Ondarroan herri harresia prestatzen ari dira, Urtza Alkortaren atxiloketa galarazteko
12:30ean Ondarroako Alamedan. Espetxeratze agindu mehatxua duen Urtza Alkortak deia zabaldu zuen, eta orain herri harresia sortzear da Bizkaiko herrian. Donostiako Askegunearen arrakastaren ildotik dator Alkortaren aldeko #herriharresia.
Auzitegiko aginduari entzungor egin dio Alkortak, apirilaren 18an bere burua entregatu behar zuelako. Ordutik ertzainak bera atxilotzeko hainbat saiakera egin dituzte, baina ez dute aurkitu. Ezkutaketan ibili beharrean “konponbide garai honetan” herritarren laguntza eskatu du Ondarruko kaleetan ikus dadin Alkortaren aldeko giza mugimendua. Donostiako aurrekariak piztutako ilusioa eta efizientzia komunikatiboak esparru txikiagoan -herriaren populazioz nahiz atxilotu kopuruz- izango duen emaitza jakiteke dago.
Urtza Alkortak berak grabatutako bideo-deiaren ondotik, sarean Ondarroako herri harresira batzeko deia egiten ari dira, baita noski herrian bertan ere pankarten bidez. @Askegunea zabaltzen ari da zuzeneko informazioa.
2010eko otsailean atxilotu zuten Alkorta, beste lagunbatekin batera. 2012ko uztailean geratu zen aske baldintzapean, Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako bost urteko zigorraren erdia beteta. Auzitegi Gorenean helegitea jarri zuen arren, joan den otsailean berretsi zioten zigorra. Alkortari ETArekin kolaboratzea leporatzen diote.