Osasun ituna

Osasun ituna –

Irailaren 5ean egin zen lehendakari berriak proposatu duen osasun itunaren aldeko mahaia. Lehen bileran eragile ezberdinek parte hartu zuten, baina deigarria izan zen osasun publikoaren aldeko herritarren plataforma bakar bat ere ez gonbidatzea. Ziurrenik, alderdiek eta Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatuek badute gizarte ordezkaritzaren kuota legitimoa, eta pentsa liteke elkargo profesionalek, unibertsitateek eta pazienteen elkarteek beren ikuspegi sektoriala eman dezaketela halako foroan, baina ukaezina da ere herrietan sortu diren plataformen proposamenerako gaitasuna.

Osasun ituna

Itunaren lehen bilerarako gobernuak sistemaren egoeraren diagnostikoaren txostena aurkeztu du, baina dokumentuaren 264 orrialdeetan nik, behintzat, ez dut Osakidetzaren kudeaketari buruzko autokritika bakar bat ere aurkitu, ezta egungo kolapsotik ateratzeko proposamen errealistarik ere. Dokumentuan EAEko demografia aztertzen da, modu zehatzean, gizarte zaharkitua garela ondorioztatzeko, eta are gehiago izango garela. Osasunaren gizarte determinatzaileak ere aipatzen dira (enplegua, errenta, lan baldintzak, ingurumena, hezkuntza, etxebizitza) fenomeno atmosferikoak balira bezala, eta ez gobernuak defendatzen duen sistema neoliberalaren ondorioak.

Dena ez da, ordea, kontrastatu ezin den asistentzia jardueraren datuen eta balorazioen multzoa. Gobernuak argi eta garbi adierazi ditu bere asmoak, funtsezko arazo gisa planteatzen duenean “gaur egungo finantzaketa mekanismoak ez daudela diseinatuta hornitzaile desberdinek osasun arreta integratzea sustatzeko”. Hau da, pribatizazioaren beharra.

Nire ustez, herritarren eta Osakidetzako erabiltzaileen ikuspegia, eguneroko errealitatearen diagnostikoa, ez da inondik inora agertzen dokumentu horretan. Lehen mailako asistentzia desegitea, gaizki kudeatutako eta okerrago antolatutako ospitaleetan asistentziaren kalitatea galtzea, pazienteek aseguru pribatuetara ihes egitea, Osakidetza sistema zaharkitua eta azken baliabide gisa bihurtzeko apustu politikoaren sintomak dira.

Medioetan hainbeste iragarritako itunak gonbidatuak entretenituko ditu ziurrenik (bertaratutakoen artean dokumentua zenbatek irakurri duten jakitea gustatuko litzaidake), baina ezer gutxi balio du Osakidetza hondoratzetik salbatzeko premiazko neurri eraginkorrak martxan jarriz. Askoz konfiantza handiagoa dut herritar antolatuengan, benetan badakitelako jokoan duguna, eta guztiok badakigulako bakarrik herriak zaintzen duela herria.

alean argitaratua

Osasun ituna

Medikua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude