Oposizio lehiaketa sistema
Oposizio lehiaketa sistema –
Bi urtean behin, Nafarroako hezkuntzan aritzen garen irakasle gehienok oposizio-lehiaketa prozesu gogor, estresagarri, subjektibo, bidegabe, inkoherente, ulertezin, eta askotan, umiliagarri baten aurrean aurkitzen gara zoritxarrez.
Gogorra da, prozesua prestatzea erabakitzen dugun pertsonek, gure gizarte eta familia bizitzaren une askori uko egitea; lana, ikasketak eta bizitza pertsonala uztartzeko helburuz.
Prozesua benetan estresagarria da; nota hiru deialdietarako gordetzen zaigun arren, deialdi bakoitzean kontratatuen zerrenda berri bat sortzen da. Kontratazio-zerrendak oposizioekin lotuta daudenez, ordezkapen zerrendan posizio onean mantentzeko, aldi oro ikastera derrigortuak gaude. Gainera, deialdi bakoitzean eskaintzen diren plazak oso gutxi direla ikusita, plaza lortzeko gutxieneko nota gero eta altuagoa da.
Zuzenketa-sistema oso subjektiboa da. Epaimahaiek zuzenketaren aurretik gai zerrenda propioa sortu behar izaten dute. Horrek ez du zentzurik, denok oinarri bera izan beharko genuke azterketa egin, eta ondoren, zuzendu ahal izateko.
Egia da zuzenketa-irizpide orokor batzuk ematen zaizkiela epaimahai guztiei, baina ez da aldez aurretik ebaluazio-errubrika zein den jakitera ematen, eta epaimahai bakoitzak bere ebaluazio-plantilla zehazten du; hori dela eta, epaimahaiek oso modu desorekatuan zuzentzen dituzte azterketak. Adibide bat jartzearren, 2024ko deialdi honetan, Euskarazko Haur Hezkuntzako espezialitatean, kasu praktikoan, 3. epaimahaiak 40 zerorekin kalifikatu du 77 hautagaiko talde batean, eta 2. epaimahaiak, aldiz, 7 zerorekin 75 hautagaiko talde batean. Hau objektiboa eta bidezkoa bada, azal diezagutela!
Gainera, ez da bidezkoa azterketaren berrikuspena eskatuz gero, soilik ebaluazio-irizpideen zenbaketa orokorra zuzena den egiaztatzea. Inork ez du gure azterketa berrirakurtzen, ezta beste epaimahaiekin kontrastatzen ere.
Eta ahozko azterketaren zatia ez grabatzeak ere, ez du zentzurik. Ez du zentzurik ez epaimahaiarentzat ez oposiziogileentzat. Epaimahaiari estres eta presio handia eragiten dio ahozko azalpenaren une berean errubrika bati kasu egin behar izateak, edozein atal berriro entzun ezin duela pentsatuz. Eta zalantzaren bat izanez gero? Nola ebazten dute? Esan daiteke, azalpenaren unean epaimahaia alderdiren batez ohartu ez bada, oposiziogileen hitzak haizeak eramaten dituela. Horrela, zertarako balio du ahozko azalpena erreklamatzeak? Ba al du zentzurik grabatu ez den eta berriro entzun edo egiaztatu ezin den zerbait erreklamatzeak?
Era berean, ez da justua ahozkotasunean hobeto moldatzen diren izangaiei oposizioaren zatirik praktikoena egiteko aukerarik ez ematea; azken finean, prozesu baztertzaile baten aurrean gaude, eta horrek, idatzizko zatia gainditzen dutenei soilik egiten die mesede. Gainera, nekagarria da egun berean bi azterketa teoriko hain jarraian egin behar izatea.
Pertsona guztiok, ahozko atala, idatzizkoa gainditu gabe egiteko aukera izango bagenu, edota azterketa teorikoak egun desberdinetan egingo balira, baliteke azken emaitzak ezberdinak izatea, eta lehen fasea gainditu ez duten pertsona batzuek plaza finkoa lortu ahal izatea.
Proposatzen zaigun azterketa-estiloa guztiz inkoherentea da egunero ikasgeletan aplikatzea eskatzen zaigun hezkuntza jarduerarekin. Hau da, metodologia aktiboek, ikaskuntzaren diseinu unibertsalak edo prestakuntzazko ebaluazioak, besteak beste, oposizio-lehiaketa sistema honetan ez dute tokirik. Baina ez al dugu denok ereduarekin predikatu behar?
Gainera, ulertezina da azterketa idatzi batean ortografia kontuan ez hartzea; izan ere, maisu batek zerbait menperatu behar badu, alderdi hauxe da.
Umiliagarria da era berean, hezkuntzaren arloan urteak lanean daramatzaten profesional onak azterketa teoriko batean zero edo 4,999 nota barregarriekin kalifikatuta egotea. Epaimahaian dauden pertsonek lan-baldintza hobeak izango balituzte (irakasle-lanetik askatuta, zuzentzeko denbora gehiago, azterketak beste epaimahai batzuekin berrirakurri eta alderatzeko aukera, ebaluazio-prozesuari buruzko aldez aurreko prestakuntza, aurrez ezarritako gai-zerrenda eta abar) ez lirateke horrelako bidegabekeriak emango kalifikazioetan.
Epaimahaikideak, egunero 12 orduz lan egitera eta azterketak presiopean zuzentzera behartuta daude, eskola-urte luze batek arrastaka dakarten neke guztiarekin. Norbaitek benetan uste du baldintza horietan azterketak gogoz eta objektibotasunez zuzendu daitezkeela? Litekeena da, errealitate horrek balorazio objektibo batetik gehiago urruntzea epaimahaikideak.
Azken finean, azterketa-sistema baztertzaile, subjektibo, bidegabe eta teoriko baten aurrean gaude, eta honek ez du erakusten benetan pertsona batek irakaskuntzan lan egiteko balio duen edo ez. Seguruenik, gaitasun profesionala jarduera praktiko baten bidez modu gardenagoan adierazi liteke, edota ahozko azalpen baten bidez. Aitzitik, sistema honek, aldez aurretik gai zerrenda zehaztu gabea duen azterketa teoriko bati ematen dio lehentasuna. Ba al du zentzurik?
Ez gara konturatzen! Baina, modu honetan irakasleak umiliatzen eta gogogabetzen ari gara, eta profesional handiei ihes egiten uzten ari diegu. Eta okerrena da, profesional horiek, balorazio umiliagarri eta ezgaitzaile baten ondoren, irailaren 1ean ikasgelara itzuli behar izaten dutela horrenbesteko exigentzia eskatzen duen lanari ekiteko.
Hezkuntza Ministerioa eta Hezkuntza departamentua, asmorik onenarekin, plazak ateratzen eta hezkuntza publikoa zabaltzen saiatzen diren arren; ez dira ohartzen irakasle gehienak bi urtetan behin antsietatea, estresa, amorrua eta urduritasuna eragiten dituen egoera bidegabe baten aurrean aurkitzen direla. Egoera horrek, gure ikasleak zuzenean kaltetzen ditu. Benetan hori da haur hauen etorkizunerako nahi duguna?