Zer egin zure oporrek ez badute Instagram bat merezi
Zer egin zure oporrek ez badute Instagram bat merezi –
Imanol Epeldek 27 Zapata blogean, irakurtzeko ez ezik entzun eta ikusteko sarrera du, oporren bueltan.
Badira ur gaineko hotelak. Eta mugitu egiten dira. Bidaiatu egin dezakete. Harmony da adibide bat. Parke tematiko aparteko bat: 7000 bidaiari, 20 igerileku, olatu artifizialeko putzua, tobogan erraldoiak, kasinoa, patinatzeko pista, 1400 lagunentzako areto bat, 20 jatetxe… (Ikusi minutu bateko bideoa ahal baduzue).
Puzten ari da aisia, gizentzen. Schwarzeneggertzen. Dieta arriskutsua duelako oso: anabolizatutako kultur merkatua, entretenimendu jendetsua eta esteroideak. Esajeratua hiperbolatzea da balio dien baliabide bakarra. Eta kasu! Schwarzenegger aisiak bere irudira egingo baitzaitu: subjektu nagi eta enpatxatu. Eta gu kontentu Instagramen zer jarri edukiko dugulako edo profileko argazkia eguneratu ahal izango dugulako. Irudia indartu dugu esentzia galtzeko. Gure aisiaren estereotipo kanpoederra lortzeko. Gure denbora librea Schwarzeneggertzean.
Opor egitea bada lanera edo eskolara huts egitea ere. Greba ere esan nahi du. Gure oporrak Terminatorren beso zuztarren antza gero eta handiagoa izango badute, opor egiten bukatu beharko dugu azkenean. Oporrei.
Ez kezkatu beraz zure oporrek ez badute instagram bat merezi. Agian hori izango da-eta seinale onena!