Ordezko argazkiak

Ordezko argazkiak –

Ordezko argazkiak

Gaur argazkia falta zait. Egia esateko, atzotik nabil irudi horren bila, eta ezer ez, ez dut inon ikusi. Atzo eguerdian irratian entzun nuenean Nafarroako Parlamentuak aho batez hartu zuela erabakia Mikel Zabalza torturatua hil zela dioten audioak “sakonki” ikertzea eskatzeko, a!, pentsatu nuen: hor biharko argazkia. Telebistan ez zuten erabaki hori ilustratuko zuen irudirik eman; gaurko egunkarietan ere ez dut aurkitu horren dokumentu grafikorik. Pena, ze Navarra Sumak ere halako adierazpen instituzionala sinatzea ez da nolanahiko albistea. Dena dela, torturaren genero beltzari lotutako argazkirik ez da falta. BERRIAk aurrekoaren alboko informazioan dakar bat: bi gizonezko gazte, aurpegiak serio eta bare aldi berean; haien begiek, ordea, atezuan dagoen minen bat adierazten dute. Unai Razkin eta Jon Patxi Arratibel dira, Sakanan izandako 149 tortura kasuak bilduko dituen “Arg(h)itzen” dokumentalaren egilea eta parte hartzaileetako bat. Aurreko orrialde batean aurkitu dut Sakanakoen argazkiarekin lotu zaidan beste bat. Kasu honetan Sarajevotik dator irudia: emakume gazte estiloso bat ageri da; kapelaren hegala begietaraino iristen zaio, baina ez dio begirada lausotzen. Begirada sarkorra benetan Sarajevoko emakume honena: Adela Jusic da, gerra betean hazi eta koskortutako artista. Bere kontakizunak ez dauka galtzeko izpirik.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko martxoaren 2koa]

Ordezko argazkiak