Oinarrizko Osasun Laguntza: inoiz iristen ez den eredu aldaketa
Oinarrizko Osasun Laguntza –
LAB sindikatuak urteak daramatza Oinarrizko Osasun Laguntzaren eredua aldatzeko eskatzen, baina aldaketa hori ez da inoiz iristen. Azken egunotan, enegarren aldiz, egoera jasanezina bihurtu da, eta herritarrak kexu dira zenbait eremutan langilerik ez dagoelako, hiriguneetan zein landa-eremuetan. Bereziki larria da Zangozako eta Elizondoko egoera. Azken kasu horretan, gainera, egoera larriari Belateko tunelen itxiera gehitu behar zaio, itxiera horrek eragin handia izanen baitu arreta-denboretan eta hiriburuarekiko komunikazioetan.
Osasun Departamentuak negoziatu dituen neurriek, pizgarri ekonomikoei eta kontsulten kopurua murrizteari dagokienez, ez dute ezertarako balio izan, LABek ohartarazi zuen bezala. Fakultatiboen gabeziari aurre egiteko eta dagoen eskariari egoki erantzuteko, ezinbestekoa da egungo asistentzia-eredua aldatzea, medikuen lan baldintzak egiazki hobetuz eta haien lana duinduz, eskariari erantzuteko beste profesional batzuk sartuz lantaldean, eta beren lana zoragarri egiten ari diren langileak inplikatuz, ahaldunduz eta errekonozituz (erizaintzako langileak, gizarte-langileak, administrazioko langileak…).
LAB sindikatuak aspalditxotik daki Nafarroako oinarrizko osasun laguntza berritzeko plan bat prestatua dagoela. Baina plan hori ez da aurrera eramaten, kasu batzuetan batzuen interes faltagatik, eta beste batzuetan, erreforma horrek ekar ditzakeen ondorioengatik. LABen argi daukagu ezinbestekoa dela berehalako neurriak jartzea mahai gainean, gero sindikatuekin, toki erakundeekin eta profesionalekin negoziatu beharko direnak ahalik eta adostasun handiena lortzeko. Oinarrizko osasun laguntzak egungo premien araberako aurrekontu, langile eta azpiegiturak behar ditu. LABek bere eskua luzatzen du eta lan egiteko prest agertzen da, bai inplikatutako profesionalen alde, bai herritarren alde, azken finean horiek baitira arazoaren ondorioak pairatzen ari direnak.
LAB sindikatuak ez luke nahi arreta falta horrek inolako nahigabe pertsonalik eragitea, Osakidetzan berriki gertatu den bezala. Horregatik guztiagatik, urgentziazko ekintza-plan bat eskatzen diogu Osasun Departamentuari, garai hauetan gertatu ohi den mediku faltaren aitzakia jarri gabe. Oinarrizko osasun laguntzaren aldeko benetako apustua egin dadila eskatzen dugu, gure osasun sistema publikoan sartzeko atea eta arretaren funtsezko zutabea den aldetik. Ekintzak nahi ditugu, ez hitzak.