Orfidal erdi

Orfidal erdi –

Ane Labaka Mayozkek Berria egunkarian.

Orfidal erdi
Mariñe Arbeo Astigarraga.

Poza handiegia denetan ez naiz begiak biltzeko gai izaten. Egiari zor, gehiagotan izan ohi da kezka nire aztoramenaren kausa; ezin iritsia, amorrua edo, are, tristura. Beti dago -egia den zerbait. Amak kontatzen du artean gaztetxoa nintzela ere maindirepetik garrasika aritzen nintzela sarri, etzan eta denboragarrenera, bukatzear zen egunaren errepasoa egiten ari nintzela hurrengo egunerako garrantzitsua zen zerbait oroitu nuelako. Lotaratu orduko ohekideak eta biok orfidal erdi bana hartzea maitasun ekintza bezala bizi izan dut inoiz.

Superbotere bat aukeratzerik banu, itzali eta piztu egiteko botoi bat nahiko nuke niretzat, gailu elektronikoek izan ohi dutenaren antzerakoa. Izan ere, inbidia izugarria ematen didazue halakoak burmuinean instalatuta daramatzazuenok. Klik-klak, eta edozein lekutan eta edozein kontortsionista-posturatan lo hartzeko gaitasuna daukazuenok. Klik-klak, eta arnasaren bat-bateko moteltze hori. Ez erlaxatzeko musika, ez lotarako infusio, ez hegaldi modu, ez Bach-en lore, ez izpiliku olio eta ez terapia kraneosakral. Klik-klak, eta zurrunga-festa, besterik gabe.

Errezeloa daukat gero eta gutxiago zaretela. Galzorian dagoen espezie bat, finean. Gero eta jende gehiagori egiten digula loak itzuri. Gero eta jende gehiago aritzen garela ilunpean egun osoan zehar pilatutako erreboluzioak beheratu ezinda. Oraindik ere erromantizatzen da sorkuntzan gabiltzanon insomnioa. Beti omen obrarik bikainenak ordu txikietan pentsatutakoak, ondutakoak, idatzitakoak. Apenas dagoen sorkuntzarako sosegurik, baina, frenesiak jotako mundu honetan. Mugikorreko alarmak atsedentzeko 5 ordu eta 42 minutu baino ez dauzkazula kalkulatuko dizu, akaso, eta batzuei erloju adimendunak grafiko bidez adieraziko die bart ere ez dutela behar bezala deskantsatu. Presiopean joaten gara ohera, lotarako daukagun tarteak ere produktiboa izan behar duela sinetsita. Flash izena dute orain kapitalismoak gomendatzen dizkigun siesta laburrek. Hamar minutu eta atzera gurpilera.

Bitartean, parke orbelduetan solasaldietako gai izarra izaten jarraitzen du haur txikien loak. Hortzak, mukiak, eztula, etxeko giroa… Beti dago -egia den zerbait. Loa ebolutiboa dela irakurri dugu behin eta berriro —hitz hori gorrotatzeraino—. Hasieran kosta egiten zitzaigun ulertzea nola zitekeen logurak erreta zegoen ume bat bere kasa lo hartzeko gai ez izatea. Klik-klak, besterik gabe. Laguntza behar izatea horretarako ere. Prozesu bat dela. Ikasi egin behar duela.

Bitartean, zenbat kabitzen den begi zuloetan.

Orfidal erdi

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude