Ordezko irakasleen lan baldintzak okertzea salatu eta hezkuntza publikoa indartu dezaten exijitu du LABek

Ordezko irakasleen lan baldintzak –

Ikasturte hasierako lehen aste honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetan irakasleek bat egin dute LABek deitutako mobilizazioekin. Hezkuntza Sailari hezkuntza publikoa indartu eta inbertsio publikoa handitu dezan ozen esan diogu, kalitatezko hezkuntza publikoa helburu.

Ordezko irakasleen lan baldintzak

Kalitatezko hezkuntza publiko bat izateak, besteak beste, administrazioaren prozesuak edota esleipenak modu egokian, baliabide tekniko egokiekin eta dagokien garaian egitea eskatzen du. Izan ere, arrazoi teknikoak aitzaki hartuz, azken urteetan estruktural bilakatu da ikasturte hasierako ordezkagunean hautaketa eta esleitzea egin ondoren hau bera atzeratzea, honek ordezko langileengan suposatzen duen guztiarekin.

Ordezko langileek ez ezik, karrerako funtzionariek ere pairatzen dituzte administrazio prozesu hauen huts egite eta planifikazio kaxkarrak. Horren lekuko dira, esaterako, lekualdatze-lehiaketan, administrazioa jakinaren gainean egon arren, existitzen ez ziren behin-betiko lanpostuak esleitu ondoren 2024-2025 ikasturteari begirako uztaileko esleipenetan parte hartzera behartuak izan ziren hainbat eta hainbat irakasle.

Kalitatezko hezkuntza publikoa izateak ikasturteko lehen lan egunetik langileak lan zentroan bertan izatea ere eskatzen du, horrek kudeaketa eta hornikuntza egoki bat eskatzen duelarik. Bide honetatik, urrats bat gehiago emango litzateke ordezko langileen lan baldintzak hobetzeari begira, baita lan zentroen funtzionamendua hobetzeari begira ere. Honetaz gain, ikaslea erdigunean jarri eta hezkuntza komunitatea osatzen duten familiei begira ere jartzea litzateke.

Kalitatezko hezkuntza publiko bat izateko eta benetan ikaslea erdigunean jartzeko, langileon lan baldintzak hobetu behar dira, izan bitarteko langile zein karrerako funtzionario. Hezkuntza Sailak, aldiz, aldebakarrez 2023-2024ko ikasturtean ordezko irakasleen lan baldintzak aldebakarrez okertu ditu udako kobraketari dagokionez. Horregatik, LABen borrokan jarraituko dugu, besteak beste, ordezkoen lan baldintzak arautzen dituen araudia berritu, lan zamak arindu eta gazteberritze neurriak lortzeko.

Ordezko irakasleen lan baldintzak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude