Osasunbideko baremo berrietan, euskarari mesederik ez
Horrekin, guztiz desagertzen da Osasunbidean beste alorretan baino gehiago euskara aintzat hartzearena. Paradoxa da baina Dekretu batean epaileek baliogabetutako artikuluekin (euskararen izaera lausotzen zutelako, Europako hizkuntzekin parekatzeagatik) euskara gehiago baloratzen zen baremo berriarekin baino.
OSASUNBIDEAREN BAREMO BERRIETAN, EUSKARARI MESEDERIK EZ.
Administrazioan Euskaraz taldeak Osasunbideak onartutako baremo berriak salatu nahi ditu. 2011ko urriaren 7an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako 110 eta 111/2011 Foru Dekretuetan agertzen dira.
Funtsean, 55/2009 Foru Dekretua Osasunbidean aplikatzeko dira baremo berriak. Hau da, eremu mistoan baremoaren % 3a puntuatuko du euskara eta eremu euskaldunean baremoaren % 6a.
Horrekin, guztiz desagertzen da Osasunbidean beste alorretan baino gehiago euskara aintzat hartzearena. Paradoxa da baina Dekretu batean epaileek baliogabetutako artikuluekin (euskararen izaera lausotzen zutelako, Europako hizkuntzekin parekatzeagatik) euskara gehiago baloratzen zen baremo berriarekin baino.
Eremu mistoan orain gutxiago baloratzen da A mailan sartzeko (deialdiko puntu guztien % 1’70etik % 1’10era) eta gainontzeko mailetara sartzeko ere bai (deialdiko puntu guztien % 4’37tik % 2’91ra), beti portzentaia txikien barruan. Eremu euskaldunean zertxobait hobetu dira portzentaiak, baina ezer esanguratsurik ez.
Bitartean Europako hizkuntza batzuk (frantsesa, ingelesa eta alemana) baremo berriarekin gehiago baloratzen dira bai eremu mistoan bai eremu euskaldunean, beste alorretan ingelesak jaso duen bultzadaren heinera iritsi gabe bada ere.
Administrazioan Euskaraz taldeak salatu nahi du Osasunbidearen jokaera, puntuazio horiekin euskaldunok behar bezala jasoak izatea ezinezkoa delako.
Iruñean, 2011ko urriaren 31n.
ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA. Identifikazio Fiskalerako Kodea: G31836323.
Ordezkaria: Joseba Otano Villanueva.