Odolaz zipristindu nahian

Odolaz zipristindu nahian –

Bikila: “Sistemarekiko integrazioa bultzatu dutenek, ongi etorriak dira politika instituzionalean. Berriz, EHBildun militatzen dutenei (independentzia eta sozialismoren alde borrokan dutenei) peaje berezi bat ordaintzea eskatzen zaie. Jakina, hain garbi ezin dutenez azaldu, “odolaz zipriztindu izanaz”, azaltzen dute betirako”.

Lerro hauetan azaltzen diren burutazioak hauteskunde kanpainan argitaratzeko tentaldia izan nuen. Haatik, azkenean gerorako uztea erabaki nuen, gaia hotzean aztertzearren. Alabaina, hauteskunde atarian gaude berriro ere, eta EHB ETArekin nahastuko dutelakoan nagoenez, zenbait ohar azaltzea gustatuko litzaidake.

Odolaz zipristindu nahianIzan ere, ETA aspaldi desagertua izan arren eta hilda egonda ere, badirudi, Cid Campeador-ekin bezala, erabilgarria dela gatazka politikorako. Baina, EH Bildu sortu zenean, ETA jada jardueran ez zegoen eta gainera, hiru osagai politiko desberdinekin (Sortu, EA eta Alternatiba) eta dela medio, sortu zen. ETAren jarduerarekiko, azken biak nahiko kritikoak.

Dena ETA zen garaian, jende asko sartu izan zuten kalifikazio horretan eta ondorioz, injustuki zigortu. Egun, nahiz eta akusazio haiek gezurra zirela frogatutzat eman, berriro, ETAkideak izandakoak balira (Teresa Toda, adibide, bere bizitza guztian borrokarako tresnatzat luma edo ordenagailua beste ezer erabili ez duena) kalifikatu dituzte, eskrupulorik gabe. Horrez gainera, ETAkide ohiei ere, beren zigorra beteta eta legalki politikan aritzeko oztoporik ez izan arren, politikan aritzeko zilegitasuna ukatzen diete.

Erreinsertzioa hitz edo kontzeptuaz ahoa betetzen duten horiek, horretan sinesten ez dutela erakusten ari dira. Hau da, badirudi behin terrorista izateagatik zigortuak izan zirenak, betirako gaitzetsiak izan behar dutela, baldin eta beraiek jarritako parametro batzuetara egokitzen ez badira. ETAkide ohia PSE-EEan edo PP-n egongo balitz, onargarria litzateke, baina ETAkide ohia EHBildun jarduten badu, berriz, gaitzesgarria. Euren ustetan, ez baita damutu egindakoaz. Aita Santuak Goñiko Teodosiori beren bekatuaz damutzeko Aralar mendian kateatuta bizitzea zigortua nola, hala, amai gabeko mea-kulpaz belauniko errezitatzea eskatuko diete batzuei.

Alperrik da argitzea munduan zehar borroka armatuan edo terrorismoan aritutako politiko askok, geroago institutuetan aritu izan direla. Alpergarria da ere batzuk beren herritarren onespenarekin Estatu-buruak bilakatu direla esatea. Adibidez, hor ditugu egun parlamentari, alkate edo zinegotzi diren, eta terroristak izandako Ipar Irlandako errepublikano eta unionistak. Hor ditugu ere Israelgo bi politikari garrantzitsuak (Isaak Rabin eta Menagen Begin, Hagana-koa lehena eta Irgun-ekoa bigarrena, horien artean), edo ziurrenik internazionalki laudatuen izan den Nelson Mandela. Eta noski, Espainiako estatuan, diktatura kriminalaren ministroa izandako Fraga Iribarne. Ez hain laudatua, baina bai onartua. Ordea, Espainia delakoan, aberriaren defendatzailearentzat, barkamen eta ulermena da dena. Aldiz, besteentzat, “etsaientzat” (hala baitira kontsideratuak), gorrotoa eta gaitsezpena. Espetxe-politika aztertzea nahikoa zaigu mendeku politikoa zer den ulertzeko. 

Zer esan dezakegu ETArekin zer ikusirik izan duten, baina sistemaren altzoan babestu direnen hainbat eta hainbaten inguruan? Hor ditugu hain laudatua izan ziren Mario Onaindia edo Teo Uriarte. Bere garaian biak terroristatzat konsideratuak (biek hala biek, Amnistiaren legea zela medio libre geratu, baina odolez zipriztinduta omen zeudenez, atzerrira extraditatu-kanporatuak eta herri mobilizazioei esker itzuli zirenak). ETAko militantea izandako Andoni Unzalu, duela gutxi arte esatari, eta PSOE-PSEko buruzagi eta parlamentaria izandakoa. Baita PNVko Jose Antonio Urbiola, Joxe Manuel Bujanda eta Iñaki Gurrutxaga (Goiaren kabinete burua hil arte) eta ezagutzen ez ditudan gehiago. PNVk jada ez du gogoratzen EGIko bi gazte (Artaso eta Azurmendi) zeramatzaten lehergailuaren eztandak hil zituela. 

Ezin ahaztu Zumalde El Cabra, ETAn ibilitako pertsonai mitiko eta militaristena, PNVren onespenarekin Berrozi taldea antolatzen ibili zena. Podemosen lerroetan ikusi dugu ETA-PM ohia den Jose Ramon Arrieta senadorea. Noski, PPn aurkitzen dira ere: hor ditugu, besteak beste, Mikel Azurmendi eta Jon Juaristi. Horiek guztiak beso zabalik onartuak izan ziren eta eredugarriak bihurtu.

Zein da kontua, orduan? Bada, batzuk ETA uztean sistemaren altzoan babestu zirenak, horrek suposatzen duenarekin, barkatuak ez ezik, onartuak izan zirela. Besteak, berriz, ez. Zergatik? Nahiz eta borroka armatua baztertu egin izana, beren burua iraultzaile, alternatibo, ezkerreko abertzale edo gutxien, 78ko erregimenaren kontrariotzat izaten jarraitzen dutelako.

Nik uste hor dagoela gakoa. Alegia, sistemarekiko integrazioa bultzatu dutenek, ongi etorriak dira politika instituzionalean. Berriz, EHBildun militatzen dutenei (independentzia eta sozialismoren alde borrokan dutenei) peaje berezi bat ordaintzea eskatzen zaie. Jakina, hain garbi ezin dutenez azaldu, “odolaz zipriztindu izanaz”, azaltzen dute betirako. 

Gauzak garbi, EHBilduren barruan militatzen dugun denok, modu batean edo bestean, iskin egin diogu biolentzia politikoari. Jakina,  biolentziarekin erasotzen ez diguten bitartean (esate baterako, faxistek edo erasotzaile matxistak). Izan ere, langile mugimendutik hasi, eta feminismoarekin jarraituz, denok dugu autodefentsarako eskubidea, modu proportzionalean bada, bederen. Aldiz, botereaz baliatzen diren partidu politiko guztiak, estatua eta kapitala defendatzeko biolentzia erabili izan dute eta erabiltzen dute oraindik ere. Jakina, hori legala eta konstituzionala da.

Oharra: nahaste-borraste honi buruz argitasun pixka bat eman zigun (zendu berri dugun) Joan Mari Irigoienek. Bere omenez, honera ekarri nahi ditut berak asmatutako hitz joko hauek: Potronides ETAri buruz, eta Poltronides gainontzekoei buruz. Potronides desagertu da, baina Poltronides bere aniztasunean hor dirau, Potronides-en errapetatik zukua ateraz.

Odolaz zipristindu nahian Odolaz zipristindu nahian

Oreretarra. Idazlea eta politikaria. Alternatiba alderdiko kidea.