Orient Express
Oharrak: esposizio desberdinetan ateratako eta gainjarritako hiru argazkiz osatutako Tarte Dinamiko Handiko irudia (HDR)
Alter dixit.
Ezagutu izan ditu garai hobeak Orient Express-ek. Bizirik da oraindik, baina iraganean geratu da iltzatuta bere arima.
1914ko ekainaren 28an, adibidez. Euria ari zuen Gare de l´Est geltokian. Hogei bat minutu joanda egongo ziren, jada, Hermann Gromek gazte alemaniarrak treneko eskaileratxoak igo zituenetik. Urte bi lehenago etorri zen Parisera, bizimodu berri baten bila. Eta bidaia ordaintzeko adina sos batu zituen une berean ekingo zion Konstantinoplarantz, bigarren bizimodu berri baten bila.
Bere jarlekuko leihotik ikusi zuen Lila Kuchinska, nasatik zetorrela. Gizonezko batek aterkia oratzen zion eta bigarren batek, euripean, larruzko maleta handi bat zekarren. Lila ere Konstantinoplara zihoan, bera ere bizimodu berri baten bila. Gainbehera etorritako aristokraten sendi bateko kondesa zen eta aitak lana aurkitu zion Asiako sarreran. Mehmet VI sultanaren lehengusu batekin hitzartu zion ezkontza.
Lilaren adats gorrixkak liluratu zuen, lehenbizikoz, alemaniar gaztea. Eskularruak gurutzatuta zituen bitartean txartelari heltzeko moduak gero, bere ondoan eseri zenean. Auskalo zeren inguruan gurutzatu zituzten lehen hitzak: eguraldia, ziurrenik.
Bietako batek ere ez zekien goizean Sarajevon zer gertatu zen. Ez eta gertakari hark euren biziak nola aldatuko zituen ere, betirako. Konstantinopla Istanbulen bihurtuko zen, eta han ez zegoen lekurik euren etorkizunerako. Zail da sinesten baina bazekiten, biek, bidaia hura desertu erdian nondik ez dakizula sortzen den oasi bat bezalakoa zela.
Izan ere, eta bietako bat ere horren bila ez bazebilen ere, maitasunezko oasi bat sortu zen tren hartan. Garbia, egiazkoa, noranzko bikoa… jaio orduko hiltzeko egina zegoena. Argi baitzeukaten ez zeudela Vienan edo Budapesten jaitsi eta elkarrekin ihes egiteko eginak. Errazagoa izango zen dena, politagoa. Lilaren bitxiak saldu, Tiroleko herri txikiren batean etxalde bat alokatu eta zaldien hazkuntzatik atera bizimodua. Baina eurak bakoitzaren patua zetorren bezala hartu eta hari aurpegi emateko jaio ziren.
Eta hala hilko ziren. Bizitzak aurrean jartzen ziena ahalik eta ondoen eramatea zen euren xedea, besterik gabe.
Asko hitz egin zuten bidaiak iraun zituen hiru egunetan, gai desberdinez: iraganaz, maitasunaz, literaturaz, paisaiaz… Baina behin ere ez etorkizunaz. Ez ziren, behin ere, bidaiaren amaieran zain zeukatenaz edo bila zebiltzanaz jardun. Bidaia Parisen hasi eta Konstantinoplan bukatzen zen. Oasi hura bezala.
Agurrik ere ez zioten esan elkarri. Bakoitzak bere bidea hartu zuen eta hantxe bukatu zen dena, hasi zen bezain natural.
Pablo eta Diana, gaur ere, euren Orient Express-erantz doaz. Carrefour-en noizbait lapurtutako orga dute bidelagun. Badira lau hilabete tren hura gaua igarotzeko aterpe bezala hartu zutenetik eta, gaur, kartoizko ametsetan babestuko ditu kanpoko euri-jasatik.
Baina ez daude bakarrik. Azken urteotan eurekin bizi den zaldia dute lagun…
Ego dixi.