Osasun sistema publikoa indartzeko eta EAEko Osasun Mahaian eztabaida faltsuan ez ixteko lan egingo dugu

Gaur elkarretaratzea egin dugu Bilbon, Areilza kaleko osasun etxean. Bertan egon da Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra eta honakoa adierazi du: “Osakidetzaren egoera salatzeko eta osasun sistema publikoa indartzea eskatzeko mobilizatu gara gaur. Honek egoera horretara ekarri gaituzten politiketan aldaketa sakonak egitea eskatzen du”.

Mobilizazio sindikal eta sozialari esker osasun publikoaren gainbehera agerian geratu da. Osasun Mahaia eratu da eta hori urrats garrantzitsua dela uste dugu, eta, orain, eztabaida faltsuan ez ixteko lan egingo dugu. Izan ere, Jaurlaritzaren eta Osasun Sailaren aldetik sumatzen ari garena da ez zaiola benetan heldu nahi Osakidetzak behar duen eraldaketari. Ikusten ari garena da helburua adostasunak eraikitzea baino gehiago adostasunak irudikatzea dela.

Aurkeztu diguten diagnostikoaren laburpen-dokumentuan ez dira sartu LABentzat garrantzitsuak diren gaiak. Gai horiek zerikusi handia dute Osakidetzaren gainbeherarekin. Ez dira jasotzen pribatizazioari buruzko datu guztiak, ez arrazoiak, ez kostua. Ez da politika horien baloraziorik egiten. LABentzat ondorio kaltegarriak izan ditu pribatizazio politikak. Datu asko falta dira langileen bilakaerari buruz, etorkizunerako prospekzioari buruz, behin-behinekotasun tasa altuen eraginari buruz, mediku edo erizain egoiliarren egoeraz. Eta ez da agertzen guzti horrek guztiak zerbitzuaren kalitatean izan dituen, lehen arretan esaterako, ondorioei buruzko baloraziorik. Euskararen egoerari buruzko datu nahikoa ere ez da ematen.

Aranburuk gaineratu du LAB EAEko Osasun Mahaira joango dela hobekuntzak proposatzeko. Bere hitzetan, “diagnosi on baterako jaso beharreko gai batzuetan azpimarra egingo dugu. Metodologiari ere ekarpenak egin dizkiogu, oraingoz ez dira jaso. Metodologian planteatu dugu langileei eragiten dieten eta mahaian lortu nahi diren adostasunak Osakidetzako mahaira ere eraman behar direla, hemen jarrera bat har dadin, mahaiaren gehiengoak errespetatuz”. Berriro azpimarratu behar da ezin dela osasun-itun bati buruz hitz egin langileen gehiengorik gabe.

LABen helburua osasun sistema publiko indartsu bat lortzea da, eta, helburu horrekin, mahaietan, kalean eta lantokietan borrokatuko dugu, bakarrik, beste sindikatuekin edo osasun plataformen mobilizazioak babestuz.

Osasun sistema publikoa indartzeko eta EAEko Osasun Mahaian eztabaida faltsuan ez ixteko lan egingo dugu

Osasun sistema publikoa indartzeko eta EAEko Osasun Mahaian eztabaida faltsuan ez ixteko lan egingo dugu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude