Ogasun sailburuak Osasun Ituna Confebaskekin hitzartu du

Ogasun sailburuak Osasun Ituna Confebaskekin hitzartu du –

Irailaren hasieran itxuraz loturarik ez zuten bi albisteren berri izan genuen: ELA ez zen joan Osasun Itunaren inguruko deialdira eta biharamonean Noël D’Anjou Ogasun sailburuak Confebaskekin izan zuen bilera. Antza biek ez zuten zerikusirik; haatik, bien artean harreman kausala dago.
Ogasun sailburuak Osasun Ituna Confebaskekin hitzartu du
Arg: Irekia

Euskal Autonomia Erkidegoak defizit fiskal izugarria pairatzen du. Kapital errentek eta enpresen etekinek oso zerga apalak ordaintzen dituzte, edo bat ere ez; lan errentek osatzen dute sarrera publikoetarako ekarpenik handiena. Presio fiskalari dagokionez Europar Batasuneko batez besteko mailara iritsiko bagina urtean 7.100 milioi euro gehiago bilduko lirateke hemen. Horregatik, euskal osasungintza publikoaren aurrekontuak europarraren aldean duen defizita 2.200tik gora milioi euro dira. EAEko osasungintzako gastu publikoa aurten BPGaren % 5,13ekoa izango da, hots, Europar Batasuneko batez besteko % 8a baino askoz ere apalagoa; areago, espainiar estatukoa baino urriagoa ere bada.

Osakidetzaren aurrekontua ez da inondik ere nahikoa; 2020. urte aurretik bizirauteko gorriak ikusi zituen, baina pandemia hedatzearekin batera zeharo itota geratu zen. Alabaina, Ogasun sailburuak uztailaren 9an 2025erako aurkeztu zituen aurrekontu-gidalerroetan honakoa esaten da hitzez hitz: “Oro har aurrekontuko lantaldea ez da handituko 2024ko abenduaren 31n zegoen lanpostu kopuru osoarekiko”. Hau kaleko hizkuntzara itzuliz gero Osakidetzako lantaldea ez da handituko, eta pairatzen duen aurrekontu defizita murrizteko asmorik ere ez dago. Horregatik, lehendakariak esan du aurrekontuen inguruko eztabaida eta Osasun Itunari buruzkoa bereizi egin behar direla; hark bilatzen duen itunak Osakidetzaren esku “oro har” ez du baliabide gehiago jarri behar. Harrituta gaude ikusirik Legebiltzarreko oposizioak ere eztabaida-marko hau ontzat eman duela.

Aurrekontuak erabakitzerakoan izandako zuhurkeriak eragin du Osakidetzako negoziazio-mahai sektoriala, zeinetan sindikatu guztiok esertzen garen, erabat blokeatuta egotea. Azken urtean 14 aldiz bildu da, baina Osakidetzako arduradunek beren neurriak ezartzen dituzte mahaian aurkeztu ere egin gabe. Azken kasua izan da sendagileen aparteko orduena: Uztailaren 26an Osakidetzak iragarri zuenez jarraibide bat erabaki zuten aparteko orduak sustatzeko, eta ondoko asterako mahaiaren deialdia egin zuen, zertarako eta azaltzeko ordurako Sindikatu Medikuarekin elkar hartuta ezarritakoa zer zen. Iraileko lehen astean berriro egin zen mahaiaren bilera deialdia; Osakidetza ostera ere aparteko orduak sustatzeko borondateari eutsi zion; ez daukate lantaldea handitu eta egonkortzeko asmorik. Haatik, indarrak ahituta dituzten langileek ezin dituzte aparteko orduak sartu, hauek oso ondo ordainduagatik ere: behar dutena bitarteko gehiago dira. Gainera, aparteko orduen kostua handitzen ari da, baina soldatak gero eta urriagoak dira (erosahalmenaren % 20 azken hamar urteotan). Langile eskasia dago, eta lanean ari den jendeari tratu txarra ematen diote; batez ere behin behineko egoeran dagoen %50ari.

Bitarteko gehiagorik ez badago Osakidetzaren ajeei ezin zaie konponbiderik eman. Horregatik, ELAk gizartean ez du nahasmenik eta itxaropen faltsurik piztu nahi. Deigarria da Osasun Ituna deitzea aurrez diskrezioz aztertu gabe ea eragileek parteka dezaketen eztabaidarako marko bat ote dagoen. Nekez hurbilduko dira osasunari buruzko ELAren eta PP ren arteko jarrerak, popularrak austeritatearen, pribatizazioen eta aberatsentzako beherapen fiskalen aitzindari direlarik. Nolatan deitzen gaituzte bilera berera irakurketa eta irtenbide kontrajarriak proposatzen ditugunok? Bada, helburua ez delako ituna bera, argazkia baizik.

Bitartean, benetan axola duten erabakietan gizarteak ezin du parte hartu. Ogasun sailburuak Confebaskekin izan zuen bilera, baina ez zitzaion otu sindikatu nagusia gonbidatzea. Eusko Jaurlaritzaren prentsa-oharraren arabera, bileran aipatu zen puntuetako bat izan zen lantzen ari diren zerga-erreforma; hau enpresen lehiakortasunaren esanetara jartzea adostu zuten. Hots, hitz egindakoa izan zen Osasun ituna finantziatzeko behar diren sarrerak nola murriztu; berriro diot, bilera hori patronalarekin izan zen, eta sindikatuak ez zituzten gonbidatu.

ELA prest dago elkarrizketarako eta akordioetara iristeko. Aurten bertan, esaterako, sindikatuak 100dik gora lan-hitzarmen sinatu ditu, Osakidetzak pribatizatutako anbulantziena barne. Baina osasungintza publikoari buruzko akordioa izango bada lantaldeak handitu behar dira, egonkortu, Osakidetzaren pribatizazioa geldiarazi eta aurreko helburu horiek gauzatzearren osasun publikoa finantziatzeko nahikoa izango den aurrekontua erabaki. ELAk mahai horretan parte hartuko luke eztabaida-markoa aipatu den modukoa balitz, baina Ogasun sailburuaren asmoak ikusirik argi dago ez dela horrela izango. Sailburuak Confebaski agindu dizkion erabaki fiskalak eragotzi diote ELAri Lehendakariak deitutako osasun mahaira joatea.

Ogasun sailburuak Osasun Ituna Confebaskekin hitzartu du  Ogasun sailburuak Osasun Ituna Confebaskekin hitzartu du  Ogasun sailburuak Osasun Ituna Confebaskekin hitzartu du

ELAko euskara arduraduna

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude