Eskola kirola: Ostikada batez hezkidetza jokoz kanpo
Eskola kirola: Ostikada batez hezkidetza jokoz kanpo
Argia aldizkarian argitaratutako gai baten harira, Itsaso Nabaskuesek eskola kirola hartu du ahotan Klitto! agerkari feministan.
Eskola kirola pil pilean dagoen gaia dela aprobetxatuz, eskola kirolean “Neska eta mutilek elkarrekin ala banandurik jokatu behar dute?” gaiaren inguruan Argia aldizkariak 2017ko urriaren 1ean argitaratutako elkarrizketaren ildotik zenbait puntu argitzeko beharrak pentsamenduak hitz bilakatzera bultzatu nau.
Hasteko, Ainhoa Azurmendik argitaratutako txostena goraipatu nahiko nuke. Eskola kirola eredu misto bat sustatzeko baliabiderik ez duela argudiatuz, neska-mutilek banandurik jolasteko gomendatzen du. Izan ere, Oarsoaldean (Gipuzkoa) egindako ikerketan, gaur egungo talde mistoak behatuz identifikatu dute neskek bazterkeria jasaten dutela, espazio txikienak okupatuz edota aitorpen postuetatik urrun geratuz. Ez, ez da kasualitatea; hezkuntza, gizartearen ispilu. Hartara, nesken kirol-uztea saihesteko eta ahalduntzea sustatzeko asmoz, gaur egun (eta momentuz) eredu banandua egokiena dela ondorioztatzen dute.
Bestalde, neska-mutilak bereizteko kategorizazio sinplista eta tradizionalaren erabakia hartzen duten kideek argudio ezberdinak plazaratzen dituzte haien erabakiak justifikatzeko. Hain zuzen, onenen eta txarrenen taldeak, edo kasurik onenean, talde parekatuak osatzeko kezka handia da. Kasu gehienetan, asmo txarrik gabeko erabakia izaki, “Eredu mistoa ala ez?” kezka berak, eskola kirolean (er)reproduzitzen dugun ereduaren egokitasuna kolokan jartzen du.
Haurren arteko abilezia ezberdinak kontutan hartuz, denontzako eredu egokiena zein izango litzake eztabaidatzen egon beharko ginateke, neska-mutilek elkarrekin jolastu behar duten ala ez eztabaidatzen egon beharrean. Bestalde, bidea ekitera goazela oztopo ugari horma bilakatzen dira, besteak beste, zurrunbiloan esklabu gaituen egunerokotasunak, guraso eta instituzioen presioak, gure lanpostua galtzeko beldurrak, gure sinesmen ezkutuak, baita eredu alternatiboak irudikatzeko ezintasuna. Antidoto bikaina ameslarien bide alternatiboak eteteko. Bestalde, eta zorionez, hausnarketa kritikorako gaitasunak bizirik manten gaitzake. Galderez beteriko hurrengo lerroetan zurrunbilotik atera eta gure mugen errora bidaiatzeko gonbitea luzatzen dut:
- Norentzako eskola kirola ari gara sustatzen? Eskubaloia, futbola eta saskibaloian trebeak direnentzako?
- Kasualitatea al da parte-hartzaileen gehiengoa mutilak izatea ala gizartean maskulinitatearekin lotutako kirolak proposatzearen ondorioa da?
- Nor da jokalari ona? Azkarra eta baloiarekin trebea dena, ala lidergotza eta besteekin enpatizatuz denekin jolasteko gai dena?
- Abilezia ezberdintasuna kudeaketarako arazo ala taldearentzako aberasgarri?
- Abilezia ezberdinak dituzten haurrek elkarrekin jolasteko kirol edo jarduerarik planteatzeko gai gara?
- Zein jarduera mota ote da egokiagoa ezaugarri ezberdinak dituzten haurrek elkarrekin jolasteko, lehiakortasuna eta arau zorrotzez beterikoa ala kooperazioa eta arau flexibleagoak bermatzen dituztenak?
- Orkesta gidatuko duenak, entrenatzaile edo hezitzaile, autoritario ala gidari?
Galdera hauen inguruko erabakiek eskola kirola eredu bat sortzen dute, eta hala, eraikitzen dugun ereduak haurren ikasketan eragiten du. Arlo honen inguruko literatura zientifikoak erakusten digu haur ugarik (eskola) kirola “haientzako gauza ez dela” ikasten dutela, besteak beste, obesitate indize igoerarekin eta bizitza estilo aktibo bat sustatzearen garrantziarekin kezkatuak daudenek arriskutsutzat jotzen dutena.
Abilezia gora, eta abilezia behera; baina abila izatea garrantzitsua al da eskola kirolean? Ikerketek diote abila eta baloratua sentitzeko aukera izatea ikasteko ezinbestekoak dela. Pentsa dezala bestela bakoitzak norbere buruan: “Txarren” taldean zaudela sentituz edo parte-hartze esanguratsua eskaintzen ez dizun aisialdiko jarduera batetan astean hirutan joateko prest egongo zinateke? Esan bezala, tamalez, gaur egungo ereduan, haur askok abilak ez direla ikasten dute, abila eta ez-abilaren arteko aldea sozialki eraikitako testuinguru tradizional, estu eta ikuspegi biologiko batean errotuta dagoela jakin gabe. Beraz, esango nuke, abila edo ez-abila izateak sexu ezberdintasunak baina garrantzi gehiago hartzen duela eskola kirolako testu-inguruan. Hain zuzen, eskola kirolean indarrean dagoen abileziaren diskurtsoa problematikotzat aitortzen dugunok, kirol-errendimenduaren lelopean diarduela kritikatzen dugu hezkidetza eta inklusiotik ostikada batez aldentzen gaituena.
Gertukoa zaigun adibide bat jartzearren; “Patata tortilla egiteko arraultzak eta patata erabiltzen ez baditugu, emaitza ez da patata tortilla izango”. Beste hitz batzuetan esanda, eskola kirolean hezkidetza sustatu nahi badugu, beharbada osagaiek ez lukete eredu hegemoniko, heteronormatibo eta kirol errendimenduaren diskurtsoek izan beharko. Edo hobe esanda, eta metaforarekin jarraituz, ingrediente horiek sukaldatzeko era aldatu beharko litzake produktua/emaitza (gure kasuan, sortzen dugun biztanle mota) ezberdina izatea nahi badugu behintzat. Isilpean baina indarrez manejatzen gaituen munstro handi honen interes ekonomikoek eskola kirolaren eredua erabat distortsionatu dute.
Ez dut dudarik eskola kirola tresna aproposa dela abilezia ezberdinak dituzten haurrei elkarrekin jolastu dezaketela erakusteko, aniztasuna errespetatu eta onartzeko eta kide ezberdinen artean kolaboratzea zer den elkar-bizitzeko. Hori ikastea ezinbestekoa dela aitortuko duzue askok, baina non ikasten dugu hori? Non ikasten dugu arraza, sexu, funtzio aniztasun, adin, erlijio eta abilezia ezberdinak dituzten pertsonekin harremantzen eta jolasten? Eskola kirolean, askok, ez behintzat. Hartara, galdera gehiago dantzan:
- Eskola kiroleko lan-taldeak gai al gara ezaugarri ezberdinak dituzten haurrek batera jolasteko saioak eskaintzeko?
- Hezkidetza sustatzeko jarduera egokienak zeintzuk diren badakigu?
- Eskola kirolaren esparruan lan egiten dugunoi unibertsitatean, zein bestelako 20 bat orduko ikastaroetan, eskaintzen zaigun formakuntza aproposa al da eredu inklusiboago bat osatzeko?
Sentitzen dut, baina galdera hauen erantzunak ez dira buruz-behera testuaren bukaera-aldean ageri. Izan ere, galdera horiek erantzuteko pozoi-magikoa bide alternatiboak sortzeko asmoa dugunon hausnarketek eraikiko dute. Irakurle mota guztien lasaitasunerako azpimarratu nahiko nuke “saltsa” honekin ez dugula inoren bidea oztopatu nahi, aukera berdintasuna bermatu baizik. Beraz, egon lasai guraso/entrenatzaile eta federazioko kideak. Poltsikoak beteko dizkizue(te)n futbolari profesional bakan horrek izango du bere bidea egiteko aukera, baina ez diezaiegun uka eskola kirola bide hori egin nahi ez duten gehiengoari.
Erantzun baino galdera gehiago eskaintzen dituen idatzi hau ixten joateko, eskola kirola haur guztien heziketa integralerako baliabide izan daitekeela indartu nahiko nuke. Ez da kirola helburua, erraminta baizik. Kirolak alde ilunak dituela aitortuz, ondo erabili behar den tresna dela ahaztu ohi dugu. Izan ere, kirolak gizarteko estereotipoak, genero eta gorputzaren diskurtsoak, abila eta ez-abilaren ingurukoak erreproduzitzeko ere balio bait dezake. Hala izanda, eskola kirola justifikagarria den ala ez eztabaidatzera iritsi gintezke.
Ondorioz, nire uste apalean, galdera ez da ea neskek eta mutilek eskola kirolean elkarrekin jolastu behar duten, “arazo” horrek iceberg-aren punta besterik irudikatzen ez du eta. Hezkidetza eta parte-hartzea badira gure hezkuntza sistemako helburu nagusiak, eskola kirolean trinko dirauten kirol tradizionalen egitura eta txapelketa sistemen egokitasuna eztabaidatu beharko genuke. Berdina egiten edo partxeak jartzen jarraituz gero, ez dugu emaitza ezberdinik lortuko eta.
Hartara, esparru honetan profesionaltasuna aitortu ezean, dokumentu ofizialetako hitz panpoxo eta ameslarion eredu utopikoetara hurbiltzea sasiz beteriko bidea izango da, “batzuentzako” eskola kirola des-eraiki eta guztiontzako bat eraikitzeko asmotan. Ainhoa Azurmendik aipatutako baliabideak direla medio, utopia izaten jarraitu beharko duela aitortu ordez, gure mugak gainditzeko osagai ezberdinen bilketan jarraitzeko erronka plazaratuz amaitu nahiko nuke. Indarrean dagoena deseraikitzeko erronka horretan hezkuntza-helburuetatik urruntzen diren interes ezkutuen kontra egin behar dela kontutan hartuz, horma eskalatzen indarra xahutu ordez, eskola kirolaren esparruan eredu alternatiboak eraiki nahi dituztenen ameslarien bidai-lagun izaten jarraitzea nahiago.