Orreagaren prentsa oharra
Orreagaren prentsa oharra –
ORREAGAK PASAI DONIBANEN 12:00etan ANTOLATU DUEN EKITALDI POLITIKO BATERA DEITZEN DITU ABERTZALEAK
824–2024 EUSKAL ESTATUA izango da aurtengo leloa.
Euskaldunok 824. urtean frankoen aurka Orreagan lortutako azken garaipenak 1.200 urte bete ditu aurten. Gure herriko buruzagi nagusiek ordura arteko antolaketa politikoa maila gorenean kokatu zuten orduan: erreinu bat osatu zuten, hau da, estatu independente, bateratu eta burujabe bat.
Errealismo politikora bagatoz, okupazio egoera batean bizi gara. Horren ondorioz, herria zatituta dago eta estatu zapaltzaileen “gobernuak” ditugu. Baina herri bat beti da bat eta bakarra, herri bati gobernu bat dagokio. Nafarroa gara, euskaldunon estatua: herri bat gara, lurralde bat dugu eta gobernu bat osatu behar dugu.
Okupaziopean, askatasuna ez da bozkatzen; ez da aukera bat, aukera bakarra da. Independentzia ez da eskatzen; are gutxiago indarrez kendu dizun horri. Herri bat, herri den heinean, borrokan ari da etengabe lapurtu dioten askatasuna berreskuratzeko.
Gure arbasoak, 824an, subjektu politikoak izan ziren, eta haien garaipenari esker gaude gu hemen. Gure estatuari ez diogu inoiz uko egin; indarrean jartzeko zilegitasun osoa dugu. Inbaditua izan ondoren martxan jarri zen erresistentzia mugimenduak ez du etenik izan. Oraindik ez dugu esan “ezin dut gehiago”. Gure herria bizirik dago oraindik.
Erresistentzia hori antolatu egin behar da —alegia, gure instituzioak sortu—, askatasuna lortzeko. Hori da munduko nazioek onartzen duten bide bakarra.
Oso zaila da independentziaren aldeko borroka hastea ez badugu okupaziorik ikusten, ez badugu sentitzen. Ezinbestekoa da gure arbasoek bezain argi izatea Euskal Herria dela subjektu politikoa, ez Espainia, ez Frantzia.
Orreagak helburu horren alde bat egiten duten guztien bidaide —maila bereko bidaide— izateko borondatea erakusten du behin eta berriz.
Horregatik, dei egiten die independentziaren alde euren indarra batu nahi duten guztiei abuztuaren 15ean Pasai Donibanera ager daitezen. Ez Orreagak, baizik eta Euskal Herriak dauka denon beharra.
Orreagaren prentsa oharra