Olentzerok ikatza ekarriko die boto gehien jasotzen duten politikariei
Politikari anonimo batek Olentzerori idatzitako honako gutun hau irakur dezakegu torikatza.minusbi.info webgunean sartutakoan:
Olentzero maitea:
Aurten ez naiz herritarrek esan, eta nik agindu bezain txintxoa izan. Baina hori bai, txintxo-txintxo bete ditut alderdiak agindutako gauza guztiak. Uste dut mereziko nituzkeela opari batzuk, batez ere oso ondo portatu naizelako opari handiak egin ditzaketenekin. Hala ere, igual herritarrek nahiago izango dute ikatza ematea. Zuk zer uste duzu? Nik gauza bat proposatzen dizut: herritarrek aukeratutako hiru politikarik jasotzea ikatza eta besteak libratzea, hurrengo urtean txintxoagoak izango garelako. Begira, EAEko batek, Aldundietako batek eta Udaletako batek jaso dezala ikatza, betiere herritarrek hala nahi badute eta horretarako arrazoiak ikusten badituzte.
Eskerrik asko Olentzero, eta hurrengo urtean askoz txintxoagoa izango naiz (zeren hauteskundeak dira).
Muxu bat.
Politikari bat
Beraz, lagun diezaiogun Olentzerori zein hiru politikariri ikatza ekarri erabakitzen torikatza.minusbi.info webgunean sartuta. EAEko (Jaurlaritza+Legebiltzarra), Aldundietako eta hiru hiriburuetako Udaletako politikari nagusietatik bana aukera dezakegu ikatza jasotzeko, webgunean botoa emanda. Ikatza opatzeko arrazoiak adierazteko edo bestelako edozein ekarpen egiteko, berriz, Facebook-eko orrian dago aukera. Gabon Gauerako boto (ikatz) gehien jaso duten hiru politikariei ikatz-zaku bana ekarriko die Olentzerok.
Egia esan, hiruk baino gehiagok merezi dute ikatza nire ustez. Baina aukeratzen hasita hona nire hirurak:
1. Patxi Lopez: ez dut uste gehiegi enteratzen denik ezertaz, baina Jaurlaritzako desastre guztiaren arduradun nagusia bera denez, berari.
2. Miguel Buen: gizon hau etorkizunaren antonimoa izateaz gainera, Gipuzkoaren gehiengo abertzalea inondik ere ez duelako errespetatzen.
3. Odon Elorza: Donostia berea dela pentsatu eta ataskatu duelako, ñoñostiarrismoaren txarrenarekin autokonplazentzia sortuta. Donostiak beste zerbait merezi du.
Ikatza hiru horientzat. Eta kasualitatez hirurak PSEkoak direnez, ikatza PSEri ere. Merezi du eta egiten ari den guztiagatik!
Nafarroan ere ikatz ugari banatu beharko du Olentzerok… Egia esan, zaila izanen luke aukeratzea Nafarroako parlamentari bakar bat, edo Udaleko bakar bati; edo… ufffa, ikatz aunitz, lan haundia izanen du Olentzero gixajoak.