One direction
http://alteretaego.wordpress.com
Alter dixit.
Zertan ari dira edo zertara doaz adineko guzti hauek igande goiz batean? Horixe da argazkia ikusi eta burura etorri zaidan lehenengo gogoeta. Eta ez bekit gaizki ulertu adineko esan izana: adin konkretu batekoak direlako baino ez diot. Argi baitago 18 urte ez dituztela, 38 ere ez dituzten modu berean…
Argazkia igande goizez aterata dagoela konturatu naizenean, mezatarako egongo dira, noski, pentsatu dut. Ez naiz ni elizetara, liturgia orduetan behintzat, joatearen zale sutsua. Nahiago dut, eliza bat ikusteko, masifikatuegia ez dagoen uneetan hurbiltzea; gaur egun, edozein delarik ordua ere, masifikatuegi ez daudenaren susmoa hartzen diedan arren.
Baina argazkiak berekin dituen metadatuei erreparatzean konturatu naiz, Google Earth orojakilearen laguntzarekin, Bilboko Albia bueltan ez dagoela kultuzko eraikin modernorik, Kafe Antzokia eta Sabin Etxea salbu. Lehenengoa zuzenean baztertu dut: agian, igande goizez, geratuko da banpiroren bat edo beste, baina ez argazkikoaren perfileko jende andanarik. Bigarrenarekin, izan ditut nire zalantzak, baina horko asko aurreko eguneko manifan egongo ziren, beharbada, eta baseak egun biz jarraian mobilizatzea lartxo iruditu zait, baita EAJ berarentzat ere.
Litekeena da gobernu desberdinak aurrera eramaten ari diren murrizketen kariz, eurok gehien pairatzen ari direnetakoak jubilatu eta pentsiodunak izaki, protesta edo sinadura bilketa bezalako kedada bat antolatu izana. Gehiago postu nau hipotesi honek, daitort. Gazteok (edo gazteak) antolatzeko, mobilizatzeko, protestatzeko, eskatzeko, gauzak aldatzeko mobilizatzen ez garen (edo diren) garaiotan, bestelako klase magistrala eskainiko ligukete atso-aguretzat hartuko genituzkeen (edo lituzketen) hauek pentsatuta poztu eta guzti egin naiz.
Izan ere, orain, iraultzak sare sozialetan egitearen zaleago gara. Palestinarren aurkako neurrigabeko eraso bat salatzeko edo Infanta gainontzekoak bezala juzkatua izan dadin eskatzeko aski, eta sobera, dugu Facebook-ean like bat klikatzea edo change.org bezalako webguneetan gure sinadura, birtuala, ematea. Non geratu dira konfrontazioa, kalera ateratzea, bozgorailuak, pankarta errebindikatiboak? Guk ia-ia ahaztu ditugu; atzetik datozen belaunaldiek historia liburuetan baino ez dituzte ikusiko. Ai, ez, interneten…
Hipotesirik gabe geratzen ari nintzela, Azkuna etorri zait gogora. Antolatu du oraingoan ere zerbait munduko alkaterik onenak (eta ez diot nik bakarrik, udaletxeko bulegoren batean egongo den sariak ere hala dio) pentsatu dut. Nahi duguna pentsa genezakeelako beratzaz, besteak beste horretarako ere ordaintzen diogulako, baina alkate bezala, eta ez bedi lar haserretu gure herrikoa, ikaragarria da tipo hau. Bilbora joatea baino ez dago hortaz jabetzeko; edo astegunak Gipuzkoa aldean igarotzea, bestela.
Baina hori ere ez zen hipotesi zuzena. Jakin izan dut, azkenean, zertan zebilen argazkiko fauna hori guztia: igande horretan, One Direction taldeak sei hilabete barru Vicente Calderón estadioan eskaini behar duen kontzerturako sarrerak prezioa erdian saltzen ziren Ensantxeko Merkatuan, astelehenean internet bidez eta ohiko prezioan saltzen hasi aurretik.
Sarrerak, esan beharrik ez dago, ez ziren eurentzat. Baina euron bilobentzat igande goiza goizegi zen…
Ego dixi.