Nork ebaluatzen du azterketa orria?

Nork ebaluatzen du azterketa orria? –

Estitxu Eizagirrek, Argia aldizkariko Gaitzerdi blogean.

Azterketak dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxillergoan ebaluazioaren oinarria. Gaur ez nator mundua aldatzearekin amestera, ez nator “azterketak ez du ikasleak dakiena islatzen” predikatzera.

Hel diezaiogun zezenari adarretik, edo azterketari boligrafo gorritik. Gurasoaren lekutik idazten dut: ziento bat azterketa egin izango genituen gure ikasle garaian eta orain etxean ikusten dugu ikaslea ekinean. Helduen begirada dugu eta eskolako bileretan irakasleekin enpatizatzen eta haien aldea ulertzen saiatzen gara. Eta horrekin denarekin, ba porrusalda egiten dugu afal garaian mahaira ateratzen diren “ez dago eskubiderik” eta “nola liteke”ak liseritzen laguntzeko.

Nork ebaluatzen du azterketa orria?Irakasleei porrusalda hau irensgarri gerta dakien, adierazi nahi dut ikastetxera edozein galdera, kezka edo iradokizunekin jo dudanean erantzun oso ona jaso dudala: momentuan bertan eta prestutasun osoz eman dizkidate argibideak edo materialak. Alde biko enpatiatik joan gara elkartzen gaituen ikasleari laguntzen, bidean izan dituen oztopoetan. Esan gabe doa, etxean ikasleen “ufa” eta “aiene”ei leku egiteak ez duela esan nahi haien kexa denak konstituzioko artikulu bihurtzen direnik. Baina bai, aizue, ikasleek haien adin labur edo gaztean, oso zentzuzko gauzak ere esaten dituzte, eta haiek parte diren ikaskuntza prozesua interpretatzeko eta korapiloak non diren adierazteko gaitasun zorrotza dute, baita ekarpenak egitekoa ere. Haiei entzunda, hauxe nire ondorioa: beti ez direla azterketa bat gainditzeko bermatu behar diren gutxieneko baldintza hauek betetzen:

Azterketan zehazki zer sartzen den eta zer ez jakitea. Azterketan galdetzen den edukia ikasle denen etxeetara iritsi izana. Azterketan galdetzen dena klasean ulertzeko moduan eta behar den denbora eskainita azaldu izana (positiboan jarrita ez ulertzeko tarte zabalegia utzi dut, ezta? Negatiboan: “Klaseko azken hamar minututan azkar azaldu eta galderei ez erantzutea”). Azterketan jartzen diren ariketak edo egin beharreko lanak (testu iruzkinak, x mailako ariketa matematikoak…) aurrez klasean egin eta zuzendu izana. Azterketa irakurtzean ikasleari sortzen zaizkion galderak argitzea (zergatik ez da bermatu behar ikasleak azterketan eskatzen dena zer den ulertzen duela? Zergatik eman behar da egintzat azterketa idatzita dagoen moduak ez duela dudarik sortuko?). Azterketa esleitu zaion denbora horretan egingarria izatea (kaixo filosofiako irakasleak). Azterketan galdetzen dena gai horretan esanguratsua izatea (kaixo urte asko gauza bera ematen eta beti garrantzitsuena galdetzeaz nekatu zareten irakasleak).

Hainbeste urte daramatza hezkuntzak ikasleak etengabe ebaluatzen, eta oraindik ez du ikaskuntza prozesuaren parte diren kide guztien ikuspegia integratu ebaluazio bakoitzean. Eta hori ezinbesteko baldintza da azterketaren beraren emaitzak ulertu ahal izateko: zer gertatu da azterketa horretan, eta zer gertatu da azterketa horretara iritsi bitarteko ikaskuntza prozesuan, ikasgai horretan eta talde horretan? Prozesu baten parte diren kide guztien ikuspegia jaso behar du ebaluazioak; ongi ebaluatzeko eta hobetzeko modu bakarra da. Hor aurkituko ditugu ikasgai batean pilatu diren “nota txarren” erantzunak, eta ikasle zein gurasoei hitza emanda aurkituko ditugu, horiek esango dute zer falta izan zaien, zer zailtasun topatu dituzten bidean. Baina nola egiten da hori? Nola egiten da prozesua bera eraikitzailea izan dadin? Nola egiten da ikasle eta gurasoen ikuspegia ez dadin “kritika erasokor”, “kexa”, “irakaslearen aurkako epai” bihurtu? Prozesuan zehar izan behar dute parte-hartze antolatua partaide guztiek, prozesuari berari buruzko gogoetak eta ekarpenak egiteko, prozesua garaiz aldatzen joateko. Azterketa egin ostean hitz egiten hastea, alferrik eta mingarri da, denentzat. Baita ikaskuntza prozesuari buruzko bere ikuspegi eta bizipenak ixildu eta aldi berean “gehiago saiatu behar du”, “gabeziak ditu”, entzun behar duten ikasleentzat ere.

Nork ebaluatzen du azterketa orria?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude