Nork esan du Olentzero soilik gizona izan daitekeela?
Nork esan du Olentzero soilik gizona izan daitekeela?
Euskal Herriko tradizioan Olentzero nola irudikatu izan den agertu du Kattalin Agerrek Dantzan.eus atarian, “Horra, horra gure Olentzero!”, historian zehar ezagutu ahal izan ditugun eredu batzuei erreparatuta.
“Nork esan du Olentzero soilik gizona izan daitekeela? Zergatik utzi behar dugu emakumea Mari-Domingiri eman diogun laguntzailearen bigarren plano horretan eta ez da izanen emaztea Olentzero bera?” Galdera horiekin plazaratu zuten orain bi urte Iruñean emakume Olentzeroa Duguna dantza taldeko kideek.
Asmatu zezaketen, baina ez zuten asmatu beharrik izan. Tradizioan ere Olentzeroa emakume edo emakumea Olentzero izan baita.
Leitzan adibidez. Haien blogean beren esperientziaren berri eman izan dute Dugunakoek eta Altzadi Leitzako Kultur Elkarteko kide den Fernando Oiartzun-ek erantzun interesgarria utzi die berriki, bertan.
Honela dio Fernando Oiartzun-ek Leitzako Orantzaroari buruz:
“Gure herrian, Leitzan, diozuen bezala aberastasun handia zegoen irudikapenari dagokionez eta baita suaren erabilerari dagokionez. Gaia sakonki aztertu dugu: JM Barandiaran 1920. urtean Leitzan izan zen eta jaso zuen Leitzan leiho edo balkoian paratzen zela Orantzaroa galtzaz edo gonaz jantzitako panpin baten bidez, hori guzia Orantzaroa irudikatzeko. Guk etxean ere horrela jaso genuen eta herrian elkarrizketatutako jende zahar askok eman digu horren berri.”
Gaur egun Olentzero gizonezko eta ikazkin bezala soilik irudikatzen bada ere, garai bateko Olentzero emakumezko zein gizonezko itxurakoa izan zitekeen eta eginkizun ezberdinetan irudikatzen zuten:
Txistularia, arrantzalea, artzaina, ehiztaria, jostuna, sorgina edo ezpata-dantzaria. Horixe da adibidez Zumaiako Gomezago-ren kasua. Arrantzale tankeran agertu izan den pertsonaia hori Olentzeroren beste aldaera bat baino ez dela argitu baitzuen Xabier Etxabek.
Izan ere, ez baitago Olentzero irudikatzeko eredu bakarra. Leitzan, Lesakan, Oiartzunen, Donostian edo Zarautzen, izena aldatzen duen bezala (Orantzaro, Olentzero, Orantzago, Gomezago, Onentzaro…) ezaugarri berezi eta berezkoak ere izaten ditu Olentzerok.
Garai bateko argazki eta irudietan ere tankera oso desberdinekin ageri zaigu Olentzero. Adibidez, Donostian 1931an ateratako Olentzero hau ile luze horiarekin ageri da:
.
Beste Olentzero hau, Oiartzungo ume talde batek egindakoa da XX. mende hasieran. Traje eta korbataz jantzitako beste Olentzero hau Leitzan egindakoa da, XX. mende hasieran.
.
Gaur egungo eredua
1950. hamarkadaren amaieran, Lesakako ikazkinaren eredua hartuta, Olentzeroren kabalkada antolatu zuen San Antonioren gazteriak Iruñean. Ondoren, 60ko hamarkadan, Ikastolen elkarteak herriz herri zabaldu zuen Olentzero eredu hori.
Azken hamarkadetan Olentzero ikazkinaren transformazio prozesua etengabe ikusten joan gara. Pertsonaia zarpail, zikin eta desatsegina izatetik, Santa Klaus txapelduna izatera pasa da Olentzero: pertsonaia bigun, politikoki zuzen eta ekonomikoki salgarria.
Zuzentasun politiko horretan azken urratsa, Olentzerori bikotea bilatzea, Mari Domingiren asmakuntza, alegia. Genero estereotipoak eta bikote eredu tradizionala irudikatzen dute orain Olentzerok eta Mari Domingik. Merkataritzak eta komunikabideek saldu nahi dutenaren kontrara, Olentzero emakume, gizonezko edo sexu jakinik gabeko pertsonaia izan daitekeela frogatzen du Leitzako Orantzaroak.
Olentzero irudikatzeko modu bakarra ez dago. Ez ofizioz, ez itxuraz, ez generoz. Olentzero asmatzen dugun modukoa izango da aldi bakoitzean. Ez beti ikazkin, ez beti gizonezko. Espero dezagun emakume eta queer Olentzero gehiago ikustea gure karriketan aurtengo eguberrietan.
.
Gure herrian ez da Olentzero bakarra ateratzen kalera, dozenaka batzuk baizik, gehienak lastoz betetako buzo urdin eta zakuekin eginak, etxez etxe kantuan ibiltzeko. Jakina, denak gizon tankerakoak.