaur gazteak izango dira. Gogoratuko dira? pilota hartu, partidua amaitu dela iragarri, kantxa okupatu, harmailak hustu, eta winter series berria hasi zen une horretan.
Areatzan eta Arriaga ingurutik zebiltzan ertzainen furgo andana; Bilbo ezagutzen ez duenarentzat, 400 metro eskaseko distantzia dago frontoia eta gune esanguratsu horien artean. Gu, banan banan, Esperantza kaletik sartu ginen, fin-fin. Konturatu orduko, antolaturikoa atera zen (beste behin). Gerora, jai alai propiora gehituko ziren herriaren zaintzaile finak…. Gainerakoa, historia luzea da. Luzeegia. Gazteak ginela espetxeratu gintuzten; jada gazteak ez ginela atera ginen.
Otsoaren hilabetea ei da otsaila. Bere lehen egunak hurbiltzen direnean ezin dut ekidin, urteak pasa badira ere, zirrara eta oroimin nahasmasa izatea barrenean. Otsoa ezagutu izan dugu hilearen hastapen batzuetan; bere bildurra, bere eragina, mina eragiteko duen gaitasuna. Hortzak erakusten saiatu gatzaizkio, ahal izan dugun bezala. Taldean, sinesmenez, anbizioz. Lurra esnatzeko ekarpena egin nahian.
Kontutxo bat: hilen izenak ageri dira hiztegi batuan, eta Euskara Batuaren Eskuliburuan, eta, nahiz eta bazterretan bestela erabiltzen diren eta kaos handi samarra izaten den, ‘a’ gabeak dira: urtarril, martxo, urri, maiatz. “Otsail hasierak” beharko zukeen artikuluan.
Eskerrik asko, Mikel, argipenagatik. Jasoa. Eta ikasia.