Oligarken motozerra ala basozaintza ekologikoa?
Oligarken motozerra ala basozaintza ekologikoa? –
Gure inguruan gertatzen dena ikusita kosta egiten zait Larraitz Ugarte Zubizarretak aste honetan idatzitako “La motosierra puede ser tentadora” artikulua liseritzea. Are gehiago izan dituen ardurak kontuan izanda.

Mileik, motozerraren jabeak, administrazio-egiturak errotik “moztu”ditu: 13 ministerio itxi ditu; hezkuntza, osasuna, pentsioak, gizarte-laguntzak, zientzia eta kulturaren aurrekontuak nabarmen murriztu ditu; urtebetean 30.000 langile publiko kaleratu ditu; eta bost milioi pertsona gehiago pobrezian daude, populazioaren %52ra iritsita.
Elon Musk, Trumpen gobernuko “administrazioaren efizientziarako” burua, milaka milioi dolarreko murrizketak planifikatzen ari da. Lau urtean enplegu publikoa 400.000 pertsonetan gutxitzea aurreikusten du.
Europar Batasunak 800.000 milioi euro baino gehiago bideratu nahi ditu armagintza industriara; horretarako, inbertsio soziala eta, beraz, enplegu publikoa ere murriztuz. Espainiako Estatuari 17.000 milioi inguruko gastu militar gehigarria egokituko zaio, eta horrek berekin ekarriko du Eusko Jaurlaritzak 1.100 milioi eta Nafarroako Gobernuak 300 milioi gutxiago izatea politika publiko eta sozialetan inbertitzeko.
Hego Euskal Herrian, diktadura faxista ia 80ko hamarkadara arte luzatu izanaren eta politika publiko eskasez ondorioz, ongizate-estatua azpigaratua dago. Europar Batasunean enplegatu guztien %20 langile publikoak dira, baina gurean apenas %15 iristen dira. Gainera, hainbat zerbitzu inoiz ez dira publikoak izan –etxebizitza edo zaintza, kasu–, eta publikoak izan diren beste hainbat sektore –energia, finantzak, telekomunikazioak, garraioa, ura…– pribatizatuak edo pribatizazio bidean daude.
Politika neoliberalen ondorioz, 2010-2016 bitartean 10.000 enplegu publiko baino gehiago desegin ziren murrizketen bidez. Gurean, zerbitzu publikoetan diharduten langileen %40 azpikontrataturik dago, eta langile publikoen ia erdia behin-behinekoa da. 2010etik, %20ko erosahalmen galera izan dute. Eta osasun eta hezkuntza inbertsioan Europaren azken muturrean gaude.
Murrizketa hauek ez dira zenbaki hutsa; politika neoliberal planifikatu baten ondorio dira, hamarkadetan zehar zerbitzu publikoak deskapitalizatzeko eta langile publikoen prestigioa murrizteko diseinatutako estrategiaren emaitza.
Pentsaezina da ezkerreko pertsona esanguratsu batek, testuinguru honetan, zerbitzu publikoen eztabaida efizientziaren, prozedura burokratikoen edo langile publikoen produktibitatearen inguruan kokatu nahi izatea. Egia da zerbitzu publikoetan hobekuntzak behar direla: prozedura administratiboak sinplifikatu, funtzio publikora sarbidea eta garapena egokitu, bere funtzioa behar bezala egiten ez dutenei erantzunkizunak eskatu… baina ez al dira arazo hauek, hain zuzen ere, zerbitzu publikoak gutxietsi eta eraisteko estrategiaren parte?
Zerbitzu publikoen alde gaudenok eta ezkerreko indarrek, jakina, hobekuntza horiek landu behar ditugu, baina benetan uste al du Larraitz Ugartek testuinguru honetan gure arazo nagusia horixe dela?
Diskurtso honek antz handiagoa du okupazioaren edo migrazioaren inguruan eraikitzen ari diren errelatoekin edo La Sexta kateak gastu militarrari buruz egindako inkesten atzean dagoen iritzi-sortze estrategiarekin, langile-klasearen benetako arazoei irtenbideak proposatzeko diskurtso batekin baino.
Ez dakit zein den Larraitz Ugartek ezagutzen duen errealitatea, ezta bere inguruko elkarrizketetan zer entzuten duen ere. Baina ez zait iruditzen Euskal Herriko gehiengoaren kezka nagusiak opor gehiago hartzea, lanaldi-murrizketak, eszedentziak, erretiro aurreratua edo bizitza mugarik gabe bizitzea direnik.
Ez nago lan eta esfortzuaren kulturaren aurka, ezta norberari bizitzan dagozkion ardurak alde batera uztearen alde. Baina egungo gizartean, langile gehienek besteren kontura eta enpresen irabaziak handitzeko lan egiten dute, eta beren lanaren fruituak gero eta modu bidegabeagoan banatzen dira. Horregatik, ez dakit nik lan mota honen apologia egitea ezkerraren egiteko nagusienetarikoa ote den.
Testuinguru honetan eta EAEko hezkuntza publikoko astebeteko grebaren bezperan, nahiago dut herritar xumeok soldataz ordaindu ezin ditugun bizitzarako oinarrizko beharrak asetzeko zerbitzu publikoak indartzea eta bertan diharduten langileen alde egitea: larrialdietan, hezkuntzan, gizarte zerbitzuetan, udal arretan eta beste hainbat zerbitzu publikotan ari direnen alde, murrizketen ondorioz beste toki batzuetan artatu ezin dituztenei eta bere funtzioez harago arreta ematen ari direnen alde.
Nahiago dut langileok sortzen dugun aberastasuna bidezkoago banatzeko, zerbitzu publikoen aurrekontuak handitzeko, ratioak gutxitzeko eta langile publiko gehiago izateko, azpikontrataturiko langileak publiko bihurtzeko, behin-behinekoak finkatzeko eta lan-baldintzak hobetzeko bultz egitea. Hori guztia, funtzionamendua eta efizientzia hobetzearekin batera, funtsezkoa baita herritar guztien –eta bereziki sistemak baztertu dituenen– oinarrizko beharrak asetzeko.
Ez dut zalantzarik lan hori modurik onenean eta independentziaz egiteko profesionalik onenak behar ditugula, momentuko gobernuen, alderdi politikoen edo lobby ekonomikoekiko indepenpendetziaz jardungo dutenak. Eta horretarako, herritarren kontrolpean eta aukera-berdintasunean, gaitasunen eta merituen arabera funtzio hori beteko duten langile publikoak behar ditugu, lan-baldintza onenak eta beraien lanpostuak blindaturik dituztenak.
Nik, aukeran, oligarken motozerra baino nahiago dut basozaintza ekologikoa.
Oligarken motozerra ala basozaintza ekologikoa? Oligarken motozerra ala basozaintza ekologikoa? Oligarken motozerra ala basozaintza ekologikoa?
Sindikatuek herritarrek aspaldi ikusten duguna ez duzue ikusi nahi. Administrazio publikoan kontrol eta zuzendaritza falta itzela dago, eta horrek zerbitzu oso eskasa ematea dakar. Politikariek, erru handia daukate jakina, baina langile askoren huskeria oso begibistakoa da, eta horretan, langile publikoak, erruaren partea badauka.
Larraitz honen artikulu honek esan nahi duena administrazioan eskua hartzeko garaia heldu dala da. Bestela, benetako ultraeskuindar bat eskua hartzeko prest etorriko dela, eta herritarrak hain egongo dira nekatuta, non honelako bati bozka emango diotela.
Baina ezikusiarena egiten jarraitu nahi baduzue, holan segi! Hori bai, gero datorrenaren erruaren zati handi bat zuena izango da.