Ondarretan irailean aurkitutako itsasontzia XV. mendeko ontzi-aztarna bat da

Ondarretan irailean aurkitutako itsasontzia XV. mendeko ontzi-aztarna –

Ondarretan irailean aurkitutako itsasontzia XV. mendeko ontzi-aztarna bat da

  • Ondare Zerbitzuko talde teknikoak iraileko marea biziak aprobetxatu ditu ontzia erlojuaren kontra aztertu eta dokumentatzeko.
  • Ontziak 14 metro ditu eta kargan burdin mea zeraman. Lasta aztertzeari esker, orain jakin ahal izango dugu zer itsas bide jarraitzen zuen.
  • Goizane Álvarez Kulturako diputatuak azpimarratu du aurkikuntza horiek aukera ematen dutela XV. mendeko euskal ontzigintza-arotzeriaren azterketan aurrera egiteko eta horrek Europako ondareari egiten dion ekarpena aztertzeko.

Ondarretan irailean aurkitutako itsasontzia XV. mendeko ontzi-aztarna bat daOndarretan irailean aurkitutako itsasontzia XV. mendeko ontzi-aztarna bat daOndarretan irailean aurkitutako itsasontzia XV. mendeko ontzi-aztarna bat daGipuzkoako ondareak bere historiaren xehetasun gehiago ezagutzeko aukera ematen duen beste elementu bat izango du. Horixe da irailaren hasieran Ondarretako hondartzan agertu zen itsasontziaren kasua. Kultura Departamentuko Ondare Zerbitzuko taldea erlojuaren kontra jardun da pieza aztertu eta dokumentatzeko. Marea biziek eskaintzen zuten abagunea aprobetxatuta burututako sei egunetako lan sakonari esker, txostenak ondorioztatzen du XV. mendeko haritz-zurezko ontzi-aztarna bat dela, 14 metroko esloikoa. Pieza ez da aterako, eta babes-tratamendu espezifikoa egin ondoren, Donostiako hondarretan jarraituko du.

Goizane Álvarez Kulturako diputatuak azpimarratu du lortutako datuek, zalantzarik gabe, aukera emango dutela XV. mendeko euskal itsas arotzeriaren azterketan aurrera egiteko. Horrelako aztarna arkeologikoak hain bereziak direnez -ustekabeko aurkikuntza honekin eta larrialdiko dokumentazioko operazioarekin-, Ondarretako ontzi-aztarna aurkikuntza aparta da Erdi Aroko euskal ontzien ondarerako. Erdi Aroko ontzien aztarna gutxi aurkitu izan direnez, honek beste behin erakusten du euskal ontzigintzak beren garaian Europa mailan zer garrantzi izan zuen.

Irailaren 4an, paseatzen zebilen pertsona batek kasualitatez aurkitu zituen zurezko elementu batzuk Eduardo Chillida pasealekutik gertueneko hondartzaren mutur batean. Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariek ebaluazio-plan bat jarri zuten martxan berehala, eta irailaren 5ean eta 6an gauzatu zen. Operazio horretan egiaztatu zenez, ontzi kasko bat zen, egurrak bata bestearen gainean jarrita eraikia eta barruan estalkia zuena. Kaskoaren traka batetik lortutako haritz-laginari esker, dendrokronologia bidez datatu ahal izan zen azken eraztuna 1425ekoa zela.

Hurrengo astean, marea hilak zirela baliatuta, Mertxe Urteaga operatiboaren buru izan den foru arkeologoak azaldu duenez, «larrialdiko jardun arkeologikoko proiektua idatzi zen, eta lanak antolatu ziren hilaren 17tik 22rako, marea biziak izango ziren egunetarako. Zorte handia izan genuen, itsasbehera bereziki baxuak izango zirelako eta ontzi-aztarnara iristeko aukera izango genuelako 3-4 ordutan, gehienez».

Ondarretan irailean aurkitutako itsasontzia XV. mendeko ontzi-aztarna bat daItsasontziaren kokalekuak bazituen beste zailtasun gehigarri batzuk ere, marea igotzen zen bakoitzean berekin eramaten baitzituen egindako aurrerapen guztiak; hartara, pieza sektoreka analizatu behar izan zen, sei lanegunetan pieza guztia aztertu zuten arte. Urteagak egokitzat jo du operazioa, eta azaldu du eguneroko lana hasten zutela hondeamakina txiki batekin, «drainatze bideak zabaldu eta horrela lan eremuko urak motoponpekin hustu ahal izateko. Hesia jartzen genuen eta, ura kendutakoan, ontzi-aztarna estaltzen zuen hondarra ateratzen hasten ginen, ahalik eta azkarren». Behaketen artean, kareharrizko lastaren zati bat eta kargan zeraman burdin mearen (oxidoak eta hidroxidoak) hondarrak agertu ziren. Lasta aztertzean itsasontziaren ibilbideei buruzko informazio gehiago izango dugu.

Operazio arkeologikoaren fase hau burututakoan sektore bakoitzean, «fotogrametria bidez dokumentatzen zen, zabaldutako eremua berriz hondarrez betetzeko berehala, itsasoaren indarrak aztarna arkeologikoak berekin eraman ez zitzan», adierazi du. Operatiboan lan egin duten zortzi pertsonek osatutako talde teknikoak adierazi duenez, ontzi-aztarna babesteko erabilitako soluzioa emaitza onekin mantentzen bada, ez dute ontzia aterako. “Kontserbazio-tratamenduak oso konplexuak dira eta, gainera, ez dute % 100eko egonkortasuneko bermerik», Urteagak adierazi duenez.

Beste kasu batzuk

Erabilitako datazioak Newport ontziaren garai berean kokatzen du; 30 metroko esloiko merkataritzako itsasontzi hori euskal ontzioletan eraiki zen eta Galeseko izen bereko hirian aurkitu zuten 2002an. Badira beste aztarna batzuk ere, Bizkaiko Urbietakoa, garai berekoa, eta Oriaren bokaletik 1991-1992ko drainatze lanetan ez suntsitzeko atera zituzten Orio II eta Orio IV, esaterako.

Ondarretako aurkikuntza hau Ondarretako hondartzako sektore berean hilabetean azaldu den bigarrena da. Abuztuaren 5ean korronteak hondar tona batzuk eraman zituen eremu horretatik, eta agerian utzi zituen haitz batzuk eta txanel baten zati bat. Kultura Ondareko Zerbitzuko talde teknikoak diseinatu eta gauzatu zuen pieza hori ateratzeko operazioa, eta pieza Gordailuako igerilekura eraman zen.

Bertan, tratamendua egiten ari zaizkio gatza kentzeko eta egurra kontserbatzeko uraren saturazio baldintzak mantentzeko. Era berean, egiaztatu ahal izan da elementu isolatua dela, eta, bere ezaugarriak direla-eta, hondo lauko ontzi batena izan zitekeela, Igarako ibilguaren estuarioan (Añorgara arte nabigatu zitekeen) egon ohi zirenak bezalako batena; nabigazio horren froga da Portuetxe izena duen baserria, erretegi gisa funtzionatzen duena.

Erdi Aroko ontzien lekukotza arkeologikoak «oso urriak dira, garai hartako itsas trafikoari buruz dagoen informazio kopuruarekin alderatuta. Ondarretako ontzi-aztarnarekin, beste elementu bat gehitu zaio talde txiki horri, non, bestalde, euskal ontzioletan eraikitako adibideak oso presente dauden”, adierazi du Urteagak amaitzeko.

Ondarretan irailean aurkitutako itsasontzia XV. mendeko ontzi-aztarna bat da

Gipuzkoako Foru Aldundia - Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude