Nork erre nahi ditu hondakinak? (13)

«Merkatu berrietara eta tamaina handiagoko proiektuetara» iristeko xedea aitortu zioten, aurkeztu zuten egunean, korporazio berriari. «Korporazio teknologiko diziplinartekoa, pribatua eta independentea da, inguru ekonomikoaren eta sozialaren garapenari laguntzea helburu duena, berrikuntza teknologikoa erabiliz eta sustatuz». Abiapuntu hain malguarekin, esan liteke Tecnaliak ez duela mugarik: dirua eman lezakeen orotan ditu ikerketa lerroak zabalik(64). Hartara, ez da harritzekoa hiri hondakinak «aprobetxatu/berrerabili eta balioztatzeko» lerro bat edukitzea korporazioaren barruan; are normalagoa da, aintzat hartzen bada Labein zementu enpresen ekimenez sortu zela —Nicolas Gaminde izan zen, bolada batez, bai Labein, bai Tecnaliako presidente—.

Baina ez da aski. Biomasari buruz ere lan egiten du Tecnaliak. Eta aldaketa klimatikoan eta iraunkortasunean. Eta efizientzia energetikoan. Eta energiaren kudeaketan. Eta beste hamaika esparrutan. 2009ko martxoan zabaldu zuenez, esaterako, «jakien industriako soberakinak» erabiliz biogasa sortzeko proiektu batean buru-belarri ari da Tecnalia. Derion (Bizkaia) probatzen ari ziren biogas planta horrek digestio anaerobioa erabiltzen du, metano gas ugariko biogas bat lortzeko eta, horrekin, energia elektriko eta termikoa sortzeko. Prozesu horretan jakien industriako zein soberakin erabiltzen dituzten ere azaldu zuen Tecnaliak: araztegietako lohiak, abereen  kakak, fruta eta barazki merkatuetako soberakinak, laktoseruma, arrantzako soberakinak eta akuikulturan hildako arrainak, besteak beste. «Biogas plantarekin, hondakin organikoek ingurumenean sortzen duten eragina gutxitzea posible da», zehaztu zuen Tecnaliak; «negutegi efektuko gasen isurketak murrizten dira, usainak nabarmen gutxitzen dira eta hondakinen azken balioa hobetu egiten da. Ondorioz, ingurumen eta gizarte eskakizunetara molda daiteke industria». Tecnaliak, bistan da, begi onez jotzen du hondakinak erraustea.

Aipatutakoez gainera, Tecnaliak badu «ingurumen industria» izeneko atal berezi bat. Plastikoak berreskuratzeko, hondakinak lehengai bilakatzeko, hondakin organikoak desegiteko, «balioztatze energetikorako», «hondakin organikoekin energia berriztagarriak sortzeko», prozesu termikoetan sortutako CO2 gutxitzeko, lohiak tratatzeko eta jakien industria sektoreko hondakinak berreskuratzeko teknologiak garatzen dihardu atal horretan. Ikusten denez, badago hondakinak non aprobetxatua, beti egin den bezala zerrietara bota edo konposta egin gabe ere. Ondorioa argia da: errentagarriagoa da argindarra sortzea, zerriak haztea baino, argindarra jan ezin bada ere.

Tecnalia ez da zerrendatutako esparruetara mugatzen: zementuaren, etxeak eraikitzeko teknologia berrien, informazio eta komunikazio teknologien, hegazkinen, ingurumenaren… esparruan irekiak ditu ikerketa eta negozio lerroak. Tecnaliako kide dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nor diren enpresa gehienak, eta baita instituzioak ere. Hor daude, esaterako: Cementos Lemona, Cementos Rezola, Iberdrola, Idom, Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoa, Eusko Jaurlaritzako sail batzuk, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak… Gipuzkoako Foru Aldundiak Tecnaliari emandako diruekin finantzatzen dira, adibiderako, zementu industriarentzako ikerketa eta berrikuntza proiektu zenbait. Dena kutsatzen da: inoiz frogatuko balitz hondakinak erraustea arriskutsua izateaz gain kaltegarri ere badela… zer egingo luke foru aldundiak? Diru laguntzak kendu eta kontratuak ukatuko lizkioke Tecnaliari?

Ikerketa eta garapenari eta jakintzaren industriari ematen zaie, orain, salbazioaren giltza. Krisialdiko portutik irteteko ontzi berria ei dira, eta Tecnalia da itsasontzi horren motorretako bat. Izan ere, teknologiaren bidez arazo guztiak konponduko diren ustea dute ingeniariek: amildegia dagoen tokian porlana bota eta zubia egitea bezain erraza da. Teknologia bedeinkatu hori izango da, egunen batean, zabor nuklearra bera ere desegiteko gai izango dena.

Josu Jon Imazek 2009an Donostian eman zuen hitzaldian, aldareraino goratu zuen teknologia:

“Uste duzue ikatzaren erabilera jaitsi dela, bukatu egin delako? Ez, noski. Jaitsi da beste teknologia lehiakorrago batzuek ordeztu dutelako. Yamani jekeak ?ministroa zen Saudi Arabian? esan zuen: «Harri Aroa ez zen amaitu harriak bukatzearekin; petrolioaren aroa ere ez da bukatuko petrolioa bukatzearekin». Gauzak ez dira bukatzen agortzen direlako. Gertatzen dena da teknologia jakin batzuk lehiakorrago bihurtzen direla eta ordeztu egiten dituztela beste teknologia batzuk. Energia garapenaren gakoa teknologiaren eboluzioan dago, zeina berrikuntzak laguntzen baitu. Logikoki, berrikuntzari lagundu behar zaio, sariekin, tarifa bereziekin, eta fiskalitatearekin. Egungo teknologiak ordezkatzeko, berrikuntza teknologikoa sustatu behar da, eta hor fiskalitateak leku garrantzitsua izan dezake.

Teknologiek, garatzeko, egonkortasun politikoa behar dutela, laguntza jarraitua, nabarmendu zuen Imazek. Teknologia, izan ere, ongiaren eta gaizkiaren gainetik dago. «Boluntarismo gutxiago eta teknologia gehiago», sententziatu zuen Imazek: «Demokrazia gutxiengoen eta gehiengoen jokoa da; zilegi da, baina ezin dugu administrazio aldaketen mende egon… Horrek ez du garapen teknologikoa laguntzen».

Errauste plantek «puntako teknologia» izango dutela saldu ohi dute eraikitzen dituzten administrazioek, eta gero ezbeharrak gertatzen dira, 2009an Zabalgarbin bezala. Horrekin parrez par, atez ateko hondakinen bilketa sustatzen dutenek maiz aldarrikatu dute herritarrak direla hondakinen kudeaketarako «teknologia onena». Aipua ez da doakoa. Jorge Sendagorta Senerko buruak 2008ko ekainean eman zuen elkarrizketarekin akordatu besterik ez dago: «Konponbidea geneukanez, [Zabalgarbiko] plantaren eraikuntza sustatu genuen». Gauzak modu zentzudun, sinple, erraz, arrazoitu eta naturalean egiteak baino gehiago balio du —hau da, diru gehiago sortzen du— gauzak modu konplexu, kutsatzaile, arriskutsu eta garestian egiteak. Teknologiak dena konponduko du, teknologiak dena konplikatu ostean.

Baina, endogamiara itzuliz, besoko ileak lazten dituena, zera da: Zabalgarbiko plantaren ingurumen baimen bateratuaren jarraipena ere etxeko morroiak egiten duela: Tecnaliak, alegia.

————————-

(64) Industriak sortu, eta industria sektoreak zerbitzatzea helburu badu ere, finantzaketaren %46 inguru publikoa izan zuen, 2008an, Tecnaliak.

Orain arte argitaraturiko guztia irakurtzeko, erraustu.wordpress.com

Tecnaliaren adarra ukitzen du gaur artikuluak

Irudia | Tecnaliaren adarra ukitzen du gaur artikuluak | Tecnalia | LGPL

http://credit-n.ru/zaymyi-next.html http://credit-n.ru/zaymyi-next.html http://credit-n.ru/zaymyi-next.html http://credit-n.ru/zaymyi-next.html