Odola atera bitartean
Odola atera bitartean –
Erizainak, gaur goizean, nire besoko zainei eskuarekin kolpetxoak eman bitartean:
-Ezin zure zainak azkar esnarazi. Oso zain lotsatiak dituzu.
Orotarikoan ikusi dut “zain hileko” pertsona apatikoa dela, flojoa.
Baina zainari berari, orratza sartu ahal izateko moduan nabarmentzea zaila zaiolarik, “lotsati” deitzea, ez nuen ezagutzen, yonkien garaikoa naizen arren. Ezta ere zain lotsatiak lortzen ez duen nabarmentze horri “azkar esnatzea” deitzea. Bizirik dago gure hizkuntza, nahiz eta gero eta maizago behar dituen txute gogorrak.
Gaur arte, oroimenak ez badit huts egiten, gaztelaniaz atera didate beti odola, eta ez dut gogoratzen “tienes venas tímidas, de despertar difícil” bezalakorik.
Beste hizkuntza baten eragina egon daiteke beharbada “zain lotsati” horretan, baina itxura handiagoa du euskal hiztunen asmamen autonomoaren fruituarena.
Odola atera bitartean