Obamaren kanpaina mintzagai Kursaalean, Ekainaren 2an

090522_obama_OBAMAREN_KANPAINA_MINTZAGAI_KURSAALEAN
cc-by. cfishy. Flickr.

‘Vote for Change’ izan zen Barack Obamaren kanpainako esloganetako bat, ‘Yes, we can’ famatuarekin batera. Eta hautesleek aldaketa bozkatu zuten, bai, baina ez politikoa solik. Internet eta Web 2.o tresnen erabileraren eredu bilakatu da AEBko presidentearen komunikazio kanpaina. Politika 2.0ren hasiera.

Rafah Harfoush kanadiar gaztea, komunikabide berrietan aditua, izan zen Interneteko estrategia berritzaile hori landu zuenetako bat eta arrakastaren gakoak kontatuko ditu Donostiako Kursaalean, datorren Asteartean -Ekainak 2- izango den hitzaldian.

Pasa den astean Bartzelonako BDigital kongresuan hartu zuen parte. Bertan, Twitter, Facebook eta MySpace bezalako sare sozialen bidez, herritarren inplikazioa lortzeraren garrantzia azpimarratu zuen Harfoushek.

“Ez genuen prentsa lokalaren beharrik , bideo bat webera igo eta miloika pertsonentzat zegoen ikusgai”, aipatu zuen. Hala ere, garrantzitsuena kalera irten eta jendea entzutea dela dio, Web 2.0 tresna guzti hauen atzean pertsonen arteko harremana baitago.

Obamaren arrakasta ikusita,  EAEko hauteskundeetan eman ziren euskal 2.0 politikaren lehen urratsak. Patxi Lopezek gogoz erabili zituen sare sozialak eta bere blog pertsonala idazten jarraitzen du. Izaskun Bilbao Europar Parlamenturako EAJko hautagaiak ireki berri du berea kanpaina egiteko. Politika 2.0 bezalako ekimenak ere sortu dira eta atzo bertan txundituta utzi gintuen grebaorokorra.info webguneak aipamen berezia merezi du.

Beraz, modelo hori gurera ekarri daitekeela ez dago zalantzarik, baina bi gomendio egiten ditu Harfoushek. “Jendea dagoen tokian egon, eta entzun”.

Enpresa multinazionaletan lanean aritutakoa da Harfoush eta ‘Wikinomics: How Mass Collaboration Changes Everything’ best-sellerraren egileetako bat. ‘Yes, we did’, Obamaren kanpainaren inguruko liburua argitaratu berri du.

Hitzaldira joateko gonbiteak hemen eskura ditzakezu.

[@mrlasa] Komunikazioa da nire mundua eta horretan egiten dut lan, Donostian, azken boladan. Estrategia, marka, komunikazio politikoa, kultura. Interneten ere hainbat saltsatan ibili naiz (nabil), besteak beste, Zuzeu honen sorreran.

Zer duzu buruan “Obamaren kanpaina mintzagai Kursaalean, Ekainaren 2an”-ri buruz

  • Iual patxi lopezen kaiman irletako orria egin zuenak ere hitzegin dezake…