Oier Etxeberria, Olatz Otalora eta Xabier Erkizia IEEk euskal arteari eskainitako solasaldian

Oier Etxeberria, Olatz Otalora eta Xabier Erkizia IEEk euskal arteari eskainitako solasaldian –

Donostiako Tabakaleran ikusgai izan zen ‘Komunikazio-inkomunikazio’ erakusketa izango du oinarri solasaldiak.

Iberoamerikako Estatuen Erakundeak (IEE) hainbat online jardunaldi antolatu ditu Euskadiren Argentina eta Mercosur-erako Ordezkaritzarekin eta Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean.

IEE-k (Iberoamerikako Estatuen Erakundeak) hainbat online solasaldi antolatu ditu euskara, euskal kultura eta sorkuntzari buruz, Euskadiren Argentina eta Mercosur-erako Ordezkaritzarekin eta Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean. Lehenbizikoa Elkanoren mundu biraren ingurukoa zen, eta Elkano Fundazioa izan zuen protagonista. Donostiako Tabakalerarekin elkarlanean, oraingoan euskal artea izango dute hizpide: euskal sorkuntzari buruzkoa izango da solasaldia, datorren asteazkenean, abenduak 1, Buenos Airesko 17:00etan eta Euskal Herriko 21:00etan. Oier Etxeberria, Olatz Otalora eta Xabier Erkizia izango dira parte hartzaileak. Ekitaldiarekin bat egiteko hurrengo formularioa bete behar da.

‘Komunikazio-inkomunikazio’ erakusketa-proiektuak Mikel Laboa (1934-2008) euskal kantautorearen ‘Lekeitioak’ obra du oinarri. Lekeitio eta Gernika. Soinua eta zentzua. Komunikazioa eta inkomunikazioa. Herrikoia eta elitista. Banakakoa eta komuna. 

80ko hamarkadan hasitako lan-bilduma hori abiapuntutzat hartuta, erakusketak lan-esparru desberdinen arteko bidegurutze bat proposatzen du, komunikazio-inkomunikazio binomiotik abiatuta. ‘Lekeitioak’ herri-kulturaren eta abangoardien arteko mugak ezabatzen dituzten artefaktuak dira, iraupen luzeko kezka formalak eta desbideratzeak iradokitzen dituzte: tradizioaren eta tradukzioaren arteko jolasa, soinu- eta musika-erregistro askoren arteko nahasketa (muntaiaren gisako abangoardiako prozeduren bidez), edo hizkuntzaren eta keinuen bihurduren azterketa.

Kontu horiek guztiak sakonago aztertze aldera, ‘Komunikazio-inkomunikazio’ erakusketak artxibo eta dokumentu historikoak aurkeztu zituen, baita obra historiko eta garaikideak ere, Tabakalerak sustatutako beste ekoizpen berri batzuekin batera. Lanak zazpi ataletan banatuta zeuden, soinu-erregistroa, erregistro bisuala eta testu-erregistroa gainjartzen diren paisaia osatuz.

Hain zuzen, hiru esparru horien inguruan ariko dira Etxeberria, Otalora eta Erkizia. Izan ere, Oier Etxeberria artista eta musikaria da, eta 2019az geroztik  Tabakalerako arte bisualen arloko arduraduna da; Olatz Otalorak, aldiz, artista-laguntzaile eta galeriako-laguntzaile gisa lan egiten du eta testuak ere argitaratu ditu hainbat plataformatan; Xabier Erkizia soinu-artista, ekoizle eta kazetaria da. 

Hala, Tabalakerako erakusketaren komisarioa izan zen Etxeberriak euskal artearen historia zeharkatzen duten genealogia batzuei buruz hitz egingo du bere aurkezpenean, eta erakusketan dauden lan batzuei testuingurua emango die. Erkizia artista eta soinu ikertzaileak, ‘Komunikazio-inkomunikazio’ proiektuko lan-taldean ere badenak, azken hamarkadetan Euskal Herrian ekoitzi diren soinu-hizkuntzak aztertuko ditu, eta Otalorak, ikuskizunean parte hartzen duen artistak, interbentzio artistikoa egingo du, zeinetan komunikazioaren eta aparatuen arteko mugekin jolastuko den, zeinuen zirkulazio eta esanahiekin ere jolastuz.

Oier Etxeberria, Olatz Otalora eta Xabier Erkizia IEEk euskal arteari eskainitako solasaldian

 

 

Oier Etxeberria, Olatz Otalora eta Xabier Erkizia IEEk euskal arteari eskainitako solasaldian