Oreka
Oreka –
Alaitz Argandoña Oteizak Bizkaiko Hitzan.
Azken asteetan, gure hiri nagusiak hainbat makro ekitaldik inbatidu dituzte, hala nola Pride, Tour, BBK Live… high level edo kalitatezko turismoa erakarri nahian. Gure hirien izenak gure mugetatik haratago ezagutzen diren bitartean, hiriak gero eta ezezagunagoak bihurtzen dira bertako biztanleentzat. Beren nortasuna galtzen dute, gero eta frankizia eta pisu turistiko gehiago hartzen baitituzte, tokiko merkataritza zapaltzen dutenak, eta gero eta zailagoa egiten da herritarrak hazi ziren auzoetan bizitzen jarraitzea. AZET Bilboko maizterren sindikatuak esaten duenaren arabera, azken urteotan, Bilboko etxebizitza turistikoen kopurua %35 igo da, eta alokairuaren prezioa, %14. Etxebizitzaren Lege berriak tenkatuko eremuetan alokairuaren prezioa mugatu daitekeela dio, baina udalek erabakitzen dute zein eremua den tenkatuta dagoena. Bilboko Udalak EAJren jarraibideei jarraitzen badie, ez du aplikatuko, legeak eskumenak inbaditzen dituela aitzakiatzat hartuta. Beste aukera bat galduta herritarrentzat.
Asko harro daude gure kaleak betetzen dituen kalitatezko turismoarekin, gure lokaletan erosten dute, gure pintxoak jaten dituzte… Baina gutxik ikusten dute turismo honen beste aldea: lanaldi luzeak, soldata minimoak, baldintza prekarioak… Sektore feminizatu, prekario, migratu bat da, batez ere.
Kalitatezko turismoa erakartzeaz harro egon nahi badugu, gure erakundeek bidezko hitzarmenak ezarri beharko dituzte garbitzaileen, zerbitzarien eta abarren artean. Sektore tertziario orekatu horrek gure hiriak auzoen idiosinkrasiarekin erakutsiko ditu, bertako kultura, jai herrikoiak eta tokiko produktuak zainduko ditu, horrek guztiak frankizien eta posta turismoaren gainerako eskaintza homogeneotik bereiziko baitu.
Kezkatzekoa da ere espazio publikoa enpresa pribatuen eskura jartzearen aldeko apustua bai terrazak jartzerakoan, bai ekitaldi pribatuak antolatzean.
Pandemian zehar argi geratu zen Bilbok herritarren gozamenerako egokitutako espazio publiko gehiago behar dituela. Hiri osasuntsu baterako ezinbestekoak dira berdeguneak, gune estaliak, adin desberdinetarako aisialdirako guneak eta beharrezko ekipamenduekin noski —argiztapena, entxufeak, ur-hartuneak, wifirako sarbidea…—.
Osasun krisia atzerapausoa izan zen, erakundeek, herritarren laguntzarekin, terrazak erregularizatzeko egin zuten apustuan. Auzotarrek onartu egin zuten krisi garaiz hartan ostalaritzari erraztasunak eskaintzea, baina salbuespen horietako asko luzatu egin dira. Hirietako alde batzuetan, terrazek egindako espazio publikoaren okupazioa benetako oztopoa da etxebizitzetara sartzeko orduan, eta zaildu egiten du bizilagunen atsedena eta haien etxebizitzak aireztatzeko eskubidea.
Erakundeek orekaren alde egin behar dute, baina argi dago zailtasunak sortzen direla interesak kontrajarriak direnean. Lizentzien emakidaren, ordutegien aplikazioaren, udal ordenantzaren betetzearen eta jarraipenaren mende dago espazio publikoa zelitzateke bizitza politikoan eta erabakiak hartzeko orduan herritarren parte hartzeari protagonismo handiagoa emanez gero. Alde guztiei entzun egin behar zaie akordio eraginkorrak lortzeko. Bada garaia turistarentzat atsegina baina herritarrekiko adeitsua den hiri eredu baten alde lan egiteko, bizilagunen beharrizanen orekan eta errespetuan oinarritua.
Oreka