Odoletan igerian
Aitona-amonak ikustera joaten ginen, oporrak genituenero. Gasteiztik atera, Leintz-Gatzaga, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, –artean ez zegoen AP1 errepiderik– Zestoara ailegatu arte. Errepide haren bazterretan zeuden pintadetatik, zubietatik zintzilika zeuden pankartetatik, batek deitzen zidan arreta, behin eta berriz. Uda joan eta uda etorri. Beti pintada hura; sorgintzen ninduen, nere haur begietan. Iraetan zen, Urolako trenaren geltoki abandonatuan (modu oso bitxian teilatuko bazter batean arbola bat hazi zen). Horman zegoen margotuta, gorriz, pinturak busti itxura zuen, letretatik behera egiten zuen margo gorriak, odol tanten itxura hartuz, ez dakit nahita ala nahi gabe. Baina nik ez nuen hor jartzen zuena ulertzen. Aldiz, presoen amnistia edo PNV español ziotenak, asko gutxi, ulertzeko modukoak ziren, edo PPren siglak punto-de-mira batean. Horiek bai. 90eko hamarkadako bigarren erdia izango zen. Esandakoa, Iraetako pintada deigarri eta ulergaitz hura tren geltoki zaharrean: “GAL. BAÑOS DE SANGRE”. Ez nuen ulertzen. Ez zer zen GAL, ez, are kezkagarriagoa egiten zitzaidana, aztoragarria benetan, nork nahiko lukeen bainu bat hartu odoletan. Zestoako bainuetxearekin harremandu nuen urte luzez BAÑOS DE SANGRE hura. Osasunerantzako tratementu higuingarri bat-edo. Galdetuko nien halako baten gurasoei, birritan, hirutan, baina metafora horren atzean zegoena ez nuen berehalakoan harrapatu.