Oldarraldiak Konstituzio(aren) Plazan

Oldarraldiak Konstituzio(aren) Plazan –

Azken aldian kexu gara euskaldunok epaitegietatik pairatzen ari garen erasoen aurrean. Urte berria ere horrelaxe hasi dugu, Donostiako eta Laudioko epai ezagutu berriekin. Aurretik, ugari izan dira EAEko eta Nafarroako epaitegietatik euskararen eta euskaldunon aurkako epaiak. Iparraldean ere ez dira gutxi izan. Ez epaitegietatik bakarrik; hortxe daukagu Beskoitzeko udalaren erasoa, ikastolaren eta ikastolako haurren eta familien aurkako erabakia. Oldarraldi honi aurre egiteko izan ginen 2023ko azaroaren 4an Bilboko manifestazio jendetsuan.

Ohartuta gaude dagoeneko, hegoaldeko eraso guztiak espainiarrek inposatutako konstituzioaren baitan (plazan) ematen direla. Hegoaldeko euskal herritarrok onartu ez genuen konstituzioa, beste arrazoi askoren artean, espainola guztiok jakin beharreko hizkuntza ofiziala ezartzen duelako, eta, euskara, koofiziala, hau da bigarren mailakoa eta hautazkoa; eta, kontu handiz erabili beharrekoa, espainoldun elebakarrak molestatu gabe. Horretarako daude epaileak, haien hizkuntza eskubidek errespeta arazteko, ez gureak.

A eta B hezkuntza ereduak ere erasoa dira bere horretan, eta ez dira oraingoak, badituzte urte batzuk. Helburua? Hezkuntzaren bidez ez euskaldunak sortzea eta euskararen erabilera oztopatzea. Ondoren, espainiar (in)justiziaren epaileen egitekoa izango da ez euskaldun horien eskubideak babestea. Hezkuntzan ez ezik, bizitzaren esparru guztietan hizkuntza-eskubide urraketa ugari pairatu ditugu euskaldunok azken 45 urteetan, konstituzioaren izenean.

Eta azken 45 urte horietan, Donostian eta komunikabideetan, Konstituzio Plaza gora eta behera denon ahotan. Plaza horrek, aurretik, inoiz ez zuenean Konstituzio Plaza izena izan, bai ordea, Plaza de la Constitución (1812) espainolez, herriak Plaza Berria erabiltzen zuen bitartean 1936a arte. Urte horretan 18 de Julio izena ezarri zioten frankistek. Jakina dugu nolako oldarraldi jarraitua izan zen frankismoa euskararen eta euskaldunon aurka. 1979an, 18 de Julio izena kendu eta Plaza de la Constitución izena jarri zioten, oraingo honetan euskaraz ere jarriz, Konstituzio Plaza. Frankismoaren eraginez eta 78ko konstituzioa tarteko, ezabatu nahi izan zuten Plaza Berria izena gure memoriatik, Donostiarrek, 1772an lehenengo plaza eraiki zenetik, emandako eta erabilitako izena, frankismoak debekatu eta ezabatu zuen arte.

Oldarraldiak Konstituzio(aren) Plazan
Arg: Edorta Subijana

Jatorrizko izena, Plaza Berria, berreskuratzeko asmotan adierazpen bat aurkeztu genuen ekainaren 18an, gizabanako eta gizarte eragile ugarik sinatuta. Blogak.eus/PLAZA-BERRIA helbidean topa dezakezue adierazpena osorik, eta baita plazaren eta haren izenaren inguruko historia eta informazio gehigarria.
Adierazpenaren sarreraren ondoren, honela amaitzen genuen proposamena:

“Horregatik, idatzi hau izenpetzen dugunok, gizabanakoak zein erakunde eta eragileok, ondorengoa proposatzen dugu:
1.- Plaza Berria (gaztelaniaz Plaza Nueva) izena ofizialki ematea leku honi. Guk izen horixe erabiliko dugu geure jarduera guztietan, plazari donostiarrek eman zioten izena behin betiko berreskuratuz.
2.- Dei egiten diegu honekin bat egiten duten donostiar guztiei era berean joka dezaten.
3.- Hori bera eskatzen diegu gainontzeko eragileei, eta, bereziki, komunikabideei, gure erabilera errespetuz har dezaten.”

Ikusten ari gara, pixkanaka, geroz eta gehiago direla Plaza Berria izena erabiltzen ari diren gizabanako eta eragileak. Gure asmoa prozesu hori azkartzea da, eta, horretarako ezinbestekoa ikusten dugu hedabideek bat egitea herritarren borondate horrekin. Batzuk ez dute erabiliko izena ofiziala izan arte, baina beste batzuk herritarren eta irakurleen edo ikus-entzuleen borondatea kontuan izan dezaketela uste dugu. Bilbon, Plaza Barriak Barria izaten jarraitzen du, eta Plaza Zirkularrak bere izena berreskuratu zuen 1995ean frankismoak Plaza España izendatutakoa. Gasteizekoari dagokionez, ohikoa da Plaza Berria izenaren erabilera komunikabideetan; ETBk berak Plaza Berrian eman zion ongietorria 2024 urteari, nahiz izen ofiziala, oraindik, Plaza de España den, frankismoan aldatua.

Hortaz, Euskal Herriko komunikabideei gogoeta egin dezatela eskatzen diegu, eta, egokia iruditzen bazaie, Plaza Berria izena erabiltzen hastea Donostiakoa aipatzerakoan. Eta aukera ezin ederragoa izan daiteke, berehala datozen sansebastianetan, plaza, jatorriz izan zuen eta inoiz galdu behar izan ez zuen izenarekin izendatzeko: PLAZA BERRIA.
Bagera, gu ere bai, gu beti pozez, beti alai!

PLAZA BERRIA BERRESKURATU DEZAGUN EKIMENA
Sinatzaileak: Dani Goñi, Marije Manterola, Jexux Arrizabalaga, Mikel Legorburu, Kepa Sarasola, Josu Tellebide, Marko Sierra

Oldarraldiak Konstituzio(aren) Plazan Oldarraldiak Konstituzio(aren) Plazan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude